Gabonetako Iraurgi Cup txapelketa jokatuko dute igandean

Uztarria.eus 2012ko urt. 4a, 14:01

Garmendipe futbol zelaian izango da txapelketa, 09:00etan hasita

Meliton Rodriguez Iraurgi Cup-eko antolatzaileak esan duenez, "talde guztiak euskaldunak izango dira, talde guztiei nahi diegu-eta aukera eman"

Iraurgi Cup Kirol Klubak antolatuta, Gabonetako Iraurgi Cup txapelketa jokatuko dute igandean, urtarrilaren 8an, Garmendipe futbol zelaian. Alebin mailako mutilek jokatuko dute futbol zortziko txapelketa. 09:00etan hasiko da eta 14:00ak aldera bukatu. Meliton Rodriguez Iraurgi Cup-eko antolatzaileak esan duenez, "Gabonetako txapelketa antolatzen dugun lehenengo aldia da, eta talde guztiak euskaldunak izango dira, talde guztiei nahi diegu-eta aukera eman".

Hamar taldek bi multzotan banatuta hartuko dute parte txapelketan. Lehenengo taldean, Lagun Onak A, Iraurgi Cup, AƱorga, Reala eta Zumaiako lehiatuko dira. Bigarrengoan, berriz, Lagun Onak B, Anaitasuna, Tolosa, Antiguoko eta Ikasberri. Talde bakoitzetik lehenengo biak sailkatuko dira hurrengo fasera. Bi lehenengoek finala jokatuko dute, eta bi bigarrengoek, aldiz, hirugarren eta laugarren postuak. Partidek 20 minutu iraungo dute.

Ekainean bigarren Iraurgi Cup antolatzeko lanetan dabiltzala adierazi dio Rodriguezek Uztarria.com-i: "Gure helburua oinarrizko futbola sustatzea da. Ekainekoa prestatzen hasita gaude, eta txapelketa egiten jarraitu nahi dugu, baina egoera ekonomikoa dagoen bezala, ez dakigu nola ibiliko garen. Hala ere talde ugari lotu ditugu dagoeneko; Bartzelona, Reala, Osasuna, Athletic, Valentzia, Sevilla...". Txapelketa ekainaren 15ean, 16an eta 17an izango dela ere aurreratu du Meliton Rodriguezek.

Aurrera begira ere lanean jarraituko dute Iraurgi Cup Kirol Klubekoek, eta zabaltzen jarraitu nahi dute. Horretarako, gauza gehiago antolatuko dituztela jakinarazi du Rodriguezek. Hala nola, "beteranoen arteko txapelketaren bat edo antolatuko dugu agian".