Sanagustin kulturguneko mediateka inauguratu dute

Uztarria.eus 2012ko urt. 18a, 10:01
Kultur Mahaiko kideak eta gonbidatuak, mediateka berrian.

Liburuak, prentsa eta ikusentzunezko kultur materiala jarriko dituzte bertan herritarren eskura

"Mediateka hau guztiona da eta guztiok osatu eta zaintzea litzateke gure nahia", esan dute Kultur Mahaiko kideek

Uztailean kulturgunearen kudeaketa hartu zutenean agindu zuten bezala, Kultur Mahaia ari da pixkanaka Sanagustinen zerbitzuak gehitzen. Orain dela gutxi erakusketen txokoa martxan jarri zuten, eta orain mediatekaren txanda iritsi da. Atzo, asteartea, egin zuten kulturgunearen eskuinaldean Mikel Itulain dekoratzailearekin batera prestatu duten txokoaren inaugurazio ekitaldia.

Hiruk@te-koek musikaz eta hitzez jantzi duten ekitalditxoan, Olatz Prat Kultur Mahaiko kideak azaldu ditu Sanagustingo mediatekaren asmoak eta edukiak. Liburuak, prentsa eta ikusentzunezko kultur materiala jarriko dituzte bertan herritarren eskura. Ordenagailu eramangarri bat eta e-book bat ere badituzte; horiek tabernan eskatu beharko dira, ordubetean euro baten truke erabili ahal izango dira, eta tartean behin zozketatu egingo dituzte, erabiiltzaileen artean.

"Batez ere herriko eta inguruko sortzaileen plaza" izatea da nahia, baina gainerako euskal sortzaile eta haragokoen ekarpenak baztertu gabe. "Sortzaileekin lankidetza zuzena" izango dutela ere azaldu du Pratek, "txoko honetan kulturarekin edo literaturarekin lotutako ekimenak antolatu eta eskaintzerakoan".

Kulturaz gozatzeko tokia

Mediatekan jarri dituzten eta jarriko dituzten materialak egoki zaintzeko deia ere zabaldu dute Kultur Mahaiko kideek. "Mediateka hau ez da jolastoki bat, haurrentzako materiala egongo den arren, ez da haurrentzako jolaserako txoko bat", esan dute, 12 urtetik beherakoek mediatekan egon nahi badute guraso edo arduradunen batekin egon beharko dutela gogoratuz. "Kulturaz gozatzeko toki eroso, txukun eta lasaia izatea" da arduradunen asmoa.

"Mediateka hau guztiona da eta guztiok osatu eta zaintzea litzateke gure nahia", esan dute Kultur Mahaiko kideek. Norbaitek behar ez dituen liburuak edo kultur materiala eduki ezkero, bertara eramateko gonbita luzatu dute horrela. Momentuz mediatekan batu dituzten materialak Udal Liburutegiak, Udalak, Uztarriak, Urtzi Oteizak eta Susa argitaletxeak emandakoak dira.

Lankidetza

Mediateka "lankidetzaren fruitua" dela nabarmendu zuten irekiera ekitaldian Kultur Mahaikoek, eta halaxe egin zuen, bere aldetik, Imanol Amenabar Udaleko Kultura batzordeburuak. Herritarrei "kultura eta artea ezagutzeko" eskainiko zaien "zerbitzu erakargarri eta doakoa" goraipatu zuen Amenabarrek. "Elkarlanaren beste fruitu bat da, eta ea gehiago ere jasotzen ditugun".