Sanagustin kulturgune osatuak 100 egun

Enekoitz Esnaola (Azpeitiko Kultur Mahaia) 2011ko urr. 31a, 14:10

Atzo (urriak 30) 100 egun bete zituen Sanagustin kulturgune osatuak. 100 egun dira, beraz, Azpeitiko Kultur Mahaiak kudeaketa hartu zuela. Hemen balantzea

Zeu ere izan zaitez proiektuko partaide, bazkide eginda (urtean 10 euro dira)

Joan den uztailaren 22an hartu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak Sanagustin kulturgunearen kudeaketa, udal lehiaketa atera ondoren. Sanagustin iazko abenduaren 11n ireki zuen Udalak, Kultur Mahaiarekin elkarlanean, eta hasieratik izan du harrera ona, baina uztailaren 22ra arte ekitaldiak zeudenean baino ez zen egon irekita. Azkeneko 100 hauetan uneoro egon da irekita, ostalaritza zerbitzua ere emanda.

Honatx Kultur Mahaiak egindako balantzea:

Harrera ona. Sanagustin kulturgune osatuak harrera ona eduki du 100 egun hauetan: jende ugari ibili da —egun eta ordu denetan—, eta jende mota desberdina ere bai —adin aldetik, esparru aldetik, herrikoak eta kanpokoak...—.

30 ekitaldi. Saiatu gara ekitaldi asko antolatzen eta orekari eusten (diziplinak, eragileak herrikoak-kanpokoak, astegunak-asteburuak, adina...). 30 ekitaldi antolatu dira, eta horien artetik aipatzekoak:

- Zazpi ekitaldi musikakoak izan dira (banda, rocka, jazza...), antzerkikoak hiru (hor batean bertsolaritza ere izan zen), dantzako bat, abesbatzako bat, pailazoen bat, poesiako bat, bakarrizketen bat, museko bat, proiekzio-film-DVD emanaldiak bederatzi izan dira, eta hitzaldi-solasaldi-aurkezpenak bost. Ekitaldien %10 sarreradunak izan dira.

- DVD emanaldiak kenduz gero, ekitaldien %66an herriko eragileek hartu dute parte, %33an kanpokoek —ekitaldi batzuk mixtoak izan dira—.

- Hamasei ekitaldi astegunean izan dira, hamalau asteburuan.

- Orain arteko eta hurrengo ekitaldien agenda.

Jatetxe zerbitzua martxan. Irailaren bukaeran jarri genuen martxan jatetxe zerbitzua, Sanagustineko eskaintza zabaltzeko asmoz eta diru iturri gisa, eta oso harrera ona ari da izaten. Pintxoak, ogiartekoak, errazioak eta plater konbinatuak daude. Ferran Adriaren El Bulli jatetxe ospetsuan aritutako bat dabil sukaldari lanetan Sanagustinen: Mikel Dorronsoro. Ostalaritza aldetik eskaintzak ditugu: enpresa eta elkarteentzat hamaiketako edo luntxak, urtebetetzeetako meriendak eta enkargatutako bazkari-afariak.

Mediateka laster. Liburutegi txiki baten eta ordenadoreen gune bat zabaltzera goaz. Sanagustineko zerbitzua zabalduko dugu. Kulturguneko aretoan sartu eta eskubian egongo da, lehen arkuen artean.

Babes neurriak hartu dira. Ekitaldi edo egun batzuetan kulturguneko egurrezko lur zatia eta oholtza babesteko neurriak hartu ditugu: lurrean goma eta oholtza aurrean horma. Jendea ere ari da kulturgunea zaintzen.

Taberna zerbitzua itxita batzuetan. Ekitaldi batzuetan Sanagustineko taberna itxi egin dugu, ekimenak erabateko isiltasuna eskatzen zuela-eta. 

Komunikazioan euskarri asko. Sanagustineko weba, sare sozialak (Facebook —dagoeneko mila jarraitzaile baino ehiago— eta Twitter) eta YouTubeko kanala ditugu, hileroko eskuko agenda egokitu egin dugu, eta kulturguneko sarreran agendaren panela dago.

Udalarekin dugun harreman mota. Sanagustineko gestioari buruzko udal lehiaketaren ondoren, Udalarekin eraikinari buruzko kontratua sinatu genuen ekainean. Hilero kanona ordaintzen diogu Udalari. Horretaz gain, Sanagustineko kooperatibaren kontu daude kulturguneko ura, gasa, argia, berogailua eta garbitasuna, eta beste tabernek bezala ordaintzen ditu zergak. Plantillaren kostua gure gain dago. Udalari Sanagustinen mantenua ez zaio ezer kostatzen. Bestetik, kulturgunearen funtzionamendu hitzarmena proposatua diogu Udalari.

Kultur Mahaiko bazkidetzak, gora. Sanagustinen kudeaketa hartu dugunetik, Kultur Mahaiko bazkidetzak nabarmen egin du gora: hiru hilabete hauetan 100 bazkide berri lortu ditugu. 352 gara orain, eta aurten 400era iristeko helburua dugu. Urtean 10 euro dira. Bazkide egiteko, sartu hemen.

Sanagustin kulturguneko proiektua PDFan. Hemen duzu udal lehiaketara aurkeztu genuen proiektuko 'Memoria' atala.

Sanagustineko kooperatibaz. Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartearen bidez kudeatzen du Kultur Mahaiak Sanagustin. Kultur Mahaia herriko kultur talde denek, udal taldeek, udal kultur teknikariak, Kultur Mahaiko teknikariak eta norbanako batzuek osatzen dute. Informazio gehiago hemen

Mila esker denoi!