Eguzkiloreen txanda da gaur

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2011ko aza. 17a, 10:11
Ane Arenas eta Erika Olaizola azpeitiarrek beraiek sortutako 'Eguzkilore' antzezlana egingo dute gaur, gaztetxean.

Euskal Antzerki Topaketen baitan, Ane Arenas eta Erika Olaizola azpeitiarrak izango dira gaztetxean

Zapatuan, berriz, Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek Lost and found lana eskainiko dute

Eguzkilore antzezlana egingo dute gaur Erika Olaizola eta Ane Arenas azpeitiar aktoreek gaur, 21:30ean, Azpeitiko Gaztetxean. XXIX. Euskal Antzerki Topaketetan eta antzerki altenartiboaren atalaren barruan ariko dira. Hauen atzetik, Munstroa antzezlana egingo du Urki Muguruza aktoreak. Hori ere gaztetxearen oholtzan ariko da.

Iazko Antzerki Topaketetan sortu zuten antzerki alternatiboaren atala, eta herriko gaztetxean topaketen programaren barruko ekitaldia antolatu zuten. Atal horrekin, ohiko oholtzatik kanpo, formatu txikiko lanei tokia egitea da asmoa.

Iazko horretan ere, bi azpeitiar aktoreak ziren antzeztekoak, baina azken momentuko kontu batzuk tarteko, hor gelditu zen kontua eta beste antzezlan bat antolatu behar izan zuten. Aurten, ordea, han izango dira; Olaizolak eta Arenasek, biek elkarrekin sortu eta egiten duten Eguzkilore lana antzeztuko dute gaur.

Saritutako lana

Gauean antzeztuko duten lanak sari garrantzitsu bat jasota du, gainera; hain zuzen ere, Adunako Asvinenea arte eszenikoen laborategian Poltsikoko Antzerkia deritzon lehiaketan saritua izan baita. 30 lan ingururen artetik aukeratua izan zen antzezlana da gaur Azpeitiko Gaztetxearen oholtza gainean taularatuko dutena.

Eguzkilore lanean kontatzen den istorioa "edozein pertsonena" izan daitekeela esan dute Olaizolak eta Arenasek Uztarrian egindako elkarrizketan .

Gauza galduak

Olaizola eta Arenas ez dira gaurko emanaldiarekin bakarrik ariko topaketen barruan, ordea: larunbatean, Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrarekin Lost and found antzezlanean hartuko dute parte biek. Kasu honetan, Soreasun antzeztuko dute.

Lost and Found edo Gauza galduak antzezlanaren gidoia Alaitz Olaizolak egin du. Emakumeen Antzerki Tailerrekoek maiatzaren 27an egin zuten aurrenekoz, Emakumeen ikasturte bukaerako jaialdian . Alaitz Olaizolak adierazi duenez, "antzezlanak bi aldiz egiten ditugu, ikasturte bukaerako jaialdian, eta topaketetan; gero obra berri batekin hasiko gara".

Aireportu bateko bizipenak kontatuko dituzte antzezlanean. Hegazkinaren zain dauden bidaiari batzuen istorioa, hain zuzen.

Azkena eta estreinaldia

Gaurko gaztetxeko antzezlanez gainera, Euskal Antzerki Topaketak bukatu bitartean beste lan batzuk ikusteko aukera ere izango da Soreasun. Bihar, Karrika antzerki talde amateurraren Hau ez da Kalkuta lana izango da. Larunbatean, berriz, aurretik azaldu bezala, Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerra ariko da eta, igandean, topaketei bukaera emanez, Inorako bidaia antzezlana estreinatuko du Kukubiltxok. Helduei zuzendutako lan berria da Kukubiltxorena. Aristide Vargas da lanaren egilea eta zuzendaria. Aktore lanetan, berriz, Ainhoa Alberdi zarauztarraz gainera Marifeli Etxeandia, Iurgi Etxebarria, Josu Camara eta Maria Alonso ariko dira.

Inorako bidaia lanak benetako istorio bat kontatu nahi du. Antzelanaren istorioan euskaldun talde batek eginiko bidaian oinarritu dira. Talde hori 1950eko uztailaren 16an Santurtziko portutik Mexikorantz itsasoratu zen, Montserrat izeneko belaontzian. Bidaia horren berri hainbat artikulutik, liburu batetik eta lagun talde haren senitartekoek kontatzen dutenetik jaso dute.