Pilotak aukeratuta, jokatzea bakarrik falta

Uztarria.eus 2011ko urr. 21a, 11:10

Herenegun aukeratu zituzten pilotak erremonteko Oriamendi Orona Promozio Torneoko bikote finalistek

Zulaika eta Zubizarretak pilota pisutsu eta geldo samarrak aukeratu zituzten; aldiz, Agirrezabalak eta Matxin VI-.ak pilota bizien aldeko hautua egin zuten

Bihar, zapatua, erremonteko Oriamendi Orona Promozio Torneoko finala jokatuko dute Matxin VI.a azpeitiarrak eta Agirrezabala matxinbentarrak, Zulaika eta Zubizarreta aizarnazabaldarren kontra.

Partida gerturatzen ari dela-eta, herenegun aukeratu zituzten pilotak Galarretan finaleko protagonistek, Agirrezabala eta Matxin VI.-ak eta Zulaika eta Zubizarretak. Bikote bakoitzak bosna pilota aukeratu zituen, desberdinak guztiz. Zulaika eta Zubizarreta izan ziren aukeratzen lehenak, eta pilota pisutsuak eta geldo samarrak aukeratu zituzten. Aldiz, Agirrezabala eta Matxin VI.-ak pilota biziak hautatu zituzten, hala errazago mugitu ahal izateko. Agirrezabalak gaineratu zuenez, "ez dago pilota on eta txarrik. Partidaren ondoren esango dugu hori. Irabaziz gero ez dago-eta pilota txarrik”. Matxin VI.-ak, berriz, "teniseko pilotak ere balio du eta ona da” esan zuen.