Rebeka Larrañaga: "Karroza Keixeta eta Amezuaren arteko nahasketa da, bien arteko uztartzea"

Uztarria.eus 2012ko urt. 17a, 10:01
Rebeka Larrañagak egin du aurtengo karroza.

Rebeka Larrañagak egingo du aurtengo haurren danborradako karroza

Larrañagak adierazi duenez, bukatzear dago karroza, baina "bukatu, bukatu, asteazkenean egingo dugu"

Rebeka Larrañaga arduratu da aurtengo haurren danborradako karroza egiteaz. Larrañagak karroza egiten duen lehenengo aldia da, eta Azpeitia musikan eta kirolean ardatz da karrozaren gaia. Izan ere, 100 urte dira Akilino Amezua organo-egilea hil zela eta 50 urte Joxe Aranburu Keixeta aizkolaria zendu zela. Rebeka Larrañagarekin hitz egin du Uztarria.com-ek.

Karroza egiten duzun lehenengo aldia da. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso eperientzia ona. Dibertigarria da, oso ondo ari naiz pasatzen. Karroza egiten laguntzen ari zaizkidan guztiak lanean dabiltza buru-belarri, eta horrek lasaitasuna ematen du. Lehenengo helburua neuri gustatzea da. Jendeari gustatzen zaiola, ba ondo. Ez zaiola gustatzen, ba ez zaio gustatu. Aurkeztu nuen proiektu hura nahi du egitea, eta ondo doa. Hori dela-eta, lasai nago.

Noiz hasi zinen karroza egiten?

Martxan abenduaren 26an hasi nintzen. Udalak langileak-eta aukeratu behar nituela esan zidan, eta garbi nuen lagunak-eta hartuko nituela. Lanean arituko zirenak hilaren 21erako lotuta nituen. Ni hasiberria naiz honetan, eta lan-taldeak asko lagundu dit.

Arotzak du lan gehien eta harekin finkatu nituen datak lehenen. Gero zehaztu nituen besteekin. Esan bezala doa guztia, eta ezin naiz ezertaz kexatu. Gainera, haurrek ileapaindegiko proba ere eginda dute dagoeneko.

Bukatu al duzu?

Bukatu, bukatu, asteazkenean egingo dugu. Bi margolari aukeratu ditut, eta batek bukatu arte ezingo du besteak hasi lanean. Badakit horiek ere lan bikaina egingo dutela.

Lan handia eskatzen al du karroza egiteak?

Lan handia da, bai. Baina, Gabonetan bi asteko oporrak izan nituen eta hor aprobetxatu nuen lana aurreratzeko. Gustatu egiten zai saltsa hau. Eznaiz hortik bizi, eta ez zait astuna egin. Agian, hortatik biziko banintz, ez nukeen berdina pentsatuko.

Arropak ere zeuk egin al dituzu?

Beste urteetan erabilitakoak aprobetxatuta egin ditugu. Besteak, berriz, berriak dira. Hori bai, jostuna hartu dut lan horiek egiteko, nik ez dakit-eta josten.

Kirola eta musika uztartzea erraza egin al zaizu?

Urtero ikusten nuen karroza, eta asko gustatzen zitzaizkidan. Egin behar dut ba, esaten nion neure buruari, eta aurten aurkeztea pentsatu nuen. Gaia ikusi nuenean sustoa hartu nuen. Hortxe zegoen erronka. Keixeta eta Amezua ziren erdigunea, eta horretan zentratu behar nuen. Azkenean, nahasketa bat da, bien arteko uztartzea. Nola uztartu izan da gakoa, eta horretan saiatu naiz. Arropa ere nahasia da; bi garai nahastu ditut-eta.

Erantzunkizun handia al da horrelako proiektu bat eskuartean izatea?

Bai, erantzunkizuna du. Errespetua ematen du. Ez naiz ez dekoratzailea, ez arkitektoa. Urduri nago eguna iristeko zain. Ondo doa, baina kezka badut. Hala ere lanean ari direnak nola ari diren ikusita, oso ondo irtengo duen ustea daukat.

Jendea karroza pasatzeko zain egoten da txoko guztietan. Zer eratzun espero duzu jendearengandik?

Erdiei gustatuz gero, nahikoa da, gustura geldituko naiz. Ez baldin bada gustatzen, asmatu ez dudan seinale izango da. Hala ere denei eskerrak emango dizkiet esateagatik bakarrik.