Azpeitiko 14 gidarik hartuko dute parte Urrakiko Igoeran

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2011ko urr. 19a, 18:10
Igandean Urrakin ariko diren herriko hainbat gidari eta antolatzaileak, atzoko aurkezpenean. (NEREA URANGA)

Igandean, urriak 23, jokatuko da lasterketa Azpeititik Urrakirako errepidean, goizeko hamarretan hasita

Guztira 78 auto-gidarik eman dute izena

Igandean, urriak 23, Urrakiko Igoera auto lasterketa jokatuko da, 10:00etan hasita. Larunbat arratsaldean parte-hartzaileek azterketak pasatu beharko dituzte. 78 auto gidarik eman dute izena, horietatik 14 Azpeitikoak, aurtengo Gipuzkoako eta Euskadiko mendiko txapelketetako azkenengo probarako. Oraingo hau 29. edizioa du Urrakik.

"Kantitateaz gainera kalitatea" izango du aurtengo probak, Michael Del Cid antolatzaile taldeko kidearen arabera. Garaipena lortzeko hautagaien artean izango dira, besteak beste: Aitor Zabaleta (Lola BMW), Ruben Nogueiras (Silver Car S2), Joseba Iraola (Silver Car S2), Aitor Ramirez (BMW 320ST) eta Iñaki Alberdi (Porsche 911 GT3). Autoen prestakuntzak eta zilindradak kontutan hartuta hamar mailatan jokatuko dira lasterketak. Urrakin maila guztietan izango dira parte-hartzaileak.

Aitor Zabaleta bergararra gaur egun Euskadiko Mendi Txapelketako txapelduna da, eta aurtengo denboraldian ere sailkapeneko lehen postuan dago. Lehen posturako bera da hautagai nagusia. Baina, podiumeko beste postuetarako hautagaiak bat baino gehiago dira, tartean, Pello Eizagirre azpeitiarra; Honek Speed Car 1000 autoarekin irtengo du Urrakin.

Eizagirrerekin batera beste hamahiru azpeitiar gidari izango dira Urrakiko errepidean lehian: Joxe Labaka, Iraitz Orbegozo, Aitor Lazkano, Jon Arregi Lopene, Jokin Aiertza, Felix Astorki, Ander Alberdi, Urtzi Oteiza, Ibon Ibarreta, Ander Alberdi, Arkaitz Ayuso, Gorka Agirretxe eta Iñaki Alberdi. Harrobi bikaina datorrela azaldu du Iñaki Alberdi azpeitiar gidariak, "Joxe Labaka eta ni gara hemen beteranoak, baina oraindik ere borroka egiteko prest gaudenak. Azpeitian zaletasun aldetik datorrena izugarria eta poztekoa da".

Alberdi bera aurreneko postuetarako faboritoetako bat da; bere asmoen berri eman du: "Iaz baino kilometro gehiago egitea espero dut. Aurreko urtean bi kilometro eta erdi besterik ez bainituen egin". Gainontzean, Urrakiko Igoera berak asko gozatzen duen proba bat dela nabarmendu du: "Batez besteko altuak egiten dira Urrakin, ederra eta azkarra da. Ea eguraldi ona egiten duen eta denok ondo pasatzen dugun, gidariok, antolatzaileek eta zaletuek".

Larunbatean, 16:00etatik aurrera, autoen azterketa administratiboak eta teknikoak egingo dituzte epaitegiaren aurreko aparkalekuan. Igandean, berriz, 09:00etan Azpeititik Urrakirako errepidea itxi egingo dute autoentzako eta lehen igoera 10:00etan hasiko da.

Behin lasterketa hasita dagoenean segurtasun neurri guztiak errespetatzeko eta antolatzaileen esanei kasu egiteko eskatu dute lasterketaren antolatzaileak dire Lagun Artea Eskuderiakoek. Zaborrak, berriz, norberak etxera ekartzeko edota proba bukatutakoan errepide bazterrean uzteko eskatu diote zaletuei, "era horretan ibilbidearen garbiketa erraztu egingo digute".

Lasterketaren berri zuzenean Interneten

Lasterketako parte-hartzaileen denborak, Internetez zuzenean jarraitzeko aukera jarriko du Lagun Artea Eskuderiak, www.lagunartea.com webgunean edota www.fotomotor.es webgunean.