Xanti Rodriguezek argazkilaritzari buruzko lana aurkeztuko du

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 10a, 11:01

Azaroan argitaratutako liburuaren berri emango du gaur azpeitiarrak, 21:30ean, Sanagustinen

Bai proiekzio bidez, bai argazkiak fisikoki erakutsita azalduko ditu liburuaren nondik norakoak Rodriguezek

Xanti Rodriguez (1978, Azpeitia) argazkilariak iazko azaroan argitaratu zuen Fotografia y cine de animacion liburua, eta gaur aurkeztuko du, Sanagustin kulturgunean. 21:30ean hasiko da aurkezpen ekitaldia. Bertan, bai proiekzio bidez, bai argazkiak fisikoki erakutsita azalduko ditu liburuaren nondik norakoak Rodriguezek. Lan berriari buruz hitz egiteaz gainera, irudiek bukaerako itxura hori izan dezaten zer egin daitekeen ere azalduko du argazkilariak gaurko saioan. Antolatzaileek azaldu dutenez, ordubete inguru iraungo du, eta galderak egiteko aukera izango da.

Rodriguezek argazkilaritzarako afizioa du, eta ofizioa ere horixe du. Liburua argitaletxearen proposamena jaso ondoren egin du, hala esan du argazkilariak Sanagustin kulturgunearen webgunean . "Anaya Multimediakoek egin zidaten proposamena. Sari batzuk jaso ditut, eta, nire webgunean begira ibili eta gero, liburu hau egingo al nuen galdetu zidaten". Eskaintza pozik jaso zuela aitortu du argazkilariak.

Hilabete gutxi dira liburua argitaratu zuena, baina arrakasta izan duela dio egileak kulturgunearen atari digitalean: "Harrituta nago irakurleen artean izandako harrerarekin". Dagoeneko hainbat tokitan aurkeztu du liburua, eta gaur bere herrian ezagutaraziko du.