Hondakinen kudeaketa aldatzearen alde agertu da Bildu

Urola Kostako Hitza | Hirigintza | Artikulua
2011-10-07 16:10

Europako zuzentarauaren arabera, Gipuzkoan zabortegiak epe motzean itxi beharko direla diote

Zaborra erraustea ez dela alternatiba uste dute

Azpeitiko Bilduk hiri "hondakinen kudeaketa zaharkitutik zero zabor politikara" pasatu beharra dagoela adierazi du idatzi baten bidez. Hiri hondakinen zatirik handiena birziklagarria den arren, "urteetan egindako kudeaketaren ondorioz", atal birziklagarri horiek zulo batean "alferrik galdu" direla uste dute.

Europako zuzentaraua eta hondakinen inguruko lege berria gogoratu dituzte, eta horien arabera gaur egungo zabortegiak "legez kanpokoak" direla jakinarazi: "Lehenik zaborra murriztu, gero berrerabili, ondoren birziklatu, jarraian balorazio energetikoa egin (horretarako askotariko sistemak daude) eta azkenik desagerrarazi". Arau horietan jasotakoa kontutan hartuz, uste dute lan asko dagoela egiteko azken tratamenduraino iritsi aurretik. "Ezin zaio eutsi urteetan aurrera eramandako kudeaketa zaharkituari; eta legediak horrela agintzen du".

Zabor kudeaketarekin amaitu

Gipuzkoan hiri hondakinak botatzeko hiru zabortegi daude martxan gaur egun; Urteta, Sasieta eta Lapatx. "Legediaren arabera, zabortegi horiek denbora laburrean itxi beharrekoak" direla jakinarazi dute, San Marko zabortegiaren moduan. Zabortegietako orain arteko kudeaketa amaitu beharra dagoela ere nabarmendu dute. "Aurreko Udalak 2014. urtera arte luzatu zuen gure herriko zaboregiaren bizia, Lapatxen bizia".

"Errefusa beti egongo da". Hori jakin badakitela diote. "Baina aurretik egiten den lanaren arabera, kopurua handiago edo txikiagoa izango da, eta errefusa horren arrisku maila ere handiagoa edo txikiagoa izango da".

Zaborra erraustea ez dela alternatiba uste dute. "Errausketa prozesuan airera botatzen diren toxikoez gain, labera sartzen denaren %25-30 errauts eta zepa moduan geldituko da, eta zabortegietan ezkutatu beharko da". "Errausketa prozesuan, hiri hondakinak, berez kutsakorrak ez direnak, hondakin arriskutsu bihurtzen dira".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa