Mikel Izurieta izango da Lagun Onak futbol taldearen lehendakari berria

Uztarria.eus 2011ko urr. 31a, 22:10
Ezkerretik eskubira, Joxe Mari Larrañaga, Mikel Izurieta eta Aitor Zulaika, bazkide batzarrean.

Gaur (urriak 31) egin duten bazkideen batzar nagusian jaso du Joxe Mari Larrañagaren lekukoa

Azaroaren bukaera alderako aurkeztuko dituzte zuzendaritza berriko gainerako kideak

Mikel Izurieta izango da aurrerantzean Lagun Onak futbol taldearen lehendakaria. Gaur, urriak 31, egin duten bazkideen batzar nagusian jaso du Izurietak Joxe Mari Larrañagaren lekukoa. Larrañagak bost urte egin ditu - 2006an hartu zuen kargua - lehendakaritzan, beretzat bigarren aldia izan den honetan: 1988tik 1992ra ere klubaren buru izan zen Loiolakoa. Izurietarentzat, berriz, aurreneko esperientzia izango da Lagun Onakeko zuzendaritzan, nahiz eta klubaren barruan eginkizunak izana den, talde txikietako ordezkari gisa.

Diru kontuak larri

Aspaldiko urteetako bazkideen batzar jendetsuena izan du gaur Lagun Onak futbol taldeak. Sindikatu Zaharreko gela nagusia txiki gelditu da eta bat baino gehiago izan dira batzarra zutik jarraitu behar izan dutenak. Ikusmina zegoen, deialdian iragarrita zegoen zuzendaritza batzordearen aldaketaren nondik norakoak ezagutzeko.

Joxe Mari Larrañagak osasuntsua den kirol jardueraren eta larriagoa den egoera ekonomikoaren berri eman du aurrena. Hitzarmen bidez izenpetutako hainbat diru-laguntza -Gipuzkoako Foru Aldundiarenak eta Realarenak aipatu ditu- eta babesleenak jaso gabe gelditu da Lagun Onak azken denboraldietan, Larrañagak azaldu duenez. Eta kluba zorpetuta dago: 68.000 euroko zorra du, aurreko denboraldikoa, eta hartzekodunen artean daude klubeko entrenatzaileak eta jokalariak, besteak beste.

Familia hazita, egiturak aldatu behar

Joan den ekainean kirol zuzendari postua eskaini zion Lagun Onakek Aitor Zulaikari, eta kirol arloa hobeto antolatzeko nahi horrekin batera jarri zen martxan gaurko batzarrean plazaratu den prozesua. Zulaika berak azaldu duenez, kirol mailan gauzak ondo joan arren "klubaren egoera ez zela ona eta zerbait egin beharra zegoela" ikusi zuen, kargu berria hartuta zuzendaritzako kideekin izandako bileretan.

Lagun Onaken "familia ikaragarri hazi" dela ikusita (jokalari federatuak eta teknifikazio eskolakoak, entrenatzaile, batzordekide, langile eta guraso, 1.300-1.400 pertsona kontatu ditu Zulaikak), hainbeste hazita "klub batek ezin du jarraitu berdin funtzionatzen". Horrela, oinarrizko futbolaren koordinatzaile teknikoa izateko bere proposamenean, kirol eta lanerako filosofiarekin batera, kargu edo ardura egitura zehatza proposatu zion Zulaikak Lagun Onakeko zuzendaritzari; tartean, ekonomia arloaz arduratuko litzatekeen kudeatzailea zegoen. Eta hor hasi ziren Mikel Izurietarekin harremanak.

Zulaikak Izurietarengan pentsatu zuen oinarrizko futbolaren egituran ekonomia kontuez arduratzeko. Izurietak, ordea, klubaren egoeraren azterketa egin ondoren, irtenbideak globala izan behar zuela erantzun zion Zulaikari, kluba bere osotasunean hartuko zukeena; bera pronto zegoela lanerako, baina horretarako eskumen osoa behar zuela. Izurietaren erantzuna helarazi zion Zulaikak zuzendaritzari eta, Zulaikak berak eta Larrañagak onartu bezala "gaizkiulertu eta desadostasunak" gainditu ondoren, zuzendaritza batzordea berritzea eta lehendakari kargua Izurietak hartzea adostu dute.

Gerrikoa estutu eta sarrera berriak bilatu

Azaroaren bukaera alderako aurkeztuko dituzte zuzendaritza berriko gainerako kideak. Orduan asmoak eta neurriak zabalago azalduko dituztela esan dute gaur bai Zulaikak eta bai Izurietak, baina zuzendaritza berriaren helburuen aurreneko zertzeladak eman ditu batzarrean lehendakari berriak.

Klubaren ekonomia zuzentzeko neurri zehatzak aipatu ditu Mikel Izurietak; gerrikoa estutu eta sarrera berriak bilatuko dituzte. Klubeko teknikoei eta talde nagusiko jokalariei ordaintzen zaiena %35 jaitsiko da; garraio-kostuak gehiago murriztu nahi dituzte, erdira ekarri arte, hainbat bidaietan autobusa erabili beharrean kotxeak erabilita; eta zorraren hartzekodunekin akordioak lortzen saiatuko dira. Diru-sarrerak gehitzeko, berriz, babesle eta publizitatearekin ahaleginduko dira, baita erakundeekin ere, egoera orokorra batere baikorra ez dela onartu arren. Era berean, bazkide kopurua handitzea ere helburu izango du Lagun Onaken zuzendaritza berriak.

"Gehitzera gatoz, ez kentzera"

"Gehitzera gatoz, ez kentzera eta kritikatzera", esan du bukaeran Aitor Zulaikak, zuzendaritza aldaketarekin Lagun Onaken alde lan egingo duen ahalik eta jende gehiena biltzea nahi dutela azaltzeko.

Orain arteko zuzendaritza batzordekoekin kontatzen dutela esan dute, bai Zulaikak eta bai Izurietak. Hain zuzen ere, "eskerrak eman eta miresmena azaldu" nahi izan die Zulaikak, aurreneko aldiz hitza hartu duenean, "urteetan kluba aurrera ateratzeko lanean aritu den eta ari den jendeari. Gutxi baloratu eta errazegi kritikatzen den lana da. Ez naiz nazkatuko hori goresteaz".