Stephanie Thurman: "Gazteleraz ulertu egiten dut, baina hitz egitea kostatzen zait"

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 20a, 18:10
Stephanie Thurman. (XABIER OTAMENDI)

Boisen jaioa da Thurman, baina Euskal Herrian bizi da azken 24 urteetan; euskara ikastera etorri, eta bertan gelditu zen

Orain ingeles akademia dauka Azpeitian, beste bi lagunekin batera

Stephanie Thurmanek (Boise, AEB, 1967) 24 urte daramatza Euskal Herrian. Izen-abizenak galdetutakoan, bigarrena Gorrotxategi daukala gogoratu du, bere euskaldun jatorria agerian utziz. Euskara ikastera etorri zen, eta bertan gelditu zen bizitzen. Ingeleseko irakaslea da egun, eta gaztelaniaz ez dela oso ongi moldatzen aipatu du.

Euskal jatorrikoa zara, beraz.

Nire aitona euskalduna zen -amaren aita-, baina 14 urte zeuzkanean AEBetara joan zen. Umezurtza zen, eta alde egin zuen umezurtzegitik. Betiko istorioa; itsasontzian sartuta hara iritsi... Sukaldaria zen, eta artzainentzako egiten zuen sukaldean. Aitaren aldetik ere, birramona eta birraitona euskaldunak ziren.

Harremanik izan al duzu Euskal Herriarekin?

Idahon, Boisen, euskaldun asko dago. Euskal Etxea, dantza taldea, taberna, jatetxea eta dena dago. Euskal dantzak ikasten txikitatik hasi nintzen, eta horrela etorri nintzen aurrenengo aldiz hona; dantzako taldearekin, 1985ean, hemezortzi urterekin.

Zer egin zenuten hemen?

Hiru astean ibili ginen hemen, eta dantza erakustaldiak egin genituen. Hango unibertsitatean bada programa bat, euskara ikasteko hona etortzen laguntzen zaituena. Beraz, handik bi urtera euskara ikastera itzuli nintzen.

Nolatan erabaki zenuen euskara ikastea?

Aitita beti euskaraz aritzen zen, eta guk erakusteko eskatzen genion, baina haren buruan zegoenaren arabera, euskara ikasteak ez zuen askorako balio. Beraz, ez zigun erakutsi. Geroago, dantzariekin etorri nintzenean, gustatu egin zitzaidan hau.

Euskara ikastera, beraz, 1987an etorri zinen. Orduan erabaki al zenuen bertan gelditzea?

Bai. Donostian bederatzi hilabete egin nituen, eta ondoren uda hemen pasatzea erabaki nuen. Ikastaro batzuk eskaini nituen orduan. Horren ondoren beste aukera bat suertatu zitzaidan. Nire euskara irakaslea Mikel Morris izan zen, hiztegia egin zuena, eta hark Azpeitian akademia irekitzeko asmoa zeukan. Bertan lan egin nahi al nuen galdetu zidan. Amari deitu, eta beste urtebetean geldituko nintzela esan nion; azkenean 24 urte daramatzat (kar kar). Azken zortzi urteetan Azkoitian bizi naiz.

Gaztelaniaz zer moduz moldatzen zara?

Ulertu guztia egiten dut, baina hitz egitea kostatu egiten zait. Inoiz ez dut hitz egiten; noizean behin gurasoren batekin hemen-edo zerbait konpontzera etortzen direnean... Baina oso gutxi hitz egiten dut. Hori hala, kostatu egiten zait.

Noiz hasi zinen gaztelania ikasten?

DBH eta batxiler garaian hiru urtez ikasi nuen gaztelania, baina gutxi. Donostian bizi nintzenean gehiago hitz egiten nuen, baina behin Azpeitira etorrita... kostatu egiten zait; ez daukat euskaraz dudan etorria.

Zergatik erabaki zenuen zure akademia jartzea?

Morrisekin hasi nintzen, eta denborarekin hari berea erostea erabaki genuen. 1991 aldean hasi nintzen beste birekin, eta duela bost urte egungo hirukoteak heldu genion proiektuari. Helduak eta haurrak ditugu.

Krisia nabaritzen al da?

Krisiak ez gaitu asko ukitu. Izan ere, orain heldu gehiagok ematen dute izena. Jendea langabezian edo lan erregulazio txostenarekin baldin badago, denbora libre gehiago izanda, ingelesa ikasten hasten da.

Gazteak al dira ikasle gehienak?

Bai. Denboraldiak izaten dira. Batzutan jende askok ematen du izena aurrenengo mailan, besteak bigarrengoan apuntatuko dira. Haietatik hasi, eta batxilerreko ikasleak arte izaten ditugu; baita unibertsitateko jendea ere, jakina. Haiek ere, Erasmus bekarekin atzerrira joateko tituluak behar izaten dituzte.

Azpeitiko ingeles maila nolakoa dela esango zenuke? Beste zenbait herrialdetan biztanle gehienek dakite ingelesez, ofiziala ez izan arren.

Bai, hori hala da. Baina Espainiarekin alderatzen baldin baduzu, adibidez, hobeto dago. Europako zenbait herrialderekin alderatuta, maila baxuagoa da, baina azken hogei urte hauetan asko hobetu da ingeles maila. Lehen jende oso gutxik zekien ingelesez. Donostian hoteletan, adibidez, zorteduna ingelesez zekien norbait topatuz gero; orain, ia denetan aurkitzen da. Alabarekin ingelesez hitz egiten dut, eta entzuten gaituztenean ez garela hemen bizi uste dute askok. Hortaz, igelesez hitz egiten digute aurrena. Orduan konturatzen zara dendetan eta, maila oso altuan ez bada ere, ingelesez moldatzen dela jendea. Hala ere ez da iparraldeko herrialdeetan bezala izaten hemen. Ingelesa asko ikasten dute han, eta filmen kasuan, adibidez, jatorrizko bertsioan ikusten dituzte, azpidatziekin. Hemen ez dago horrela ipinita, baina ez nuke esango maila txarra dagoenik.

Ongi integratu al zara Euskal Herrian? Ezagutza ere bazeneukan, eta horrek ere lagunduko zuen.

Egia esan, Azpeitia nahiko herri itxia da. Gero eta gutxiago, hori bai. Gazteak askoz irekiago dira, baina nire adinekoak... Isilkorrak dira azpeitiarrak. Donostiatik Azpeitiara heldutakoan antzeman nuen. Kostaldean beti irekiagoak izaten dira biztanleak. Antzeman nuen zaila zela hemen behintzat jendea ezagutzea, baina behin ezagututa, nahiko irekiak direla esan behar da.

Boise eta Azpeitiaren inguruan antzekotasunik ikusten al duzu?

Boise ez da leku industriala, eta pentsatzeko eran antzematen da hori; hala uste dut. Inguru hau industrialagoa da, eta hemengo pentsakera edo portaera horren araberakoa dela esango nuke. Han jende gehiagok egiten du lan arlo publikoan. Hemen industrian lan asko egiten denez, bestelakoa da pentsakera.

Kulturari dagokionean, alde handia al dago?

Hemengo ohiturak hemengo ohiturak dira. Han hainbeste kultura daudenez, bakoitzak berea egiten du. Hemen gehiago esaten da hori ez da egiten!. Gero eta jatorri gehiagoko jendea dago hemen, baina kultura bakarrak du indarra. Han denetarik dago.

Indar handia al daukate euskaldunek han?

Bai. Euskaldun jatorrikoa ez izan arren, ezagutzen dute euskal kultura. Festa zale fama daukate. Bost urtean behin euskal festa handi bat egiten da, eta urtero festa txikiago bat.