Ion Etxeberria: "Finala galtzen duenarekin ez da inor akordatzen, eta irabazten duena hor gelditzen da gogoan"

Uztarria.eus 2011ko abe. 20a, 12:12

Azpeitiar erremontistak zapatuan Binakako Erremonte Txapelketa irabazi zuen Zeberio bikote zuela

Binakako Txapelketako finalera iristen den hirugarren aldia zuen

Ion Etxeberriak (Azpeitia, 1983) Binakako Erremonte Txapelketa irabazi berri du, Zeberio bikotearekin batera. Zapatuan jokatu zuten partida Juaristi eta Lizasoren kontra, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, eta 40-38 nagusitu ziren Etxeberria eta Zeberio.

Uztarria.com-ek Etxeberriarekin hitz egin du:

Hirugarrenean, bai.

Kostatakoa izan da. Aurtengoa binakako txapelketan parte hartzen nuen bosgarren aldia zen. Obsesionatuta nengoen txapelketa honekin, bi final galduta nengoen-eta. 28 urte ditut eta aukerak gero eta gutxiago dira. Binakako txapelketa ofizial bat irabazi arteko onik ez nuen; finala galtzen duenarekin ez da inor akordatzen, eta irabazten duena hor gelditzen da gogoan.

Zeberiok irabazten duen zazpigarren txapela da.

Azkenengo hamabost urtean puntan dabilen aurrelaria da Zeberio, eta guztira zortzi aldiz iritsi da finalera. Zortzitik zazpitan irabazteak dena esaten du. Bestalde, poz handia ematen dit txapela berarekin irabazi izanak; kantxan oso ondo modaltzen gara, eta handik kanpo ere lagun handiak gara.

Zer moduz sentitu zinen kantxan?

Ondo sentitu nintzen. Oso eroso eta lasai. Partida irabaztearekin oso obsesionatuta nengoen hasieran, agian, baina urteetako esperientziarekin ikasi dut, finaletan dudan dena ematen. Beste urteetan mentalki ez nintzen oso prestatuta iritsi finalera. Iritsi izanarekin ja harro egoten nintzen eta ez nuen barneratzen finalean nengoela.

Espero al zenuen irabaztea?

Espero, ez dakit, baina aukera asko ikusten nituen bai finalera iristeko eta bai ondo moldatzeko. Zeberio txapel askorekin zetorren, eta txapelketa aurrera zihoan heinean, biok joku ona izatea lortu dugu.

Hasieran, atzetik joan zineten, baina markagailuari buelta ematea lortu zenuten.

Hasieran, hiru tantuko aldea hartu genuen, eta neuk eman beharraren eman beharrarekin bi pilotakada toldora bota nituen. Aurkariak oso ondo sartu ziren partidan, aldea atera ziguten. Hurreratzen ginen, eta berriz hanka egiten ziguten. Tantoak oso parekatuak eta oso gogorrak ziren, baina denak beraien aldekoak. Ikusten nuen lanean segi beharra zegoela, eta zorteak aldatu beharra zuela. Hala gertatu zen. Oso parekatua izan zen, eta zortea izan genuen bukaera aldera.

Zer izan zen partida irabazteko klabea?

Konstantzia, lana eta fisikoki haiek baino hobeto egotea. Hasieratik esfortzu handia egin zuten biek, eta partida bukaeran ondorioak jasan behar izan zituzten.

Helburua beteta gelditu al zara?

Bai. Egia esan, txapelketa hasieratik esperantza handia genuen. Urte guztian lan asko egin dugu, eta ikusten nuen momentu onean iritsiko ginela txapelketara. Nik uste hala ikusi dela.

Binakakoa al da zuretzat txapelketa garrantzitsuena?

Bai. Banakakoa ia ezinezkoa ikusten dut. Nahiko baldarra naiz banaka jokatzeko. Urtean bi txapelketa nagusi egoten dira; hau eta banakakoa. Pena litzateke erremontea bietakoren bat irabazi gabe uztea.

Orain zein txapelketa prestatu behar duzu?

Gehiena prestatzen ditugunak banakakoa eta irabazi berri duguna, binakakoa, dira. Gero, urte guztian ahal den maila onenean prestatzen saiatzen naiz, baina preparazio gehien binakakorako egiten dut. Orain torneo txikiak egongo dira, eta horietan ere ahalik eta maila onena erakusten saiatuko naiz.

Aurrera begira zer asmo dituzu?

Ahal den mailarik onena hartu, eta hor goiko pilotarien artean mantentzea eta horiei gerra ematea dira nire helburuak. Banakako txapelketarekin, harra daukat. Sekula ez naiz ondo moldatu txapelketa horretan, eta nahiz eta oso zaila ikusi, azkenengo ligaxkan sartzea satisfazio handia litzakete.