Txalo taldearen 'Ipuinaren bila' lanarentzat izan da Antzerki Topaketen Ikusleen Saria

Uztarria.eus 2011ko aza. 23a, 19:11

Udalak 600 euroko saria ematen du ikusleek emandako puntuazioan oinarritutako sari honekin

Soreasura "jende ugari hurbildu" dela eta Topaketek "erantzun ona" izan dutela nabarmendu dute Udaleko Kultura sailetik

Txalo taldearen Ipuinaren bila lanarentzat izan da XXIX. Euskal Antzerki Topaketen Ikusleen Saria. Azaroaren 13an taularatu zuten Txalokoek saria jasoko duen lana Soreasun. Hainbat tradizio eta herritako ipuinetatik zeharkaldia egiten dute Iraitz Lizarraga eta Aitor Fernandino aktoreek Ipuinaren bila obran. Udalak 600 euroko saria ematen du ikusleek emandako puntuazioan oinarritutako sari honekin.

Hilaren 4tik 20ra egin dira aurten Euskal Antzerki Topaketak eta Udalak, antolatzaile gisa, 2011ko edizioaz balorazio ona egin du. Soreasura "jende ugari hurbildu" dela eta Topaketek "erantzun ona" izan dutela nabarmendu dute Udaleko Kultura sailetik. Txintxetaren Bodologuak lanaren estreinaldiak izandako harrerak "denak harritu" dituela dio Udalak bere balorazioan, "antolatzaile, obraren zuzendari eta aktoreak, izugarria izan baita 550 ikuslek antzokia leporaino bete izana, eta beste 280 pertsona inguru sartu ezinda geratzea. Beraz, Antzerki Topaketatik kanpo berriro ere lehenbailehen programatu beharra izan dugu". Hain zuzen ere, igandean, azaroaren 27an, emango dute berriro.