Alaitz Alberdi: "Erakusketan jarri ditudan margolanak intimoak dira"

Uztarria.eus 2011ko abe. 16a, 13:12
Alaitz Alberdik margolanen erakusketa jarri du Etxe Zuri tabernan.

Alberdik Etxe Zuri tabernan jarri du bere lehenengo bakarkako erakusketa

.14 margolan eskegi ditu tabernako hormetan

Etxe Zuri tabernan jarri du Alaitz Alberdik (Azpeitia, 1982) bere lehenengo bakarkako erakusketa. 14 margolan eskegi ditu tabernako hormetan, eta Gabonak bukatu artean ikusgai egongo dira lanak. Uztarria.com-ek Alberdirekin hitz egin du:

Zure lanekin soilik jarri duzun lehenengo erakusketa da. Zer moduzko esperientzia?

Bai, hala da. Orain arte norbaitekin jarri izan dut erakusketa. Oso gustura nago. Asko kostatzen zait jende aurrean nire lanak erakustea. Borrokan ibili naiz jarri arte, baina behin jarrita, gustura nago.

Zer lan mota ikusi daitezke erakusketan?

Margolanak grabatu eta serigrafia teknikarekin eginda daude. Arte Ederrak ikasi nuen eta teknika horretan espezializatu nintzen. Intimoak dira. Abstraktuak. Elementu organikoak direla esango nuke: pertsonajeak, frutak, neure autoretrato bat ere bai...

Gairen baten inguruan antolatu al duzu erakusketa?

Marrazkiak intimoak dira. Batzuk 2006an egindakoak dira, eta beste batzuk erakusketarako egin ditut. Denek antzerako istorioa islatzen dute.

Margolanak salgai al daude?

Printzipioz ez. Ez diet eta preziorik jarri. Hori bai, norbaitek erosteko interesa balu, hitz egingo nuke. Hala ere, batzuk saltzea beste batzuk saltzea baino gehiago kostatuko zait.

Zer dela-eta jarri duzu Etxe Zurin?

Lagun batek egiten du lan tabernan. Txoko polita iruditzen zait, eta horrexegatik jarri dut han.