Alaitz Olaizola: "Talde amateurrek biziraupen seguruagoa dutela ematen du"

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 17a, 20:11
Alaitz Olaizola,

Larunbatean Soreasun izango da Euskal Antzerki Topaketen barruan Lost and Found antzerkia zuzentzen

Durangoko Azokan bere azken liburua aurkeztuko dute: Sekretuen lapurrak haurrentzako antzerki lana

Zortzigarren urtez antzeztuko dute Azpeitiko emakume tailerrekoek Alaitz Olaizolak (Azpeitia, 1975) idatzi eta zuzendutako antzerkia XXIX. Euskal Antzerki Topaketetan. Larunbat gauean egingo dute, Iñaki Bergara Pio aktore azpeitiarra omenduko duten egun berean. Lost and Found lana ez da eskuartean duen obra bakarra, ordea. Erein argitaletxearekin argitaratu berri du Sekretuen lapurrak, haurrentzako antzerki liburu berria. Durangoko Azokan aurkeztuko dute. Hain zuzen ere, emakumeak eta haurrak ditu ardatz bere eguneroko lanean, bi taldeei antzerki tailerrak ematen baitizkie. Oholtzaz kanpo ibiltzen da haiekin, eta oholtzara igota, berriz, Lakrikun taldearekin.

Idaztea ala antzeztea, zer izan zen lehenagokoa?

Eskola antzerkian hasi nintzen, eta esperientzia oso interesgarria izan nuen han: liburu bat hartu nuen, eta antzerki formatura bihurtu. Hori lehen urtean izan zen; istorio batetik antzerki testu bat nola sortu irakatsi ziguten. Gero, haustura handi bat etorri zen niretzat, Lakrikun antzerki taldean hasitakoan. Gurutzek [ Eizmendi ] antzerki lan bat aurkitzen laguntzeko eskatu zidan. Artean oraindik ez nintzen taldekoa. Eta hala hasi ginen, lanen bila, baina beraien gustuko lanik aurkitzen ez, eta nik nire ausardia lotsagabearekin, esan nion idatziko nuela neuk. Gustuko nuen idaztea, beraz, zergatik ez saiatu? Halaxe, 22-23 urterekin nire lehen antzerki obra idatzi nuen.

Eta afizioa ofizio bihurtu zen.

Bai, asko nahi gabe agian momentu batean, baina bai. Eskola antzerkitik Antxieta amateur taldera pasatu nintzen, eta pare bat urtez ikasten aritu nintzen. Geldialdi bat egin, ama izateko, eta Lakrikunekin hasi nintzen. Lakrikun izan da antzerkiaren zaletasun hori benetan piztu didana, eta etorkizunari begirako ikuspegia eman zidana. Han hasi nintzen obrak idazten, antzezten... Geroago etorri ziren emakumeen antzerki tailerra eta umeen antzerki tailerra, eta tarte horretan baita Ereinentzako lanak idazteko aukera ere.

Zure lanbidea izan arren, freelance-etik asko duela dirudi.

Bai, eta militantziatik ere asko dago. Esan nahi dut, askotan jendea ez dela ohartzen honetatik ateratzen dudala nik soldata, eta niretzat lan orduak direla. Hori neurtzen ikasi egin behar da; bai nik, bai faboreak eskatuz etortzen direnek. "Faborez eta mesedez" asko dago. Eta antzerki bat ezerezetik idaztea lana da, ez da ordu erdiko zerbait. Horretaz konturatu behar genuke denok.

Zehazki zertan zaude murgilduta momentu honetan?

Nire lana antzerki eskolak ematea, antzerkia egitea eta Lakrikunekin antzerki lanak egin eta antzeztea da. Orain bi lan ditugu Lakrikunekin: Greban gaude eta Prest gaude; horiekin herriz herri gabiltza. Ereinentzako liburutxo batzuk idazten ditut aukera dagoenean, eta telesail batean sekuentzia baterako edo ordu erdiko emisio baterako elkarrizketa behar badute, ba horrelako gauza txikiak ere egiten ditut. Hori da nire bizia, eta hortik bizi naiz.

Herriari, Azpeitiari, oso lotuta, ezta?

Bai, eta modu xumean. Emakume tailerrerako gauzak idazten eta zuzentzen, haurren tailerrerako berdin… Nik antzerki bidea erabat herriari lotuta dut. Gero badago liburuak ateratzeko Ereinek ematen didan aukera hori, baina nire antzerki bizitza herriari lotuta dago batez ere.

Herriari buruz hasita, larunbatean antzeztuko duzue Lost and Found Soreasu antzokian. Larunbata izanda, gustura?

Bai, Iñaki Bergara Pio omenduko duten egun berean dugu emanaldia. Geuk eskatu genuen azpeitiarrak garenez larunbatean jartzeko emanaldia. Amateurrak dira gure taldekideak, lan egiten dute eta ostiraletan gaizki etortzen zaie. Iñakiren omenaldia tokatu da, eta ondo dago, herriari begira, azkenean Azpeitiko antzerki mugimendu hori egun berean nabarmenduko da: aurrena Txalo Saria emanda Iñakiri, eta gauez, gure antzezlanarekin.

Azpeitian nola ikusten duzu antzerkigintzaren egoera? Zer hausnarketa egingo zenuke?

Esan berri didate artxiboetan agertzen dela Azpeitian lehenengo aldiz 1500. urte inguruan egin zela antzerki obra bat. Eta pentsatzen jarri naiz, orain 500 urte Amerika deskubritzen ari zirela espainiarrak; indioak konkistatzera joan zirenean Azpeitian antzerkia egiten zen, eta hortaz begira zenbat urtean dagoen antzerkia herrian. Euskal Antzerki Topaketek ere 29. urtea dute, eta ziklo bezala hartuta, Azpeitian sekulako arrakasta dutela iruditzen zait; agian joera sortu da antzerkira joateko. Gainerakoan, urtean zehar antolatzen direnetan, batzuetara jende asko joaten da eta beste batzuetara, berriz, oso gutxi.

Etorkizuna nola ikusten duzu?

Hor dago EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, eta han aritu dira hizketan aurten estreinatu diren antzezlan kopuruaz: oso gutxi izan dira. Eta momentu honetan, talde amateurrak ere asko ez daude, baina ematen du biziraupen seguruagoa dutela. Izan ere, ez da beraien lana, lanorduez kanpo egiten den zerbait da, gogoz eta desioz egiten den zeozer. Profesionalek ere hala egiten dute, baina hor dirua dago bitarteko, eta krisi garai hauetan horretarako ere ez dago. Ni horretan baikorra naiz, dena den; bizitza hala da, batzuetan goian eta besteetan behean egotea tokatzen da, eta momentu honetan ahul eta eskas dago antzerkigintza baina, aurrera begira, aldatuko da hori.

Arrazoiren batengatik?

EHAZEk horretan laguntza bat, bultzada emango duela uste dut, hori du gainera helburu, euskal antzerkigintza sustatzea, eta ziur naiz antzerkigintzak berriz ere izango dituela bere urrezko garaiak.

Oztopo handiena zein da: antzerkira diru nahikoa ez bideratzea, ala ikusle falta?

Neuk ere ez dakit, agian bata eta bestea lotuta daude eta elkarren ondorio dira; ez dakit. Gero, beste kontua da antzerki lanekin asmatzen ote dugun. Hor denok autokritika egin beharko genuke; geurea dena ateratzen al dugun ala kanpotik datorrena segurua den eta hori saldu nahi dugun... Nik uste dut momentu askotan dirua ere egongo dela: aktore profesionala hortik bizi da, eta hark ere jan egin behar du, lan asko da, eta horrek dirua balio du. Eta, akaso, urte askotan hori ordaindu egin den bezala, orain dirurik ez dagoenez, aurreneko gauza hori kentzen da.

Eta publikoari dagokionez?

Publikoari dagokionez, kulturan askotan gertatzen da musika edo antzerkia ikusteko ordaindu behar izatea zalantzan jartzea. Antzerkia benetan gustuko duenak ordainduko du ordaindu behar dena, baina hemen herrian ere argi ikusten da: doakoak diren saioetan jende gehiago egoten da ordaindu behar denetan baino. Orduan, zein da arrazoia? Ba, agian jendea ez dagoela antzerkia ikusteagatik ordaintzeko prest, edo agian momentu honetan ez duela dirurik horretarako. Arrazoia zein den jakingo banu, beste era batera funtzionatuko genuke guztiok, baina ez dut erantzunik horretarako.

Zeuk egin duzun eta egiten duzun lanera itzulita, azkenekoa aipatu behar: nola baloratzen duzu haurrentzat idatzi duzun Sekretuen lapurrak antzerki liburua?

Beti ez zara sentsazio berarekin gelditzen, baina kasu honetan oso pozik nago. Errealitatea fantasiarekin nahasten saiatu naiz bertan, eta gustura nago emaitzarekin; gainera, oso marrazki politak egin dizkio liburuari Begoña Durrutik.

Nolakoa da antzerki lan bat idazteko prozesua? Erritualen bat jarraitzen al duzu, kasu honetan haurrentzako liburuei dagokienez?

Askori gertatuko zaion bezala, ederrena izaten da lana entregatzeko epe bat jarrita edukitzea. Horrek pilak jarrarazten dizkizu. Nik urte osoa igarotzen dut egoera desberdinen bila. Bila ere ez, agian: botikara joan, eta gustuko zerbait aurkitzen dut istorio baterako; okindegira joan, eta plast! badator ideia bat. Ni ez naiz mendira joaten inspiratzera: egunerokotasunetik abiatzen naiz.

Koadernoa beti soinean eramaten duen horietakoa al zara?

Bai, baina horrelako gauzak askotan ez ditut apuntatzen, fedea dudalako gogoratuko naizela. Beti ez da hala izaten, baina ideia bat oso indartsu sartzen denean, hori hor gelditzen da. Esaterako, hori gertatu zait azken liburuan. Telebista ikusten ari nintzen, zapping egiten: La2 katean film bat zegoen eta kondaira bat hasieran; badela Japonian zuhaitz bat non sekretuak kontatzen zaizkiona... eta ni hor gelditu nintzen. Zuhaitz bat eta sekretuak. Ez nuen ezer apuntatu, baina hor gelditu zitzaidan. Ideia hartutakoan ere, hilabete batzuetan ez naiz esertzen idaztera, baina dena lotzen joaten naiz pixkanaka. Gutxi gorabehera dena argi dudanean, idazteari ekiten diot libre antzera nagoenean, apunteak hartuta; baina ez naiz egunero ordubetez aritzen, esaterako.

Irizpiderik jarraitzen al duzu?

Umeentzako idazteak baditu zailtasun batzuk. Beraz, nahiz eta ez izan arauak, badaude zenbait gauza beti buruan ditudanak, kontuan hartzen ditudanak. Helduentzako idazten dudanean, esaterako, testuak ez nau kezkatzen: badakit buruz ikasiko dutena. Haurrei dagokienez, berriz, kontuan izan behar da zer adinetakoak diren eta zer gaitasun duten testua ikasi eta hori gogoratzeko. Horregatik, ahalik eta gehien esaten saiatzen naiz ahalik eta hitz gutxienetan. Umorea izatea ere gustatzen zait, hori pixka bat landu behar da. Erraza dirudi, 40 orritxo dira, baina barruan gauza asko hartu behar da kontuan. Helduentzako ari zarenean ere bai, baina beste modu batera.

Antzerki tailerretarako idazten duzunean, taldeko pertsona konkretu bakoitzarentzat egiten duzu, ala gero zehazten da zeinek hartu paper hori?

Lakrikunentzako idatzi izan dudanean, haurrentzako idazten dudanean nahiz emakumeentzako idazten dudanean, normalean, pertsona jakinentzat idazten dut. Gainera, pixka bat neurrira egiten dut; hasi aurretik galdetu egiten dut bakoitza nola dabilen, eta batek esaten badit entseguetara etortzeko larri ibiliko dela, hari paper txikiagoa jartzen diot. Beste batek gaiztoarena egiteko gogoa badu, ba hari hori idazten diot. Umeekin ere berdin egiten dut. Lehiaketetara bidaltzeko idatzi izan dudanean, berriz, agian aurpegia jartzen nion pertsonaiari, baina ez zen inorekin pentsatuta izaten.

Lehiaketak aipatu dituzunez: antzerkigintzan Euskaltzaindia-BBK saria bitan irabazi duzu, Kutxa saria beste behin, Antzerki Topaketetako ikusleen sariak ere bai... Sari horiek mailakatzerik ba al dago?

Oso sari desberdinak dira batzuk besteengandik. Batzuk ikuspegi literariotik jasotako sariak dira, eta besteak, antzerki obra bezala saritutakoak. Niretzat sari horiek oso garrantzitsuak izan dira. Badakit denok errepikatzen dugula, baina sari horiek fedea ematen dute: zure ingurukoek baloratzen dute zure lan hori, baina horretan dabiltzanek, ikuspegi literariotik, horiek ere baloratu dute, eta hori garrantzitsua da, horrek aurrera jarraitzeko bultzada ematen duelako; "ezin dut atzera egin", esaten duzu. Beti geure burua gutxiestera jotzen dugu, eta horrek nolabaiteko gaitasun bat frogatzen du. Eta, bestetik, Ereinentzako liburu hauek idazten hastea sari baten ondoren etorri zen, eta pentsatu nahi dut zure curriculumeko partetxo bat dela eta horrek ematen dizula halako zerbait; ate berriak zabaltzen dizkizu, ekonomikoki momentu horretan suposatzen duenaz gain, hori ere oso inportantea delako.

Desberdin lantzen al duzu gero antzeztekoa den lan bat, irakurtzeko den batetik?

Ereinentzako idazten ditudanean, antzezteko idazten ditut. Askotan egongo da bakarren bat liburua hartu eta esango duena horrek irakurtzeko ez duela ezer; baina, nik, antzerkia beti ulertu izan dut antzezteko dela, agian etorkizunean beste era batera ikusiko dut, baina orain horrela pentsatzen dut. Umeekin eskola askotan egoten naiz liburuei buruz hitz egiten, eta normalean, irakurtzen dituzten liburu horiek antzeztu egiten dituzte. Lan hauek idazten ditudanean, nire helburua dudarik gabe da gero ume horiek eskolan antzeztu ahal izatea.

Zeuk ikusi al duzu antzezlan horietakorik?

Bai. Bizkaian ikusi nuen nire aurrenetariko liburu baten antzezlana, Autobusaren zain, eta emozionatu egin nintzen, malkotan egon nintzen. Gainera, ez ziren euskaldun peto-petoak, Azpeitian bezala; ikasten ari ziren. Oso lan txukuna egin zuten. Gerora, Donostian ere egin zuten beste lan bat, niretzako espreski prestatua. Liburuari buruz hitz egitera joan nintzen, eta irakasleak bildu zituen ikasleak, eta lana egin ziguten. Egin dituzten antzerki ia gehienak ikusi ditut, asko sarean.

Zein sentsazio uzten dute?

Lehenengo aldiz liburu hauekin soltatu izan dut pixka bat nik egindako lana. Izan ere, emakumeen antzerki tailerrerako idazten dudanean neu barruan nago eta umeen tailerretan, berdin. Baina kasu honetan beste esku batzuetan uzten da lana, eta eskola batetik bestera aldatu egiten da. Hori zirraragarria da, gozada bat da: zuk zure etxean, bakardadean egin duzun lana, bat-batean beste batzuk lantzea.

Interpretazioren batek harritu al zaitu?

Antzerki obra bera eskola batetik bestera zer desberdin egiten den ikusteak harritzen nau, eta hori bera da aberasgarriena niretzat.

Ibilbidea

Antzerkia:

  • Ez dira berdinak, antzekoak baizik (Lakrikun)
  • Garalderem Requiem-a (Lakrikun)
  • Agorafobiatuta (Lakrikun)
  • Zintzilik (Lakrikun)
  • Sateliteatzen (emakumeen antzerki tailerra)
  • Kontuz, garbitu berria (emakumeen antzerki tailerra)
  • Bai, nor da? (emakumeen antzerki tailerra)
  • Iraultza azokan (emakumeen antzerki tailerra)
  • Habemus zirkus (emakumeen antzerki tailerra)
  • Autobusaren zain II (emakumeen antzerki tailerra)
  • Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin (2002, Euskaltzaindia - BBK saria)
  • Clitemnestra-ren itzulera (2004, Kutxa saria)
  • Joanes (Itxaropenaren semea) (2006, Euskaltzaindia - BBK saria)
  • Greban gaude (Lakrikun)
  • Prest gaude (Lakrikun)

Antzerkia: haur eta gazte literatura (guztiak Erein argitaletxearekin argitaratuta):

  • Autobusaren zain (2005)
  • Non biziko gara? (2005)
  • Txiukue (2005)
  • Denboraren makina (2007)
  • Torrepeko zaldunak (2009)
  • Sekretuen lapurrak (2011)