Alex Silva: "Literatura kalera atera, eta taldean gozatzeko aukera izan behar dugu"

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 13a, 17:01
Alex Silva literatur taldeko kide eta sustatzailea da. (XABIER OTAMENDI)

Azpeitiko literatur talde berriko kidea da

Taldea sortzeko bigarren bilera egingo dute gaur, ostirala, 18:00etan, udal liburutegian

Azpeitiko literatur taldea sortzeko lehen pausoak ematen hasi dira. Kultur Mahaiak deituta, eta hasierako pizgarri lana eginez, abenduaren erdialdean egin zuten taldea sortzeko lehen bilera, eta gaur arratsaldean, ostirala, bigarrenez elkartuko dira, 18:00etan, udal liburutegian. Alex Silva (Azpeitia, 1989) taldeko kidea da, eta hasiera honetan sustatzaile lanetan ari da. Egitasmoaren nondik norakoak azaldu dizkio Hitza-ri.

Zein asmorekin ekin zenioten abenduan deitutako lehen bilerari?

Jendeak literatur talde bat sortzeko beharrik ikusten zuen jakiteko antolatu genuen lehen bilera. Literaturaren inguruan zerbait falta zela ikusten genuen, eta talde formatuan aspaldian ez zela ezer egon. Azkena, Literatuzta aldizkaria izan zen. Herrian literaturaturekiko zer-nolako interesa zegoen jakin nahi genuen. Bileran konturatu ginen bazegoela, eta jendeak gure antzeko ideiak partekatzen zituela ikusirik, abian jartzea pentsatu dugu.

Proposamen zehatzik aurkeztu al zenuten?

Kultur Mahaiak bideratzen zuenez, lehen bilera hartara ez ginen esku hutsik joan. Zirriborro eta ideia batzuk aurkeztu genituen, eta zenbait gauza zehazten hasi ginen. Adibidez, literatur lehiaketarik ez antolatzea erabaki dugu. Alde batetik, ekonomikoki eta lan aldetik asko eskatzen duelako, eta bestetik, zalantzak ditugulako lehiakortasuna literatura sustatzeko modu egokiena den. Era berean, liburu azokak bere horretan uztea erabaki genuen, eta, agian, aurrera begira zerbait antolatu genezakeela pentsatu; betiere, herriko eragileak, liburutegiak eta liburu-dendak kontuan hartuta.

Hori egingo ez dituzuen gauzen inguruan. Eta egingo dituenei dagokionez, zerbait erabaki al duzue?

Hasierako pausoak diru gutxirekin eta herriko eragileen babesarekin egitea erabaki dugu. Digitalizazioak ematen dituen baliabideak aprobetxatuz, literaturari buruzko webgune batekin ekingo diogu bideari. Horretarako azpiegiturak baditugu, Kultur Mahaiak Lapikue.net ataria duelako, eta, era berean, udal liburutegiak ere hilabete gutxi barru blog formatuko webgune bat jarriko duela abian. Sarea literatura sustatzeko bide egokiena dela iruditu zaigu, baina oraindik ez dugu zehaztu zein atal izango duen. Era berean, literatura kontuan hartzeko eskatu diogu Sanagustineko zuzendaritzari, eta Kultur Mahaiari, ahalegin berezi bat egin eta bi hilabetetik behin edo literaturako zerbait antolatu dezaten. Guk ez dugu aurrekonturik. Beraz, jo dezagun aurrekontua dutenengana, ea haiek zerbait antolatzen duten. Gu, betiere, edozertan laguntzeko prest gaude.

Gaur arratsaldeko bileran, berriz, zer gai jorratuko dituzue?

Lehenik eta behin taldeari izena jartzea eta egituratzea izango da eman beharreko hurrengo pausoa. Oraingoz, taldea sortzen ari gara, eta etorkizunean lankidetzak sinatuko ditugu Kultur Mahaiarekin eta beste eragile batzuekin. Baina, ezertan hasi aurretik, egituratu eta ardurak banatu behar ditugu. Bestalde, jende berria gerturatzen bada, lehen bileran hartutako erabakien berri emango diegu. Bide batez, webguneak zer-nolako funtzionamendua izango duen buelta batzuk ematen hasiko gara.

Aurrekoan baino jende gehiago espero al duzue?

Laupabost lagunen artean egin genuen lehen bilera, eta, orain, jende gehiago espero dugu. Antza denez, ez genuen data egokia aukeratu, beste bilera pare bat deitu baitzuten egun berean. Dena dela, jende askok mezua bidali zigun, egitasmoan parte-hartzeko prest zeudela esanez. Fisikoki gutxi elkartu baldin baginen ere, atzetik jende gehiagoren babesa dugu. Literatura gozamen pribaturako erabili den zerbait izan da urtetan, eta gure ustez kalera atera behar du. Taldean gozatzeko aukera izan behar dugu. Baina jauzi hori egitea ez da lan erraza. Beraz, pixkanaka-pixkanaka eta lan eginez lortu beharko dugu jendea gugana erakartzea.

Kultur Mahaiaren bitartez eman duzue lehen pausoa. Aurrera begira independentea izateko asmoa al du?

Kultur arloan dauden arazoei irtenbide bat bilatzen saiatzea da Kultur Mahaiaren eginbehar nagusia. Era berean, diziplina guztiak sustatzea eta babestea, baina ez diziplina jakin bat bere gain hartzea. Hori ez da bere lana, baina, agian, bai, pizgarri lan hori egitea. Aurrerantzean autonomoki funtzionatuko duen taldea sortzeko lehen ahalegina egitea, alegia. Hasiera honetan eskutik helduta sortuko da, baina heldutasun batera iristerakoan, bakoitzak bere bideari ekingo dio; segur aski, betiere lankidentzan, baina ez bere barnean.

Azpeitian bada literatur zaletasuna, eta idazle harrobi polita dago. Nolatan ez da talderik sortu orain arte?

Beti egon da porrot egiteko beldurra. Agian, egin diren ahaleginetan, idazleekin solasaldiak antolatu direnean, jende gutxik hartu du parte. Egoera horren aurrean, alferrik ari zaren sentipena izaten duzu. Zalantza eta beldur horiek direla eta, ez da literatur talderik sortu. Literaturak bere loraldia izan zuen herrian, adibidez, Literatuzta argitaratzen zen garaian, baina haiek jarritako hazia ez zen behar bezala erein. Espero dugu oraingoan asmatzea.

Hasieratik gauzak hobeto egituratu nahi dituzue, beharbada?

Agian, bai. Ez dut esan nahi besteek ez zutela egoki egin eta guk egoki egingo dugunik. Egin, behintzat, egingo dugu, eta ikusiko dugu nola ateratzen den. Dena dela, Kultur Mahaiak deitu duenez, badu egitura bat eta helburu batzuk finkatuta. Horretaz gain, udalaren eta udal liburutegiaren babesa jaso du. Agian, hasieratik beste forma batekin ekin dio. Bestalde, herriko ikastetxeekin hitz egin dugu, eta interesgarritzat jo dute ekimena. Lankidetzarako prest agertu dira eta, orduan, hortik ere joko dugu.