Gipuzkoako emakumeen ahotsak, Victoria Eugenia antzokian

Uztarria.eus 2011ko urr. 5a, 13:10

Hainbat azpeitiar ibili da Amantalaren ahotsak ekitaldia antolatzen

Hilaren 7an, ostiralean, izango da 20:00etan hasita, Donostiako Victoria Eugenia antzokian

Aurtengo uztailean gerra hasi zela 75 urte bete dira. Horren harira, urte haietan bizitakoa emakumeen begietatik kontatzeko asmoz, ekitaldia antolatu du euskalgintzan-eta lanean dabilen hainbat pertsonak. Ekitaldian Gipuzkoako eskualde guztietako emakumeen ahotsak entzun ahal izango dira, kultur arloko hainbat pertsonek osatutako ikuskizunarekin batera.

Amantala Kultur Elkartea sortu dute ekitaldia antolatzeko, eta azpeitiar bat baino gehiago ibili da antolakuntzan. Hala nola, Alaitz Olaizola antzerkigileak eta aktoreak ekitaldiko gidoia eta sketch-ak idazten kolaboratu du, Ainitze Oruesagasti ekitaldiaren antolakuntzan ibili da, eta Haizea Odria bideoak egiteaz arduratu da.

Ekitaldian emakume desberdinek kontatutako pasadizo edo pasarteak jarriko dituzte bideoan, izatez azkoitiarra den, baina Azpeitian bizi den emakume baten ahotsa entzuteko parada izango dute bertaratzen direnek. Hain zuzen, BegoƱa Gabilondoren pasadizoak entzun ahal izango dira ostiraleko ekitaldian.

Ekitaldiaz zenbait datu

Ekitaldia Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da hilaren 7an, ostiralean, 20:00etan hasita. Besteak beste, bertsoz, dantzaz, kantaz, musikaz, antzerkiz... osatuta egongo da ekitaldia. Gainera, antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldia ostiralean soilik egingo dute. Hau da, ez da berriro egingo.

Sarrerak, salgai daude jada Victoria Eugenian, Printzipal Antzokian eta donostiako kultura webgunean.