Presoen aldeko hainbat ekimen egingo dituzte Gabonetan

Uztarria.eus 2011ko abe. 20a, 13:12
Hainbat herritar zapatuan Frontoi Txikin egin zuten agerraldian.

Gaur gaurkoz "euskal preso politikoek bizi duten egoerak gogorra izaten jarraitzen" duela adierazi dute

Abenduaren 24an elkarretaratzea, eta hilaren 31n manifestazioa egingo dituzte, besteak beste

Joan den zapatuan, hilak 17, hainbat herritarrek Gabonetan presoen alde egingo diren ekimenak aurkeztu zituzten Frontoi Txikian. Han bildutakoen arabera, "ukaezina da Euskal Herriarentzat urte berezia izan dela 2011. Hamarkaden joan-etorrian ezagutu dugun eta hainbeste sufrikario eragin duen eta eragiten ari den gatazka politikoa gainditzeko pauso garrantzitsuak eman dira aurtengoan". Pausoak eman dira, baina gaur gaurkoz "euskal preso politikoek bizi duten egoerak gogorra izaten jarraitzen" duela adierazi dute: "Azpeitian sei preso politiko etxetik ehunka kilometrora sakabanatuak aurkitzen dira. Tartean aurkitzen da Juan Carlos Arruti Paterra, ezarritako espetxe zigorra betea izan arren oraindik preso jarraitzen duen euskal preso politiko azpeitiarra".

Urtarrilaren 7an Bilbon burutuko den Herri Mobilizazio Orokorrerako autobusak antolatuko dituztela adierazi dute. Bestalde, presoei eta senideei elkartasuna adierazteko, antolatu dituzten ekimenetan "parte hartzeko" deia luzatu diete herritarrei. Hona ekimenak:

Abenduak 24, zapatua, elkarretaratzea plazan, 19:00etan hasita.

Abenduak 30, ostirala, hileko azken ostiraleko ekimenak: 19:00etan, elkarretaratzea plazan. Ondoren, pintxo poteoa, Lokotx, Oñat, Zuhatz, Txarrantxa, Amaia eta Korrale tabernetan.

Abenduak 31, zapatua, 19:00etan manifestazioa, igerileku aurretik abiatuta.

Urtarrilak 1, igandea, 09:00etan abiatuta, Erlora mendi irteera.