Urriaren 29an eta 30ean egingo dute aurten Udazkenean Abesbatzak ekimena

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 22a, 15:10
Ezkerrean, Mari Jose Bikendi; bere alboan Iñaki Odriozola; eta, eskuinetik lehena, Jaime Amenabar, Julian Barrenetxea Abesbatzako kideekin.

Sanagustin Kulturgunean egingo dituzte saioak, eta aurrenekoz Antxieta Musika Eskola Abesbatzak ere hartuko du parte

El Leon de Oro Asturiasko abesbatza izango da talde gonbidatua

Udazkenean Abesbatzak 2011 ekimena aurkeztu dute gaur eguerdian Sanagustin Kulturgunean. Bertan egingo dituzte ekimenaren saio nagusiak, hilaren 29an eta 30ean. Aurkezpenean Julian Barrenetxea Abesbatzako kideak izan dira, baita Urrestillako Abesbatzako Iñaki Odriozola eta Musika Eskolako Mari Jose Bikendi zuzendariak ere.

Urriaren 29an Urrestillako elizan elkartuko dira Julian Barrenetxea eta Urrestillako abesbatzak, eta elkarrekin nahiz bakarka abestuko dute. Hurrengo egunean Haur Abesbatzen Topaketak egingo dituzte Sanagustinen: Ripoll-eko eta Zarauzko abeslariak izango dituzte lagun Antxietakoek. Egun eta toki berean, Asturiasko El Leon de Oro abesbatzak emango du kontzertua. Tolosako kantu lehiaketara etorriko dira, eta Azpeitian geldialdia egingo du Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendari Jaime Amenabarren esanetan "Espainiak mailan onenetarikoa" den abesbatzak.

Amenabar, Bikendi eta Odriozola, hirurak oso gustura agertu dira ekimenarekin eta euren arteko harreman eta lankidetzarekin. Herriko abesbatzak 25 urte bete dituela-eta, aurtengo ekimena "berezia" izango dela azpimarratu dute.