Osteguna, Kros Mistorako izena aurrez emateko azken eguna

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 26a, 14:10

Ikasberri Kirol Elkarteak antolatutako lasterketa larunbatean, hilak 29, izango da, 18:00etan plazatik abiatuta

Gehienez 200 lasterkarik hartuko dute parte proban; zerrenda betetakoan izena emateko aukera itxi egingo dute

Larunbatean, hilak 29, jokatuko da Azpeitiko III. Kros Mistoa, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatuta. 18:00etan da irteera, herriko plazatik. Probak 6,7 kilometroko ibilbidea du. Lasterketarako izena emateko aukera aspalditik dago zabalik, baina aurrez izena emateko azken eguna bihar, osteguna, izango da.

Bikoteko 20 euro ordaindu behar da, eta honako tokietan eman daiteke izena: Azpeitian, Aitzaki, Aradi, Santi Lazkano eta Mugi kirol-dendetan; Azkoitian, Plaza Berri Sport dendan; Zarautzen, Nere Sport dendan; eta, Internet bidez www.herrikrossa.com webgunean.

Gehienez 200 lasterkarik hartuko dute parte proban, Ikasberri Kirol Elkartekoek hala erabakita. Beraz, zerrenda betetakoan izena emateko aukera itxi egingo dute. Azpeitiko kros mistoaren aurreneko urtean 111 bikotek hartu zuten parte eta iaz, bigarren edizioan, 175 bikote irten ziren. Iaz jarri zuten lasterketaren denbora, 24 minututan. Proba denbora horretan egin zutenak Maider GaztaƱaga eta Mitxel Cuadrado izan ziren.

Zerbitzu osagarriak

Lasterketan parte hartzea erosoagoa egiteko, hainbat zerbitzu osagarri antolatu dute kirol elkartekoek: ludoteka, poltsak uzteko tokia, dutxak, aparkalekua, zeliakoentzako jateko postua helmugan, eta abar.

Ludoteka zerbitzua Iturri Txiki ludotekan eskainiko dute, larunbatean, lasterketak iraun bitartean. Zerbitzu hori 4 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzako izango da. Horrez gainera, herriko plazan zeliakoentzako janari postua jarriko dute, lasterketaren bukaeran parte-hartzaile guztiek mokadutxoa egiteko aukera izan dezaten.

Ikasberri Kirol Elkartekoen asmoa, jendeak kros mistoan parte hartu eta larunbat arratsalde ederra pasatzea da. "Parte-hartzaileek kirola eginez arratsaldea gustura igaro dezaten nahiko genuke, eta horregatik hainbat zerbitzu gehigarri antolatu dugu. Era horretan, parte-hartzea erosoago egin nahi diegu kros mistora datozenei", azaldu dute.