Miren Artetxe: "Musikarekin badut zeozer, askotan ageri da nire lanean"

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 28a, 18:10
Miren Artetxe, bere koadro baten aurrean. (ONINTZA LETE ARRIETA)

Erakusketa zabalduko du Artetxek azaroaren 2an Arrasateko Kajoi tabernan

Musika gaiak, eta 27 urterekin hildako musikariak margotu ditu koadroetan

Azaroaren 2an zabalduko du bigarren erakusketa Miren Artetxek (Arroa Goia, Zestoa, 1958). Musika du gai Azpeitiko bizilagunak. Bere margolanak astelehenetik ostiralera egongo dira ikusgai Kajoi tabernan, Arrasaten, hilaren 30era bitartean.

Nola deskribatuko zenuke Arrasaten erakutsiko duzun lana?

Musika ardatz duen erakusketa prestatu dut; 27: musikaren hariak du izena. Adin horrekin hil diren musikariak agertzen dira, alde batetik, eta instrumentuak, bestetik. Musikariak sei dira: Jim Morrison, Jimmy Hendrix, Janis Joplin, Amy Winehouse, Brian Jones eta Kurt Cobain. Guztira 23 koadro egin ditut. Hainbat tamainatakoak dira, eta marrazketa mota bat baino gehiago erabili ditut. Handienak 1,20x1,60 metro neurtzen du; txikienak 50x70 zentimetro.

Nolakoak dira marrazkiak?

Musika tresnei buruzkoak olioak dira. Orbanak marrazten hasi, eta lausotuz formak sortzea gustatzen zait. Kolorea gogortzen edo leuntzen joan ahala, irudiak ateratzen hasten naiz. Musikariei buruzkoak collage-ak dira.

Erakusketa zabaltzeko astebete ere ez zaizu falta. Dena prest al duzu?

Bai, amaituta dut dena. Lan batzuk jada Arrasatera eraman ditut; beste batzuk oraindik hemen ditut, marrazteko erabiltzen dudan garajean.

Zergatik aukeratu zenuen gai hori?

Musikarekin badut zer edo zer, ez dakit zergatik; askotan ateratzen da gai hori nire margolanetan.

Oso gai zehatza da, 27 urterekin hil ziren musikariei buruzkoa.

Bai, zerrenda horretako batzuen musika oso gogoko dut, eta uste dut ez dela modaz pasatu. Hor dago beti.

Koloreari dagokionez, zuri-beltza ala koloretsua duzu nahiago?

Kolorea asko gustatzen zait. Kolore biziak gustatzen zaizkit asko; hala ere, erakusketa honetarako pastel-kolore asko erabili dut.

Nondik sortu da Arrasaten erakusteko aukera?

Bat-batean sortu da. Erakusketa handiagoa antolatu nahi nuen, Azpeitian bertan. Ideia hori nuen buruan, baina aukera hau suertatu zait, eta animatu egin naiz.

Bigarren erakusketa duzu, baina horretaz gain, Kilometroen harira, Sanagustin kulturgunean egon zen erakusketan ere hartu zenuen parte.

Bai. Esperientzia polita izan zen, eta jende gaztearekin egoteko aukera izan nuen; gustatu zitzaidan ekimena.

Duela sei urte hasi zinen eskolak jasotzen, eta han jarraitzen duzu.

Diart akademian hasi nintzen orain sei urte, baina zaletasuna aspaldikoa dut. Beti gustatu izan zait margotzea, txikitatik. Semeari ere laguntzen nion marrazten, baita handiagoa zela ere.

Dena dela, beste disziplina batzuk ere jorratzen dituzu.

Photoshop-a erabiltzen dut. Nire margolanak hartu, argazkia atera, eta Photoshopean moldatzen ditut, bestelako emaitza bat lortzeko. Agian pinturarekin egitera ausartzen ez naizen gauzak egiten ditut modu horretan.

Kartelak egiteko zaletasunak ere fruituak eman dizkizu, ezta?

Azpeitiko zezenketen kartel lehiaketa bitan irabazi dut, eta oso pozgarria da hori niretzat. Antzerki Topaketetakora ere aurkeztu izan naiz, baina ez dut zorterik izan. Saiatu egingo naiz.

Azpeitian erakusketa bat gustura jarriko zenukeela aipatu duzu. Buruan ba al zenuen zerbait zehatzik?

Ez neukan ezer lotuta. Lasai nenbilen lanean, aurrerago erakustekotan. Denak pieza handiak izatea zen asmoa. Arrasatekoa suertatu zaidanez, bertarako egin ditut piezak. Hortaz, Azpeitirako hutsetik hasiko naiz.

Erakusketetan lanak salgai jartzen al dituzu?

Bai, baina ez da garai onena ezertarako. Egindakoa erakustea da kontua.

Koadrorik saldu al duzu?

Bakarren bat, bai. Ilusioa egiten du zuk egindako zerbait beste bati gustatzeak, eta erosteak. Oparitu ere egin izan dut lanen bat. Pena ematen dit baten bati nire lana benetan gustatu, eta diruagatik ezin erosi izateak; halakoetan oparitu egin izan dut. Oparia onartu ez didatenei etxera ere bidali izan diet koadroa, non bizi diren jakinez gero. Gazteren bati gustatu bazaio nik egindako lana, zergatik ez du etxean izango? Pena ematen dit.

Ez zara, beraz, lanak gordetzekoa. Hala ere, etxean izango duzu zeuk egindako koadrorik, ezta?

Bai, etxean jarritako guztiak nireak dira. Abstraktoak dira batzuk; asko gustatzen zait estilo hori. Denetarik dut. Mona Lisa bat ere badut, pastel-koloretan eginda. Hori semeak jarritako erronka izan zen: "Hau egin behar didazu", esan zidan, eta egin egin nuen.

Zer moduz atera zitzaizun?

Ondo. Begiratzen duzun tokitik begiratuta, berak begiratzen dizu.