Itsasi Euskal Kultur Taldeak dantza suelto ikastaroa antolatu du

Uztarria.eus 2011ko aza. 15a, 13:11

Datorren astelehenean, hilak 21, hasiko da ikastaroa

Abenduaren 3an, berriz, Itsasi Eguna ospatuko dute

Itsasi Euskal Kultur Taldeak urteroko legez, dantza suelto ikastaroa antolatu du. Datorren astelehenean, hilaren 21ean, hasiko da ikastaroa, eta abenduaren 19an bukatuko da. Itsasiren lokalean (Lehen Zapo Txoko zegoen lekuan) izango dira saioak, astelehenetan eta asteazkenetan, 21:00etatik 22:00etara bitartean.

Ikastaroa doakoa da, eta euskal dantzen inguruan zerbait jakin nahi duen orori zuzenduta dago. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek astelehenean, Itsasiren lokalera azaldu besterik ez dutela adierazi dute dantza taldekoek.

Itsasi Eguna, abenduaren 3an

Itsasi Euskal Kultur Taldeak bere eguna ospatuko du datorren abenduaren 3an, zapatuan. Hainbat ekintza antolatu dituzte egun guztirako. 11:30ean, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian meza egingo dute eta meza amaitutakoan dantzari txikiek emanaldia eskainiko dute, udaletxe azpian. 14:00etan bazkaria egingo dute Kiruri jatetxean eta antolatzaileen arabera, taldekide eta taldekide ohi guztiak gonbidatuta daude.

Bazkarira joan nahi duenak 943 15 18 49 edo 635 395 174 telefono zenbakira deitu behar du izena emateko.