Mikel Ayestaran 'Los ojos de la guerra' filmeko protagonista

Uztarria.eus 2011ko aza. 17a, 12:11

Urrian aurkeztu zuten filma Valladolideko Zine Astean

Atzo, asteazkena, Euskadi Irratiko Mezularia saioan izan zen Mikel Ayestaran

Mikel Ayestaran (Beasain, 1975; Azpeitian bizi da) gerra kazetaria da, eta herrialde desberdinetako krisialdiak-eta kontatu izan ditu komunikabideetan. Kazetari eta kamera munduan pauso bat haratago eman du, eta Los ojos de la guerra filmeko protagonistetako bat bilakatu da. Urrian aurkeztu zuten filmea Valladolideko Zine Astean.

Roberto Lozano da pelikulako zuzendaria, eta lau gerra kazetariren, Mikel Ayestaranen (Irak), Hernan Zin-en (Congo), David Berainen (Afganistan) eta Gerbasio Sanchezen (Bosnia), egunerokoa filmatu zuten duela hiru urte. Atzo, asteazkena, Euskadi Irratiko Mezularia saioan izan zen Mikel Ayestaran. Han adierazi zuenez, "hasieran zaila izan zen onartzea, ez nuen oso garbi ikusten". "Gran Hermano moduko zerbait izango zela uste" zuela ere esan zuen: "Pentsatzen nuen Gran Hermano moduko zerbait izango zela; Nirekin 24 ordu, niri jarraitzen, nirekin hotelean, nirekin bizitzen, nire lana minutuero jarraitzen". Baina, "oso esperientzia polita" izan zela gaineratu zuen. Bi aste egon ziren zuzendaria eta kamera lana nola egiten zuen filmatzen.

"Pelikula batean sartu direla" esan zuen Ayestaranek eta pelikula "horren isla" dela. Gerra kazetarien irudiaz ere jardun zuen: "Gerra korrespontsalen irudi bat dago, baina ez da horrela. Pelikula ikusi beharko dute hori halakoa den edo ez esateko".