Jokin Uranga: "Neure buruaren kontrola ez galtzeak zuzeneko eragina izan zuen azken emaitzean"

Uztarria.eus 2011ko aza. 10a, 12:11
Jokin Uranga igandeko, hilaren 6ko, Azpeitiko final-erditako saioan.

Joan den igandean, hilak 6, Azpeitiko final-laurdenetako saioa irabazi zuen Urangak

Hori dela-eta, finalerdietan eta, bi urte barru Euskal Herriko Txapelketan izango da azpeitiarra

Jokin Uranga azpeitiar bertsolaria Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietan eta, beraz, hemendik bi urtera Euskal Herriko Txapelketan izango da.

Joan den igandean, hilak 6, Azpeitiko final-laurdenetako saioa irabazi zuen Urangak, eta zuzenean sailkatu zen finalerdietara. Azpeitiar bertsolariak abenduaren 4an, Hernanin izango du zita. Beñat Lizaso ere sailkatu da finalerdietara, Oñatiko final-laurdenetan hirugarren eginda.

Pasa den igandeko eta abenduko finalerdietako saioaz hitz egin du Uztarria.com-ek Urangarekin.

Zermoduz sentitu zinen igandeko saioan?

Saioan, orokorrean, sentipen desberdinak izan nituen. Hasieran, urduri sumatzen nuen gorputza, tenplea hartu ezinik banengo bezala. Baina zorionez, pasa zitzaidan eta neure buruaren zein gorputzaren kontrola berreskuratu ahal izan nuen.

Espero al zenuen saioa irabaztea?

Saioa hasi aurretik banekien hor ibiliko ginela. Irabazi nezakeela. Baina baita atzeraxeago gelditu nintekeela ere. Neure buruaren kontrola ez galtzeak zuzeneko eragina izan zuen azken emaitzean.

Etxean, Azpeitian, kantatzea abantailaz jokatzea dela esango du batek baino gehiagok.

Etxean kantatzea abantaila? Beste batzuk presio handiagoa dela esango dute. Ez dakit, horrelako gauzekin ez naiz itsutzen.

Zer moduz ikusten duk hire burua finalerdietara begira?

Nire burua nahiko ondo ikusten dut finalerdietara begira. Bertso maila onean nago. Kontua da, pasatu den maiatzean hasi zela txapelketa hau eta, horren aurretik, Orixe Sariketa eduki genuela. Ia hamar hilabete dira txapelketan buru-belarri sartuta eta horrek nekatu egiten du. Asko, gainera.

Finalera sailkatzeko esperantzarik ba al duzu?

Finalera sailkatzeko esperantza? Ez dakit. Nik nire lehenengo helburua bete dut; Euskal Herriko txapelketarako txartela ziurtatzea. Behin hori lortuta, finalerdietako saioan dena ematera joango naiz.

Erniarraitzeko sei bertsolari hasi zineten G-puntuan, baina bik jarraitzen duzue.

Bi bertsolarik bakarrik jarraitzen dugu, bai, baina bi asko da Gipuzkoako finalerdietarako. Ia 80 bertsolari hasi ginen lehian eta 18ren artean bi azpeitiar egotea, ez da marka txarra. Gainera, besteek ere txapelketa honen parte izaten jarraitzen dute. Gu horien laguntzarik gabe ez ginateke-eta gauden lekuan egongo. Eskerrik asko denei, benetan.

FINALERAKO SARRERAK

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko. G-puntuaren webgunean zein Orkatz eta Pastorkua tabernetan eskuratu daitezke. Sarrera arruntak 18 euro balio ditu. Bazkieek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta gaztetxoek (16 urtetik beherakoek) 8 euro.

Finala abenduaren 18an, igandea, jokatuko da, Donostiako Ilunben.