Ta3. zineklubaren saioak, amaitzeko zorian

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 10a, 13:11

Kinka larrian da Azpeitiko zinekluba: aurrera jarraitu ahal izateko zer bide hartu aztertzen ari dira

Filmak Soreasun eta sarrera kobratuta botatzea aztertzen ari dira

Garai zailak dira hauek Azpeitiko Ta3. zineklubarentzat. Filmak botatzen jarraitzeko zer bide hartu daitekeen aztertzen ari dira, gaur arte bezala jarraitzea ezinezkoa izango zaielako.

Herria zinema aretorik gabe gelditu, eta laster utzi zion zineforum saioak eskaintzeari orduko zineklubak. Ta3. taldeak hartu zuen lekukoa gero, 2006 urtean, eta ordutik zineforum saioak Betharram-eko aretoan eskaintzen aritu dira. DVD formatuan, doan bota dituzte filmak. Sanagustin ireki zutenetik hara aldatu zuten jarduera, baina denboraldia hasterako iritsi dira arazoak. Izan ere, emanaldi baimenak ordaindu gabe aritu dira herritarrei filmak eskaintzen, eta isunak iritsi zaizkie orain. "DVD emanaldi bakoitzeko 400 euro ( gehi BEZ) eskatzen digute, baina guk Udaletik jasotzen dugun diru-laguntzarekin ezingo genuke urtean bi saio ere eskaini", adierazi dio zineklubeko kide batek Hitza-ri.

Filmak doan eskaintzen dituztela argudiatu duten arren, "banatzaileek argi esan dute DVDak erabilera pribatukoak direla, eta herritarrei eskainiz gero ordaindu egin behar direla baimenak".

Udalarekin irtenbide bila

Urrian zineforum saioak eskaintzen hastekoak ziren arren, filmeen banatzaileek jarritako eragozpenen aurrean hausnarketarako tartea hartu behar izan dute.

Udalarekin negoziatzen saiatu dira, baina "diru-laguntza gehiago ezin digutela eman esan digute dagoeneko, dirurik ez dagoela". Hortaz, "hainbat ate jotzen ari gara, eta Udalarekin ere harremanetan jarraitzen dugu". Aste honetan bertan bildu dira Kultura Sailarekin, eta aukeren artean saioak Soreasuko zinema aretoan eskaintzea ikusten dute. "Udalak Soreasu kudeatzen duen enpresarekin hitz egingo du", tratua egiteko asmoz. Izan ere, kudeatzaileak merkeago lor ditzake zineklubak eskatutako filmak, eta ikusleei sarrera kobratuta, agian aurrera egiteko aukerak izango lituzke taldeak. Beste herrietako zineklubekin hitz egiten ere ari dira, "ideiak eta proposamenak jasotze aldera". Hala ere, "ez dugu baztertu ekimena bertan behera uzteko aukera".

Aukera egotea da helburua

Ta3. zineklubak urrian hasi ohi zuen bere denboraldia, eta apirilera bitartean hamabostero saio bat doan eskaintzen zuen. "Ez genuen sarrera kobratzen, DVD-tan ez dagoelako estreinaldi filmik, eta tokia ere ez zegoelako bereziki ondo moldatuta zinema saioetarako». Horretaz gain, Gabonetan haurrentzako eta helduentzako ziklo bana eskaintzen zuten, eta hainbat elkarlan egiten zuten, Ingurugiro Astearekin eta Emakumeen Egunarekin, esaterako.

Jarduera martxa horrekin ezingo dute jarraitu aurten, bistakoa denez, baina "dena ondo bidean, urtarriletik abendura saioak ematen jarraitu nahi genuke", adierazi dute taldekideek: "Ohiko zirkuituetan botatzen ez dituzten filmak herriari eskaintzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu, nahiz eta jende kopuru asko ez etorri zinemara. Aukera hori eskaintzea da gure helburua. Gero nahi duenak aprobetxa dezala, eta nahi ez duenak ez". Datozen asteetan argituko da hori.