Jokin Uranga nagusi GPuntuaren Elgoibarko saioan

Uztarria.eus 2011ko urr. 3a, 21:10

Urangak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetarako txartela lortu du

Larunbatean Elgoibarren jokatu zen saioan 493 puntu lortu zituen azpeitiarrak

Jokin Uranga bertsolari azpeitiarrak ere Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetara sailkatzea lortu du. Joan den larunbatean (urriak 1) jokatu zen GPuntuaren final-zortzirena Elgoibarren eta Uranga nagusitu zen saioan. 493 puntu lortu zituen azpeitiarrak eta haren segidan sailkatu zen Unai Gaztelumendi, 460,5 punturekin.

Aurreko asteburuan Benat Lizasok ere final-laurdenetara sailkatzea lortu zuen Lazkaon. Nagusi izan zen saioan eta 480,5 puntu lortu zituen. Urko Egañak igande honetan, urriaren 9an, jokatuko du final-zortzirena Irunen. Amaia antzokian, 17:30ean hasiko da saioa. Egañarekin batera, ondorengo bertsolariek abestuko dute Irungo saioan: Iñaki Zelaiak, Alaia Martinek, Haritz Casabalek, Manex Mujikak eta Asier Sasietak.

Final-laurdenak

Jokin Urangak Azpeitian jokatuko du final-laurdenetako saioa. Azaroaren 6an izango da hori, Izarraitz pilotalekuan. Beñat Lizasok, aldiz, Oñatin izango du hurrengo saioa, urriaren 22an.

Erniarraitz Elkarteko bertsolariak

Uda aurretik abiatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta ordutik Erniarraitz Bertsozale Elkarteko zazpi lagun hasi ziren G puntuaren bila. Hasierako sailkatze fasean Joseba Andoni Agirrek, Urko Egañak, Nekane Zinkunegik, Jokin Urangak, Eneritz Arzallusek, Beñat Lizasok eta Josu Oiartzabal Xenpelar -ek hartu zuten parte. Haritz Etxeberria Ministro herriko bertsolarien jarraipena egiten ari da lapikue.net webgunean.

Txapelketaren inguruko informazio gehiago gpuntua.com webgunean.