Kultur Mahaiak ohorezko bazkide izendatuko du Imanol Elias, igande honetan

Enekoitz Esnaola (Azpeitiko Kultur Mahaia) 2011ko abe. 5a, 15:12
Imanol Elias Odriozola.

Kulturaren alde egindako lana aitortuko dio herriko bilguneak. Antzerkia, historia, literatura, Antxieta Etxeko erakusketa aretoa, komunikabideak, herrigintza... jorratu izan ditu. Hemen haren ibilbidea urteka

Sanagustinen izango da ekitaldia, 18:00etan hasita

"Imanol antzerkilaria, Imanol alkatea, Imanol idazlea, Imanol historialaria... Imanol Eliasek aurpegi asko ditu, baina izaera bakarra: beti jakin-minez, beti bila, beti lanerako prest, beti sortzen eta beti zerbait adierazi nahian". Hala dio Mailo Oiarzabal kazetariak Imanol Elias Odriozolari buruz, honen biografian. Zenbat alor, zenbat lan, herriarren alde, herritarren alde.

Lan hori aitortu, eta Azpeitiko Kultur Mahaiak Imanol Elias ohorezko bazkide izendatuko du abenduaren 11n (igandea), Sanagustinen 18:00etatik aurrera izango den ekitaldi irekian. II. Kulturaldiko ekimenetakoa izango da.

Azpeitiko kultur talde denak (22ak) daude Kultur Mahaian. Udal taldeek, kultur teknikariek, norbanako batzuek eta Sanagustineko zuzendaritzako kideek ere hartzen dute parte.

Imanol Elias Odriozolaren bizitzako zenbait zertzelada

- 1936. Urtarrilaren 1ean jaio zen, Azpeitian. 75 urte ditu, beraz.
- 1955. Bilbon Maestria Industrial barruko mekanika ikasketak burutu, herriko lantoki batzuetan aritu eta 1955ean Azpeitiko Institutu Laborala sortu berrian irakasle postua eskuratu zuen. Institutuko irakasle lanak antzerkiaren inguruan zerbait egiteko aukera eman zion; ikasleekin egin zuen lehen lana El catedrático de anatomía izan zen.
- 1956. Azpeitian 1956an sortu zuten OARGUI (Organización Artística Recreativa Guipuzcoa). Ramon Etxeberria izan zen lehen presidentea eta Imanol Elias idazkaria —"idazten nekielako-edo"—. Oargiren bidez hainbat ekimen jarri zituzten martxan Azpeitian, festei edota kulturari lotuak.
- 1957. Orduan eskaini zuen Oargik bere lehen antzezlana, Soreasun —Damua garaiz—, eta tartean zen Elias.
- 1957. Azpeitiko parrokiaren Olatz aldizkarira lehen artikulua igorri zuen, Gaiztoa ezizenarekin.
- 1958. Soldadutzara joan zen: Marokora, Ifnira.
- 1961. Ezkondu egin zen, Itziar Oiarzabalekin.
- 1961. Loiola Irratia sortu berrian kolaborazioak egiten hasi zen. Hasieran, zorion agurren tartea eginez. Geroago, besteak beste, haren sketch laburrek osatu izan zuten saiorik.
- 1964. Bere aurreneko antzezlana sortu zuen: Inoxente: Komedia erako lan horren estreinaldia 1966ko Santo Tomas egunean egin zuten, Azpeitian, Soreasu antzokian. 
- 1966. Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunaren poesia lehiaketan saritu egin zuten, Mendizaleak Azpeitian olerkiarekin. 1969an beste sari bat eskuratu zuen: Iruñean I. Lore-Jokoetan, Egilearen egarri poesiarekin.
- 1968. Urte hartatik aurrera komunikabideetan artikuluak plazaratzeari ekin zion. Lehendabizikoak, Zeruko Argia aldizkarian. Gero La Voz de España eta El Diario Vasco egunkarietan; horietako artikulu gehienek Azpeitiko gaiekin zuten lotura. 1993an bukatu zuen El Diario Vasco-ko kolaborazioa.
- 1970. Imanol Eliasen historia arloko lehen lan aipagarria: Azpeitia y sus hombres.
- 1974. Oargiren lanari jarraipena eman nahian, Erri-Zale elkartea sortu, eta Elias jarri zuten presidente.
- 1978. Acerias y Forjas lantokian hamabost urtean aritu ondoren, 1978an Gipuzkoako Kutxa Probintzialak Azpeitiko Antxieta Etxeko erakusketa aretoko zuzendari izendatu zuen. 
- 1981. Juan Antxieta. Apuntes históricos liburua aurkeztu zuen. 
- 1981. Antxieta Antzerki Taldearen sorreran parte hartu zuen. Hura zen zuzendaria eta, gainera, 1989ra bitartean hark idatzitako antzezlanak plazaratu zituen Antxietak: Sendagai traketsa (1982), Jokoa nagusi (1983), Lapurreta urtsua (1984), Bi ahoko ezpata (1985), Haunditasun ametsak (1986), Hiru morroiak (1987), Sendagile dantzaria (1989) eta Bat, bi, hiru (1989). 1982ko uztailaren 29tik 1989ko abenduaren 9ra Antxietak 58 emanaldi egin zituen. 1981-1989ko tarte horretan hamazazpi antzerki obra idatzi zituen Eliasek.
- 1983. Orduan hasi zen Azpeitia eta Hazparne (Lapurdi) herrien arteko senidetzea, Elias zela Azpeitiko alkate.
- 1983. Euskadiko Euskal Antzerki Topaketak sortu zituen Eliasek, alkate zen garaian.
- 1984. Alkate zela, Azpeitian zer? udal aldizkaria sortu zuen.
- 1986. Arrate Irratian kolaboratzen hasi zen, Azpeitiko eta inguruko albisteak emanez. Duela hiru aste utzi zuen. Hamar-hamabost minutuko saioa egiten zuen astero. 
- 1989. Antxieta Antzerki Taldea utzi zuen.
- 1989. Amuko zubia nobela aurkeztu zuen.
- 1992. Aurreratutako erretiroa hartu zuen. Antxieta Etxean izan zuen azken lanpostua. Hala ere, erakustokian laguntzen jarraitu zuen —haren emazteak hartu zuen zuzendari ardura—.
- 1995. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kide izendatu zuten, Antxieta Etxean.
- 1997. Azpeitia historian zehar liburua aurkeztu zuen. 670 orrialdeko lana.
- 2000. Uztarria Azpeitiko aldizkarian herriko historiari buruz hilero artikulua idazten hasi zen. 2009ra arte jardun zuen.
- 2000. Azpeitia. Gaztaroko kronikak liburua aurkeztu zuen.
- 2002. Uztarria Kultur Koordinakundeak Imanol Eliasi buruzko biografia argitaratu zuen, Mailo Oiarzabalek idatzita.
- 2003. Azpeitiko efemerideak. Herria historian zehar liburua aurkeztu zuen Eliasek.
- 2004. Azpeitia, 500... azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak liburua aurkeztu zuen.
- 2009. Euskal Antzerki Topaketetako Txalo saria jaso zuen, Udalak emanda.
- 2010. Herriko ohorezko kronista izendatu zuen Udalak.
- (post scriptum: 2011. Kultur Mahaiak ohorezko bazkide izendatu zuen abenduaren 11n.) 

Politikan bi sartu-irten

- 1974-1979. Azpeitiko Udalean zinegotzi lanetan sartu zen 1974an, eta frankismoaren ondorengo lehen udal hauteskundeak egin arte egon zen ofizialki —1979ra arte; 1978an dimisioa eman bazuen ere—. Aldi hartan, frankismoaren ostean Azpeitian ikurrina lehen aldiz 1977ko urtarrilaren 19an jarri zuten udaletxean, San Sebastian bezperan, eta Udaleko kide zen Elias. Hark leitu zuen euskaraz, udaletxeko balkoi nagusitik, udalbatzar osoak ikurrina jartzeko hartu zuen erabakiaren testua.
- 1983-1984. Alkate hautatu zuten 1983an, EAJtik. 1984 bukaeran utzi egin zuen kargua, alderdiaren barne krisiaren ondorioz dimisioa emanda. 

"Azpeitiari diodan maitasunak bultzatuta"

Uztarriak ateratako biografiako zati honek laburbildu dezake Imanol Elias Odriozola:

"Azpeitia historian zehar-en neurriko liburu batek lan galanta eskatzen du, ezinbestean. Eta horrelakoxea izan zen Imanol Eliasek egin zuena: lan galanta. Guztira lau urte eman zituen historia lan mardula taxutzeko. Lehendabiziko bi urteak Azpeitiko Udal Artxibategia goitik behera miatzen aritu ondoren, beharrezko datu guztiak bildu eta gero datu horiek sailkatzen, zuzentzen, itxura ematen eta idazten pasatu zituen beste biak. Ordu pila ederra, bere kabuz bururatutako proiektuan murgilduta, kalkulatu ezinezko ordaina izango lukeena. Azkenean, liburua argitara ematea izan zen Imanolentzako saria, beretzat preziatuena. Liburuaren hitzaurrean Imanolek idatzita utzi zuenak garbi erakusten du Azpeitia historian zehar egitera bultzatu zuten arrazoiak eta liburuaren beraren helburua: 'Nire jaioterriari, Azpeitiari diodan maitasunak bultzaturik saiatu naiz lanean eta ondorio hauxe lortu dut (...) Ongi dakit beste norbaitek lan egokiagoa lortuko zuela nik aurkitu eta erabili ditudan datuak izan balitu. Baina jakinean naiz baita, gehienez ere, nik jarri dudan hainbateko gogoa jarriko zuela beste norbait horrek. Gehiagorik ez behintzat, ezinezkoa denez'".