Zaborraren, uraren eta Kirol Patronatuko prezioak igoko ditu Udalak datorren urtean

Uztarria.eus 2011ko urr. 24a, 15:10

Joan den ostiralean onartu zituzten, EAJren kontrako botoekin, 2012rako Udal tasa eta zergak, ezohiko udalbatzarrean

Gainontzeko zergek eta prezio publikoek ez dute aldaketarik izango eta dagokien KPIa ezarriko zaie: % 3

Udalbatza Osoaren ezohiko bilkura egin zuten joan den ostiralean, hilak 21, udaletxean. Bertan 2012rako ordenantza fiskalak onartu zituzten, EAJk kontra bozkatu zuen arren.

Zergek eta prezio publikoek ez dute aldaketarik izango eta dagokien KPIa ezarriko zaie: % 3. Aldaketak izango dituzte, ordea, uraren eta zaborraren tasak zein Kirol Patronatuko kuotek.

Uraren eta zaborraren tasa

Uraren tasa, azken urteetan egin den moduan, kontsumoaren araberakoa izango da. Hau da, etxe bakoitzean kontsumitzen den uraren araberakoa izango da tasaren zenbatekoa.

Beraz, zenbat eta ur gehiago kontsumitu, gehiago ordaindu beharko da. Gutxi kontsumitzen dutenek ez dute igoerarik izango, baina asko kontsumitzen dutenek, sei euro gehiago ordaindu beharko dituzte (2 euro hilabetero).

Horrenbestez, 694.388 euroko diru-galera izatetik 613.231 eurokoa izatera pasatzea aurreikusten dute udaletxeko ordezkariek.

Bestalde, Udala Gipuzkoako Uraren Kontsorzioan sartu ala ez aztertzen ari da.

Zaborrari dagokionean, berriz, % 13 igoko dute dagokion tasa. Lapatxe zabortegira iristen den zabor tonako gastuak % 19 igotzen direla adierazi dute Udaleko ordezkariek.

Gainera, konpostajearen aldeko kanpainan parte hartzen duten familiek % 25 gutxiago ordaindu beharko dute tasa.

Zaborraren inguruko neurri hori hartuta 339.974 galera izatetik 1012an 381.594 eurokoa izatera pasatuko direla aurreikusi dute Udaleko ordezkariek. Neurri hori hartu ez balitz, gainera, hare galera handiagoak sortuko liratezkeela esan zuten udalbatzarrean.

Kirol patronatuko kuotak

Kirol Patronatuko kuotak % 16 igoko dira. Hori bai, langabezian dauden familiek ez dute igoerarik izango kuotetan. Horrenbestez, % 40ko deskontua izango dute.

Kirol Patronatuak 503.690 euroko galerarekin bukatuko du urtea, eta galera hori 453.200 eurora jaistea lortu nahi dute kuoten igoerarekin. Galera hori igerilekuan egindako lanek eragin dutela adierazi zuten.

Tasa berria

Ordenantza fiskalen baitan, beste tasa bat gaineratu dute. Hemendik aurrera karabana eta autokarabanen aparkaleku berezia erabiltzen dutenek urtean zebateko bat ordaindu beharko dute. Autokarabana aparkatzen dutenek 180 euro, eta karabana aparkatzen dutenek, berriz, 360 euro.