Munoaundi eta hango lanak hobeto ezagutzeko erakusketa ireki dute

Uztarria.eus 2012ko ots. 10a, 20:28
Ezkerretik eskubira, Jexux Agirre, Sonia San Jose, Jon Juaristi, IƱaki Portilla, Eneko Etxeberria eta Carlos Ormaetxea, erakusketaren irekiera ekitaldian.

Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Burdin Aroko herri harresituaren historia eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hango aztarnategian egiten duen lana "herritarrengana hurbiltzea" da gaur, otsailaren 10a, Betharrameko aretoan ireki duten erakusketaren xedea.

Otsailaren 19a arte ikusi ahal izango da Azpeitian eta ondoren, otsailaren 23tik martxoaren 4ra, baita Azkoitiko Torre Zurin ere.

Eneko Etxeberria alkatea eta Iñaki Portilla zinegotzia Azpeitiko Udala ordezkatuz, Jon Juaristi Azkoitiko Udala ordezkatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Carlos Ormaetxea, Iraurgi Lantzeneko zuzendari Jexux Agirre eta indusketa zuzentzen duen Aranzadiko Sonia San Jose izan dira gaur arratsaldeko inaugurazioan parte hartu dutenak. Izan ere, Iraurgi Lantzenek sustatu duen erakusketa diruz lagundu dute bi udalek eta Diputazioak, eta Aranzadikoak dira edukiaz arduratu direnak.

Sonia San Josek nabarmendu duenez, "erakusketa xumea" prestatu dute, "aztarnategia eta han egiten dugun lan arkeologikoa herritarrei hurbiltzeko helburuarekin". Sei argibidepanelek eta kristalezko bi kutxak osatzen dute erakusketa. Horien bidez, Munoaundirekin lotutako informazioa ematen da: duela 2.500 urteko bizitokiari buruzko datuak, 2006tik aurrera han burutzen ari diren ikerketaren proiektuarenak eta, horrez gain, lan arkeologikoetan lortutako lehenengo emaitzen berri. Burdin Aroko herri harresitua izan zenaren lurretan aurkitu dituzten piezen irudiak ere badaude, baina ez piezak bere horretan; "horiek museotan-eta daude", azaldu du San Josek.

Ordutegia

Munoaundiaren gaineko erakusketa astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Betharramen.