Ikasturte berria hasi dela-eta, Esperientzi Eskolak aurkeztu dituzte

Uztarria.eus 2011ko urr. 20a, 14:10
Ezkerretik eskubira, Leire Etxaniz zinegotzia, Edurne Zubia teknikaria, Nieves Gabilondo ikasle-ohia, Vicente Rodriguez Mugabeko kidea, Kontxita Martija zinegotzia eta Baigerako kide bat, aurkezpenean.

Aurten bosgarren aldiz antolatu dituzte Esperientzi eskolak, eta izena eman dutenek ekainera bitartean astean behin izango dituzte tailerrak

Esperientzi Eskolak 50 urtetik gorako pertsonentzat antolatutako eskolak dira

Aurten, bosgarren aldiz antolatu dituzte 50 urtetik gorakoentzako Esperientzi Eskolak, Baigera Jubilatuen Elkarteak eta Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Mugaberekin batera.

Gaur, osteguna, aurkeztu ditute 2011-2012 ikasturteko eskolak Baigera jubilatuen elkarteko kideek, Udaleko ordezkariek eta Mugabeko kideek. Nieves Gabilondo Esperientzia ikasle ohiak esan duenez, "eskola horietan gauza asko ikasten da eta jendearekin harremana egiten da". Gainera, "egiten diren kurtsoak oso interesgarriak dira, eta lantzen diren gaiak ere bai". Gabilondok "aurten ere ilusioarekin" dagoela esan du.

Edurne Zubia Udaleko gizarte-ongizate teknikariak adierazi duenez, "gustura gaude Azpeitian Esperientzia Eskolak edukitzearekin, herri guztietan ez daude-eta, eta onuragarriak direla uste dut". Zubiak erantsi duenez, "harremanak sendotzeko eta elkarlana bultzatzeko balio dute eskolek". Baina, bada "kezkatzen" duen zerbait: "Emakumeak dira beti parte hartzen dutenak. Gizonezko gutxi izaten dira eskoletan. Hori dela-eta, gizonezkoei parte hartzera gonbidatu nahi ditugu".

Vicente Rodriguez Mugabeko kidea ere izan da aurkezpenean, eta "parte hartzaile guztiak zoriondu" ditu.

Ekitaldia bukatzeko joan den ikasturtean Esperientzia Eskoletan parte hartutako kideei diploma bana oparitu diote, oroigarri gisa.

Esperientzi Eskolaz zenbait datu

Esperientzi Eskolak 50 urtetik gorako pertsonentzat antolatutako eskolak dira. Bertan, hainbat gai landu eta ekintza kulturalak egiteaz gainera, proiektu bat guzatzen dute parte hartzaileek.

Urritik ekainera bitartean izaten dira eskolak, astean behin. Eta, bi orduko klaseak jasotzen dituzte. Itxita dago, jada, aurtengo ikasturterako izen emate epea, baina datorren ikasturterako izena eman nahi dutenek ekainetik aurrera izango dute horretarako aukera.