Aitor Iriarte: "Enparan kalera iritsi, eta hamar minutu soilik igaro direla sentitzen da"

Urola Kostako Hitza 2012ko ots. 17a, 13:15
Asteartean izango da Aitor Iriarte azkenekoz sokamutil. (Nerea Uranga)

Betidanik izan du zezenekiko zaletasuna; ustekabean hasi zen sokamutil lanetan, eta modu berean, halabeharrez utzi behar izan du.

Etxetik datorkio zezenekiko zaletasuna Aitor Iriarte Txato-ri (Azpeitia, 1976). Gogoan du, haurra zela amak zezena ukitu zuela-eta eskua gerturatzen ziola usaintzeko. "Txikitako oroitzapen hori ondo gogoan dut". Gaur egun sokamutilen artean beteranoena da, baina asteartean azkenengo aldiz irtengo du sokan.

Nolatan hasi zinen sokamutil?

Aitor Unanuek, besteren artean, komentatu zidan sokamutil jardun nahi al nuen. Ustekabean harrapatu ninduten. Izan ere, nik zezenaren aurrera ateratzen nintzen orduan, eta sokamutilei ez nien begiratzen. Sorpresa izan zen. Probatzen hasi, eta gustatu egin zitzaidan; agian gehiegi.

Zezenenaren aurrean ibili edo sokamutil izan, alde handia al dago?

Desberdinak dira. Sokamutil izanda, gehiago erreparatzen diozu zezenaren aurrean nor dabilen, eta nola dabilen; inguruan adineko jendea dagoen, gurpildun aulkidunik dabilen...

Iaz soka uztekotan izan zinela diozu.

Orain dela 7-8 urte tailerrean istripua izan nuen, eta harrezkero ezin dut lasterka egin, eta mendian ere gutxi. Sokamutila izateko sasoian egon behar da, ondo prestatuta. Nik orain sokan sufritu bakarrik egiten dut, eta nerbioetan eragiten dit. Lehen nerbioek kakagurea ematen zidan, eta orain, berriz, nerbioek gaixotu egiten naute; ondoeza izaten dut aurreko egunetan. Sufritzen segitu beharrean lagatzea pentsatu nuen iaz, baina lagatzera ere ez nintzen ausartzen. Orain bai, azkenean uztea erabaki dut. Aurten erabateko aldaketa izango dut: aita izango naiz, lana aldatu dut eta soka utziko dut. Asteartean izango naiz azkenekoz sokamutil.

Hainbeste urtean sokan ibilita,pasadizoren bat izango duzu buruan.

Ahaztu ezinezko pasadizo bat dut buruan. Behin, zezena Elizkalean zebilela, aita bat bi seme-alabekin azaldu zen Mendizaleen egoitza aldean. Semea sorbaldan eta alaba eskutik helduta zituen; azken horrek patinak zituen. Zezena Xiriakotik Mendizaleen aldera zetorren, eta gu iritsi ezinda. Halako batean, lagun batek gizonari eta semeari heldu zien, eta nik alabari, eta eskaratz batera sartzea lortu genuen. Zezenak bestaldera hartu zuelako, bestela... Berez, sokamutilon lana ez da jendea zaintzea. Norberak izan behar du non eta zertan dabilen ardura.

Sokamuturrean gustuko unea zein duzu?

Denak ditut gogokoak. Hainbesterainoko gogoa izaten dugu, une guztiak ederrak izaten da. Hiru ordu eta erdi azkar pasatzen dira. Enparan kalera iritsi, eta hamar minutu soilik igaro direla sentitzen da; azkarregi bukatu dela. Orduan gehiago eta gehiago nahi izaten da.

Urte hauetan sokamuturra asko aldatu al da?

Ganadua bai, asko aldatu da. Lehen zezenak txikiagoak ziren, eta jendeak txorakeria gehiago egiten zuen. Baina, gaur egun, animalia handi hauekin zezenetan ibiltzen jakin egin behar da.

Zein kale duzu gustukoen?

Denek dute xarma. Baina zabalguneetan paseak-eta emateko aukera gehiago dago; horretarako Urtzi aurrea eta Artzubia dira egokiak. Miserikordi aurrea, pilotalekua eta Enparan kale barrena orain hobeto daude. Arana kalea, Urtzi aurrea ere gogokoa dut; gainera jende asko egoten da ikuskizunari begira.

Ezustekoren bat izan al duzu zezenen batekin?

Makina bat bai, baina larririk ez. Mozorrotuta geunden batean, goizeko zazpietan zezenak harrapatu ninduen Erdikale sarreran, eta konturatzerako Udaltzaingo paretik Eguzkitza aurreraino eraman ninduen. Momentuan min handirik ez zidan egin, baina hurrengo egunean ederki antzeman nuen.

Beste behin, Elizkalean zebilela zezenak soka hautsi eta Erdikaletik plazara aldegin zigun. Ondo gogoan dut sokak hautsi zenean atera zuen zarata. Plaza aldera jo, eta guk haren atzetik hautsa bakarrik ikusten genuen. Azkenean, zezena udaltzainen autoaren kontra harrapatu genuen. Eskapada ederrak egin ditugu.