Manolo Cainzos: "Inportantea zen sutea noiz izan zen aurkitzea, eta lortu dugu"

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 12a, 18:01
Manolo Cainzos,

Artxibo zaharretan murgilduta, eta Azpeitialdeko Orbegozotar asko mobilizatuta prestatu du genealogia liburu bat: Altzagako Orbegozotarrak

Azpeitiko baserria eta hango Orbegozotarrak ditu ardatz lanak

Manolo Cainzos Peteirok (Coruña, Galizia, 1942) Azpeitiko Orbegozotarrak aztoratu ditu bere azken liburua osatzeko: Altzagako Orbegozotarrak. Elosiaga auzoko Altzaga baserria ardatz hartuta, handik zabaldutako Orbegozotarrei arrastoa jarraitu die hainbat laguntzaileri esker. Durangoko Azokan aurkeztu zuen lana, eta abizen horretako familien berri ez ezik, baserriaren historia ere kontatzen du, hura bere testuinguru soziokulturalean kokatuta. Herrian 400 Orbegozotar zenbatu ditu, eta horiek eta gainerako Altzagako Orbegozotarrak gonbidatuta daude martxoan egingo duten bilkurara. Liburuaren bueltan sortutako ideia da, eta elkartuko diren aurreneko aldia izango da.

Altzaga baserria oso gertukoa duzulako hautatu zenuen Orbegozotarrek egindako bidea jarraitzea.

Bai. Orbegozotar batekin ezkondu nintzen, eta Altzaga baserrikoa da bera. Baserria, gainera, monumentu historiko izendatuta dago 2010etik. Nik baserriari diodan estimuagatik, eta han oso ondo hartu nindutelako, interesgarria iruditu zitzaidan baserriari buruzko historia jasotzea, eta liburu batean biltzea.

Informazio bilketa horretan, hainbat atal jorratu duzu.

Alde batetik, Altzaga baserriaren deskribapena dago; monumentu historikoa den aldetik, eta abar. Bestetik, iruditu zitzaidan liburuak ezin zuela Orbegozotarrei buruz bakarrik izan, haientzako bakarrik izango litzatekeelako interesgarria. Horregatik, nekazari munduaren testuinguru soziokulturala ere landu dut. Gipuzkoako baserrien deskribapena eta haien garapenaren berri eman dut, eta hori gipuzkoar guztientzat interesgarria izan daitekeela uste dut.

Nekazaritza munduaren testuinguru soziokulturala jorratu duzu, esaterako.Hori mimo handiarekin egin duzula diozu.

Bai. Hor hainbat gauzataz hitz egiten dut: lurraren jabetzaz eta ustiaketaz; jauntxoez eta maizterrez; nekazari guneko harreman pertsonalez eta sozialez; sinesmenez; nekazari ekoizpena nola garatu zen; bizi baldintzez eta dietaz... Kapitulu hau, beraz, orokorra da.

1765. urtean hasi duzu ikerketa.

Bai. Orduan iritsi ziren Orbegozotarrak Altzaga baserrira. Maizter moduan egon ziren 1902. urtera arte. Orduan jabetza eskuratu zuten. Hala ere, denboran atzerago ikertu dut: baserri horretara iritsi ziren Orbegozotarrak ere aztertu ditut. Hala, 1500. urtera arte iritsi naiz. Azpeitian Orbegozotar bati buruz dagoen lehen jaiotza agiria garai hortakoa da; Urrestillan kokatuta zegoela ikusi nuen. Ezin da hortik harago egin, jaiotza agiriak Trentoko kontzilioarekin hasi baitziren. Hark derrigortu egiten zituen parrokiak jaiotza eta heriotza guztiak jasotzera, eta garai horretan hasi ziren.

Zuk ondorioztatu duzu Orbegozotarrak nondik etor daitezkeen.

Nik uste dut denak Orbegozo baserritik datozela. Urrestilla pasatuta jatetxe bat dago, eta uste dut hori dela aurreneko baserria.

Liburuan jaso duzu uste hori, ezta?

Bai. Horren inguruko dokumentaziorik ez dago, baina oso litekeena da baserri hori izatea oinarria. Liburuan jasotzen dut historia pixka bat, eta hainbat arrazoi ere ematen dut baieztapen hori azaltzeko.

Zein dira arrazoi horiek?

Hasteko, esan behar da euskal abizena baserri baten inguruan sortzen zela; baserriari izena jartzen zitzaion, eta abizena hortik etortzen zen. Zailtasunak sortzen dira Orbegozo izeneko bost baserri daudenean inguruan: zein da aurrenekoa? Baina liburuan jartzen dut jada 1340. urte inguruan, agertzen dela Orbegozo baserria. Izatez ez zen baserria ere, etxondoa baizik. Izan ere, baserriak 1500ean agertu ziren; hori ere kontatzen dut liburuan. Nire ondorioa da Orbegozotarrak Azpeitia ingurutik atera zirela. Hortik atera baziren, Orbegozo baserri bakarra Urrestillako hori da. Gainera, aktatan badago jasota 1300ean bazela baserri edo etxe hori.

Orbegozo baserria utzi eta Altzaga baserrira itzulita, hura monumentu historiko izendatuta dago. Noizkoa da?

1520koa izan daiteke hasierakoa, jatorrizkoa. Gero, erre egin zen. Baserrian beti esaten zuten erre egin zela, baina inork ez zekien ezer gehiago. Artxiboetan akta bat aurkitu nuen, eta han jartzen zuen 1699ko urriaren 15ean erre zela. Artxiboan gauza gehiago ere jartzen du; udaletxeak, garai hartan ohikoa zen bezala, laguntza eman zuela eta halakoak.

Altzaga baserriko Orbegozotar haien arima, muina, Azpeitian dago gaur egun ere, ezta?

Hala da. 400 Orbegozotar inguru egongo dira herrian. Liburuan jasota daude 800 Orbegozotarren izenak, bakoitzaren jaiotza datarekin. Hemen bizi dira batzuk; Donostian nahiz beste hainbat lekutan beste batzuk; baina denak dira Altzaga baserrikoen ondorengoak.

Familia arrunt batek bere genealogia idatzita duen beste kasurik ez duzu ezagutzen zuk.

Hala da. Ospetsuen eta goi leinuen kasuan badaude genealogiak eginda: hemengo Altzagatarrak ere oso ezagunak izan ziren; burdinolak zituzten eta ospea zuten. Familia boteretsuak ziren, goi leinukoak. Guk aztertu duguna, berriz, baserri arrunt bateko familia arrunt bat da, eta halakorik ez dago landuta.

Zuk aurrez baduzu antzeko lan bat argitaratua, ordea.

Bai. Izatez galiziarra naiz, eta amaren abizena hartuta gauza oso antzekoa egin nuen Peteiro abizenarekin. Hura amaitu, eta Orbegozotarrena egitea bururatu zitzaidan.

Liburua amaitutzat emandakoan, maiatzean ezustekoa ere iritsi zitzaizun, ezta?

Maiatzean dena eginda geneukan, baina orduan Argentinatik berriak iritsi zitzaizkigun. Bagenekien 1895 bukaeran bost Orbegozotar baserritik Argentinara joan zirela. 100 urte igaro ziren, eta inork ez zuen haien berri, ordea. Hasieran idatzi zuten handik, baina gero mapatik desagertu ziren. Gu Argentinako Euskal Etxeetara eskutitzak bidaltzen hasi ginen. 110 euskal etxe daude, eta 50 eskutitz bidali genituen. Hilabetera, gurekin harremanetan jartzen hasi ziren. Haiek abizenarekin eta herriarekin zituzten loturak kontatzen hasi ziren. Hala, liburuan Argentinako 125 Orbegozotar bilduta ditugu azkenean.

Pluralean hitz egiten ari zara denbora guztian. Taldeko lana izan al da?

Honelako kontuetan lan taldea izatea beharrezkoa da. Genealogia bat egiten hastean, behar-beharrezkoa da laguntza. Artxiboetara joan behar izaten da, hor daudelako datu zaharrak, baina, aldi berean, adar berriekin harremanetan jartzea beharrezkoa izaten da informazioa lortzeko. Adar bakoitzean lagunduko dizun norbait behar izaten da. Liburuan jaiotza urteez gain hilabeteak eta egunak ere ageri dira, eta jendeari behin eta berriz eskatu behar izaten zaizkio datuak. Argentinako loturak, esaterako, bikote batek egin zituen; horretara jarri ziren. Bestela, ezinezkoa da.

Joxemari Iriondo kazetariaren laguntza ere izan duzu, ezta?

Joxemarirekin kolaborazio oso estua izan dut; haren ekarpena oso garrantzitsua izan da. Genealogia aldetik zerbait egina zuen Orbegozotarrei buruz, Joxemari bera Altzagako Unanuetarren iloba delako. Horregatik, berak egin du liburuko hitzaurrea; berak egin du itzulpena; eta hainbat datu eman ere egin dit.

Espero ez zenuen ezer aurkitu al duzu? Harritu zaituen zerbait ikusi?

Gauza askok harritu naute. Horrelakoak, gainera, kasualitateak izaten dira, beste zerbaiten bila hasi eta aurkitutakoak. Baserria erre zen urtea eta urteko eguna aurkitu izanak harritu nau, esaterako. Eta data hori izatea oso garrantzitsua da. Izan ere, Altzaga ospetsuek etxondoa zuten, eta momentu jakin batean baserri bat eraiki zuten; baserri hori erre egin zen, baina haren arrastoak gelditu egin dira hormetan eta beste zenbait puntutan. Berreraikitze lanetan, garapen bat egon zen, eraikuntza berri bat bihurtu zen, beste modu batera eraikitzen zelako orduan. Hori da monumentu gisara onartua dagoena. Era berean, baserriari itsatsita beste eraikin bat egin zuten. Eboluzioa izan du, eta horregatik zen garrantzitsua sutea noiz izan zen jakitea; eta lortu dugu.

Beste datu esanguratsurik?

Baserriaren jabetza noiz lortu zuten aurkitzea ere oso garrantzitsua izan da, ez delako gauza bera jabea ala maizterra izatea.

Baserrira bisita asko egingo zenuen horrelako lan bat egiteko.

Lotura estua dut baserriko bizilagunekin; hortaz, sarri-sarri joaten naiz bertara. Gabon gaua han pasatu nuen. Etengabeko joan-etorrian ibili ohi naiz. Horregatik egiten zidan ilusioa honek, harreman estu horregatik.

Baserria lehen bezala ikusten al duzu orain?

Tira, lehen ere baserriari buruz datuak banituen; ondo ezagutzen nuen, Altzagaz lantxoren bat egina nuelako. Orain, eraikinaren deskribapen zehatza egin behar izan dut, eraikuntza aldetik eta arkitektura aldetik, batik bat. Zaila izan zen arlo hori niretzat.

Liburua egiterako orduan, zer izan da zailena: artxiboetan datuak aurkitzea, horrenbeste daturekin akatsik ez egitea?

Hanka sartu, sartzen da, horrenbesteko datu pila egonda. Orain, liburua argitaratuta, batek esango dit jaiotza data ez dela irailaren 26an baizik eta 28an, eta halakoak. Esaterako, ama batek bere haurrari bere abizena jarri zion, eta nik aitarena daukat jarrita. Berez oso ekimen polita iruditzen zait amen abizena eramatea aurrena umeek; Portugalen eta toki askotan amarena jartzen da aurretik. Oso logikoa iruditzen zait. Liburuan gaizki jarri dut, inork ez zidalako jakinarazi hori egin zutenik. Halako hanka-sartzeak egon daitezke, datu jario handia dagoelako.

Liburua zeuk argitaratu duzu, ezta?

Lau urtean lau liburu argitaratu ditut: Herri mugimendua: Bergara 1970-1980; Los Peteiro de Mandeo (Mandeoko Peteirotarrak); Cartas para el dialogo desde Euskal Herria (Elkarrizketarako gutunak Euskal Herritik); eta hau. Bergaran Millaka izeneko argitaletxea sortu genuen, eta haren bitartez argitaratu ditugu; hau ez, familiako kontua delako.

Azal deigarria du liburuak.

Bai, Galiziako lehengusu batek egindakoa da, Jorge Peteirok. Marrazkilari ezaguna bilakatu da dagoeneko. Bi liburutan inplikatu dut lehengusua; jende asko sartu dut nire egitasmoan, egia esan.

Jendeari lan pixka bat eman arren, Orbegozotarrentzat Gabonetako opari polita izango zen liburua, ezta?

Oso polita, bai.

Zeu gustura gelditu al zara lanarekin?

Bai, eta jartzen dut hor, Orbegozotarrentzat interesgarria dela. Norbaitek bere jatorria zein den ezagutu nahi badu, hor du aukera, eta Orbegozotarren beste adarren batetik datozenentzat ere, Orbegozo abizenaren jatorriaz hitz egiten dut, esaterako.

Zer esanahi du?

Bi esanahi ditu. Etxondo gozoaren lekua da bat. Bestea, eremu edo lur baten behealdean dagoen ur gozoa litzateke. Dena dela, abizen batek esanahi bat baino gehiago badu, ez dago garbi zein den benetako esanahia.

Martxoaren 25ean Orbegozotarrek lehenengo bilkura egingo dute. Liburuaren harira sortutako ekimena da, gainera.

Bai. Elkar ezagutzen ez zuten Orbegozotar asko zegoen, edo jada harremana galduta zeukatenak, eta bilkura egin behar zela pentsatu genuen. Nik banuen esperientzia lehendik, Galiziako liburua egin nuenekoa, orain urte eta erdi edo bi. Orduko hartan, Peteiro abizenaren inguruan 500 lagun bildu genituen. Ikusgarria izan zen. Hortaz, hangoaren berri banuenez, hemen ere egitea proposatu nuen.

Festa giroko bilkura Añotan izango da, eta Altzaga baserritik gertu dago, ezta?

Bai, eta uste dut askok aprobetxatuko dutela baserrira gertutatu eta jatorria ezagutzeko.

Liburuaren fitxa

  • Izenburua. Altzagako Orbegozotarrak.
  • Egilea. Manolo Cainzos.
  • Itzulpena. Joxemari Iriondo.
  • Azaleko marrazkia. Jorge Peteiro.
  • Hizkuntza. Euskaraz eta gaztelaniaz dago argitaratuta liburua; bi hizkuntzak liburu berean daude.
  • Orrialdeak. 254.
  • Prezioa. 20 euro.
  • Salgai. Azpeitiko Santi Lazkano kirol dendan dago liburua salgai (Jose Artetxe, 1. Telefonoa: 943 811650. Helbide elektronikoa: santilazkano@euskalnet.net).