Azpeitiak eta Zestoak zaharren egoitzen gaineko elkarlanerako hitzarmena sinatu dute

Uztarria.eus 2011ko abe. 27a, 18:12
Ezkerretik eskubira, Joseba Illarramendi, Leire Etxeberria, Eneko Etxeberria eta Manolo Aizbitarte.

Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntzak eskatzeko indarrak batu dituzte

Bi herrietako egoitzak ere elkarlanean ariko dira, bai kudeaketan eta bai erabaki estrategikoetan elkart hartuta

Azpeitiak eta Zestoak zaharren egoitzen gaineko elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horrekin, bi herrietako udalek Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntzak eskatzeko indarrak batu dituzte, alde batetik, eta bi herrietako egoitzak ere elkarlanean ariko dira, bai kudeaketan eta bai erabaki estrategikoetan.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Leire Etxeberria Zestoako alkateak, Zestoako zaharren egoitzaren zuzendari Joseba Illarramendik eta Azpeitiko San Martin egoitzaren zuzendari Manolo Aizbitartek hartu dute parte elkarlanerako akordioaren sinadura ekitaldian, Azpeitiko udaletxeko Areto Nagusian.

Azpeitiko eta Zestoako zaharren egoitzek, bien artean, 122 egoitzako plaza homologatu, 16 unitate psikogeriatriko, 15 Eguneko Zentroko plaza eta 8 etxe babestu eskaintzen dituzte. Guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutakoak dira, Azpeitiko 7 plaza izan ezik.

Irabazi asmorik gabeko bi fundaziok kudeatzen dituzte bi herrietako egoitzak, baina azken urteetan "hutsune nabarmenak" aurkitu dituzte inbertsioei aurre egiterako orduan: "Beraz, inbertsioen finantzaketa publikoa eskatzen dugu. Aldi berean, eskaintzen ditugun plaza guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuak izatea eskatzen dugu. Behar sozialei erantzuteko sortuak izan ginen, eta behar horiei erantzuten jarraitzea da gure helburua, ahalik eta modu garden, zuzen eta duinenean", agertu dute arduradunek.