Azpeitian hitanoa landu eta bultzatzeko egitasmoa aurkeztu dute

Uztarria.eus 2011ko urr. 24a, 18:10
Azpeitiko Udaleko, Mintzola Fundazioko, herriko ikastetxeetako eta Bitamina etxeko ordezkariak, Sanagustingo oholtzaren gainean.

Udaleko Euskara Patronatuak eta Mintzola Fundazioak herriko ikastetxeekin elkarlanean garatu dute

Azaroan hasiko dira ikastetxeetan lantzen, DBHko 3. eta 4. mailatako ikasleekin

Hika erabiltzen duten hiztunen kopurua beherantz doa, erabiltzen den hitanoaren kalitatea okertzen ari da eta hitanoa erabiltzeko esparruak urritzen ari dira, baita Azpeitian ere. Hitanoa euskararen altxorretako bat dela diote adituek eta, aipatutako egoerari buelta emateko ahaleginean Udaleko Euskara Patronatuak, Mintzola Fundazioarekin batera, lanari ekitea erabaki zuen bere garaian.

Mintzolak aurrez Zumaian abian jarritako egitasmoaren esperientziarekin, eta herriko lau ikastetxeen parte-hartzearekin, orain dela urtebete hasi ziren Azpeitirako egitasmoa lantzen eta joan den ostiralean, urriak 21, aurkeztu zuten jendaurrean, Sanagustin kulturgunean. Aurkezpenean egon ziren Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta euskara zinegotzi Ainhoa Beristain; Mintzolako zuzendari Josune Zabala eta Azpeitiko proiektuan lanean ari den Inazio Usarralde; ikastetxeetatik egitasmoan lanean ari diren irakasleak; eta egitasmorako webgunea osatu duen Bit&mina diseinu etxekoak.

Lehen urratsak

Azaroan hasiko dira egitasmoa ikastetxeetan lantzen; 2011-2012 ikasturtean DBHko 3. eta 4. mailatako ikasleekin landuko dute. Egitasmoak, ordea, abian jartzea besterik ez du egin. Lehen urratsak ikasturte honetabn emango ditu, baina luzerago begirakoa da, eta parte hartuko duten ikasleen adin-tartea ere zabalduz joango da, materialak garatu ahala. Momentuz, lau sekuentzia didaktiko dituzte eginak, eta horiekin hasiko dira lanean DBH 3 eta 4ko ikasleak.

Gazteentzat formatu erakargarriak erabili asmoz, egitasmoa garatzeko propio webgunea sortu dute eta han izango dituzte ikasleek hainbat ariketa eta jolas, Xapu zapu kazetariak gidatuta egingo dituztenak. Leloa ere badu Azpeitian hitanoa landu eta bultzatzeko egitasmoak: Arin-arin hika egin!.

Egitasmoaren xehetasun gehiago ezagutu nahi izanez gero, hona hemen Azpeitiko Euskara Patronatuaren Erabili.com webgunean jasotakoak.