Azaroaren 25ean hasiko da II. Kulturaldia, kantu afariarekin

Ihintza Agirretxe (Kultur Mahaia) 2011ko aza. 17a, 14:11

Abenduaren 11ra artean bost ekitaldi antolatu ditu Kultur Mahaiak: kantu afariaz gain, dokumental baten emanaldia, kontzertuak, ohorezko bazkidetza ekitaldia eta poesia errezitaldi eta kantaldia

Sanagustinen lau ekitaldi izango dira eta bat Gaztetxean

Abenduaren 11n beteko da urtebete Sanagustin kulturgunea inauguratu genuenetik. 2010eko Kulturaldiaren bukaera izan zen kulturgunearen hasiera. Aurtengorako ere, urteurrena aprobetxatuz, egun horretan bukatuko den II. Kulturaldia antolatuko du Kultur Mahaiak, eta hasi, azaroaren 25ean hasiko da, Sanagustinen, kantu afariarekin.

Urtez urte, Kultur Mahaiko proiektu eta egitasmoak indartzen eta sendotzen ari gara; gero eta hanka gehiago eta indartsuagoak ditu gure mahaiak aurrera egiteko. II. Kulturaldia ere indarberritu eta ideia berriekin dator. Hala, herritarrek parte hartzea ezinbestekoa den zenbait ekintza antolatu ditugu.

II. Kulturaldiari hasiera emateko, azaroaren 25erako euskal kantu afaria antolatu dugu. Sanagustin kulturgunean izango da, eta ondo afaldu ostean, euskal kantu ezagunen errepertorioari errepasoa emateko aukera bikaina izango dute bertara joaten direnek. Sarrerak, dagoeneko, salgai daude Sanagustin kulturgunean, 15 euroren truke.

Ondorengo egunetan etorriko dira, kontzertuak eta Zine Klubak Gaztetxekoekin batera antolatutako zine emanaldia. Azken ekitaldiak, berriz, abenduaren 11n egingo dira. Batetik, urteetan Azpeitiko kulturaren alde lan egin duen, eta egiten duen, pertsona bati Kultur Mahaiak bere lana aitortu eta omenalditxoa egingo dio. Horrela, Kultur Mahaiko ohorezko bazkide egingo dugu, lehenenengoa —hurrengo egunetan esango dugu zein den—. Ekitaldi haren ondoren, poesia errezitaldi eta kantaldia izango da.

II. Kulturaldiko egitaraua

- Azaroak 25 (ostirala). 21:00etatik aurrera kantu afaria, Sanagustinen. Afariko txartelak dagoeneko salgai dira kulturgunean; 15 euro.

- Abenduak 4 (igandea). 18:00etatik aurrera, Ta3. Azpeitiko Zine Klubak antolatuta Acción obrera dokumentalaren emanaldia. Gaztetxean.

- Abenduak 9 (ostirala). Kontzertua Sanagustinen, 23:00etan: Islaia, Hazparneko taldea.

- Abenduak 11 (igandea). 18:00etan ohorezko bazkidetza ekitaldia. 19:00etan Poesiaren gauza galduak emanaldia: poesiak errezitatu, azalpenak eman eta kantuan ariko dira Gotzon Barandiaran, Gorka Urbizu eta Imanol Ubeda. Bi ekitaldiak Sanagustin kulturgunean.

Bi batzar

Kulturaldiak iraungo duen garaian, Kultur Mahaiak bi batzar egingo ditu.

- Abenduak 1 (osteguna): Kultur Mahaiko partaideen batzarra. Kultur Mahaia osatzen duten kideek urteko azkeneko batzarra egingo dute abenduaren 1ean: 20:30ean, Baigera I-ean. Herriko 23 kultur taldeek, udal taldeek, kultur teknikariek eta norbanako batzuek osatzen dute Mahaia.

- Abenduak 10 (larunbata): Kultur Mahaiko bazkide norbanakoen batzarra. Kultur Mahaiko bazkide norbanakoen ohiko batzarra izango da abenduaren 10ean: 11:00etan, Baigera I-en. Mahaiak 352 bazkide dauzka, eta aurten 400era heltzeko asmoa du. Bazkidetza egiteko, hemen (urtean 10 euro dira).