Ta3. zine klubak berriro ekingo die helduentzako zine emanaldiei

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 10a, 16:01

Ostegun honetan helduentzako saio egokia antolatu dute zinezaleek, 21:30ean, Soreasu antzokian; El hombre de al lado emango dute

Martxora artean bost film emango dituzte

Ta3. zine klub taldea berriro hasiko da zine emanaldiekin. Zine klubak bihar, osteguna, estreinatuko du Soreasu antzokia. Arazoak tarteko, nahi baino geroago hasiko dituzte zine klub emanaldiak. Hala azaldu dute taldekideek: "Ohi bezala, ikasturte berria urrian hasi nahi genuen, baina arazo ekonomikoen eta legalen ondorioz, atzeratu egin behar izan dugu hasiera".

Gaur egun zine eta banaketa munduak hainbat betebehar ezartzen dituela azaldu dute Ta3. taldekoek. "Betebehar horiek tarteko, emanaldiekin hasteko prest ginela dena atzeratu beharra izan genuen". Taldearen beraren eta emanaldien inguruan hausnartu eta hitz egin dute kideek. Horrez gain, taldekoek Azpeitiko Udalarekin ere hitz egin dute, eta beste ahalegin bat egitea erabaki dute.

Ostegun honetan bertan ekingo diete berriz zine klubeko emanaldiei. Ta3. zine klubekoek "gogoz eta indartsu" hasiko dituzte, gainera. "Egoera zaila eta konplexua" duten arren, berriz ere apustua egiteko prest dira.

Martxora artean bost film

Aste honetan hasi eta martxora bitartean bost film emango ditu zine klub taldeak Soreasu antzokian. Emanaldiak sarrerarekin izango direla azaldu du taldeak: "Azpiegitura aldaketak aurrerantzean sarrera kobratzera behartzen gaitu". Sarrera 3 euro kostako da emanaldi guztietan. Ostegun honetan, El hombre de al lado filma emango dute, eta hilaren 26an, berriz, Another year. Film guztiak bertsio originalean eskainiko dituzte.

Martxotik aurrera emanaldiekin jarraituko duten edo ez ikusteko dagoela azaldu dute zinezaleek. Eta herritarrak ohartarazi dituzte: "Aprobetxatu oraingo eskaintza hau, martxotik aurrera zine klubik izango den ere ez dakigu-eta".

Aurten arte Gabonetan ere urtero antolatu ditu zine emanaldiak zine klub taldeak. "Bete behar legalak tarteko, guk ez genituela antolatuko esan genuen. Soreasu enpresa batek kudeatzen du, eta enpresa horrek ere ez ditu emanaldiak antolatu".

Azpeitian zine klubak 30 urtetik gorako historia duela gogorarazi dute Ta3. taldekoek. Historia horri segida ematea da gaur egungo taldekideen asmoa. "Gure taldearen helburua zirkuitu komertzialetik kanpoko kalitatezko pelikulak eskaintzea izan da beti. Eta beti ere gai sozialak lantzen dituzten filmei lehentasuna emanez", diote zine klub taldekoek.