Gora sansebastianak eta gora ikurriña!

Uztarria.eus 2012ko urt. 19a, 23:01

Imanol Eliasi omenaldi hunkigarria eskaini diote eta, orain dela 35 urte aurreneko aldiz egin bezala, gauerdiarekin ikurriña igo dute udaletxeko mastara Martin Garitano Ahaldun Nagusiak eta Eneko Etxeberria alkateak

Lanbroa bizi bota du helduen danborradak iraun duen bitartean, baina festa giro beroa jarri dute 26 taldeetako kideek

Ikusi albiste honetan helduen danborradaren argazki bilduma

2012ko sansebastianak indartsu hasi dira. Lanbroa bizi bota du helduen danborradak iraun duen bitartean, baina festa giro beroa jarri dute 26 taldeetako kideek. Plaza inoiz baino beteago egon da San Sebastian bezpera honetan; Oñatzbideko Gastadoreek aurrenekoz danbor taldea ere atera dute eta, horrenbestez, 1.200 lagun inguruk astindu dituzte danborrak eta barrikak.

Gauerdirako bost minuturen faltan, Egin Dezagun Bidea ekimenarekin bat egin du danborradak eta Josu Oiartzabal Xenpelar-ek bertsoa bota du kioskotik, presoak gogoan.

1977ko San Sebastian bezpera eta Imanol Elias gogoan

Imanol Eliasi omenaldi hunkigarria eskaini diote eta, orain dela 35 urte aurreneko aldiz egin bezala, gauerdiarekin ikurriña igo dute udaletxeko mastara Martin Garitano Ahaldun Nagusiak eta Eneko Etxeberria alkateak. Hain zuzen ere, 1977ko San Sebastian bezpera hartan, ikurriña oraindik legeztatzeko zegoela -hurrengo egunean izango zen hori-, Azpeitiko orduko Udalak Euskal Herriaren ikurra mastara igo zuen. Imanol Elias udal hartako zinegotzia zen, eta bera izan zen gau berezi hartan udaletxeko balkoitik ikurriñaren gaineko testua irakurri zuena.

2012ko San Sebastian bezperan, Eliasek ezin izan du eskaini zaion errekonozimendua udaletxean jaso; osasunez pattal dabil, eta ezinezkoa izan du. Haren tokian Itziar Oiarzabal emazteak jaso du aginte makila, hunkituta, Martin Garitanoren eta Eneko Etxeberriaren eskutik. Oiarzabalen alboan izan dira, era berean, Eliasen hiru arreba eta lau iloba. "Herri bat bere historia eta kultura da, eta Imanoli eta Imanol bezalakoei esker, herri honek bere historia eta bere kultura ditu", esan du Garitanok.

Hona hemen helduen danborradaren argazki bilduma

San Sebastian eguna

Bezperako danbor festak San Sebastian egunez izango du jarraipena. Dianarekin hasita, prozesioarekin hurrena, haurren danborrada gailur dela jarraitu eta gauerdian bandera jaisterakoan azken aldiz, danbor eta barrika doinuak ia etengabeak izango dira aurten ere. Eta tartean, nola ez, sokamuturra.