Jokin Uranga ez da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izango

Uztarria.eus 2011ko abe. 4a, 23:12

Gaur, igandea, Hernaniko Galarreta pilotalekuan izan da finalaurrekoa eta laugarren egin du azpeitiarrak

Azpeitiko eta Errezileko sei bertsolarik hartu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, baina inork ez du finalerako txartela lortu

Jokin Uranga ez da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izango abenduaren 18an, Donostiako Illunben. Gaur, igandea, Hernaniko Galarreta frontoian jokatu da finalerdietako hirugarren eta azken saioa, eta 470 puntu eskuratu eta laugarren postuan sailkatu da azpeitiar bertsolaria. Urangarentzat puntu horiek ez dira nahikoa izan finalerako txartela lortzeko.

Gaurko saioa Iñaki Apalategik irabazi du 480 punturekin. Bigarrena, Jon Martin izan da 479,5 punturekin. Hirugarren Amaia Agirrek egin du 472,5 punturekin. Jokin Urangak 470 lortu ditu eta laugarrena izan da. Iñigo Mantzisidor Mantxi-k 460,5 puntu lortu ditu eta bosgarren sailkatu da, eta Ainhoa Agirreazaldegi izan da seigarrena 451 puntu batuta.

Hauek izango dira finalean arituko diren bertsolariak:

Finalistak

  • Jexux Mari Irazu: 496,5 puntu (bigarren finalaurrekoko irabazlea).
  • Aitor Sarriegi: 492.
  • Beñat Gaztelumendi: 490,5 (lehen finalaurrekoko irabazlea).
  • Unai Agirre: 490.
  • Agin Rezola: 486.
  • Alaia Martin: 482.
  • Iñaki Apalategi: 480 (hirugarren finalaurrekoko irabazlea).
  • Jon Martin: 479,5.

Azpeitiko eta Errezileko sei bertsolarik hartu dute parte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, baina inork ez du lortu finalerako txartela.