III. Gau Txori Argazki Rallyko sari banaketa Mendizaleen tabernan egingo dute

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko ots. 24a, 11:43

Azpeitiko III. Gau Txori Argazki Rallyko sari banaketa ekitaldia bihar, zapatua, egingo dute Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan, 18:30ean hasita. Sanagustin kulturgunean ziren sari-banaketa egitekoak, baina azken orduan lekuz aldatu dute.

Rallyaren irabazlearekin, Alex Garairekin, hitz egin Urola Kostako Hitza-k

Azpeitiko III. Gau Txori Argazki Rallyko sari banaketa ekitaldia bihar, zapatua, egingo dute Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan, 18:30ean hasita. Sanagustin kulturgunean ziren sari-banaketa egitekoak, baina azken orduan lekuz aldatu dute.

Otsailaren 4an izan zen rallya, Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatuta, eta 23 argazkilarik hartu zuen parte. Biharko sari banaketa ekitaldian lehiaketara aurkeztutako irudi guztiak ikusteko aukera egongo da. Alex Garaik irabazi zuen rallya.

Alex Garai: "Argazki-filmen garaiko espiritua dute Azpeitiko argazki rallyek"

Alex Garai barakaldoarrak aurten bigarren aldiz hartu du parte Azpeitiko gaueko argazki rallyan. "Gustatu egiten zait argazki rallyek duten espiritua; argazki-filmen garaiko espiritua dute. Irudi kopuru jakin bat soilik atera ahal izatea eta halako arauak garai batekoak bezalakoak dira", dio.
Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen dituen beste argazki rallyak ez ditu ezagutzen, baina badu horretarako gogoa.

Egun hotza izan zen Gau Txori rallya egin zutenekoa. "Hotz handia egiten zuen, eta izotza zegoen iragarrita. Beraz, ahal bezain pronto etxera itzuli ginen". Barakaldoarraren ustez, eguraldiak eragina izan zuen partaidetzan.

Bost gai jarri zizkieten irudikatzeko: Publizitatea; Hotzari aurre eginez; Arkitektura; Farolak piztuta; eta, Harriztatutako zorua. Gaiak errazak zirela dio Garaik. "Asko ibili gabe, alde zaharrean bertan lan zitezkeen. Herria ezagutzen ez dugunok ere erraz lantzeko moduko gaiak ziren".

Barakaldotik heldu zen gaueko argazki rallyra, eta bihar ere saria jasotzera etorriko dela dio. Jatorri askotako argazkilariek hartu zuten parte rallyan: Tafalla, Durango, Eibar, Soraluze, Urretxu, Zumaia, Iraeta, Azkoitia eta Azpeitikoak.

Azpeitiko Argazki Elkartekoak ere rally egunean izan zuten giroarekin gustura daude. "Nahiz eta eguraldia argazkiak ateratzeko aproposa ez izan, jendeak gozatu egin zuen, eta Lau Biden egindako afarian lagunarteko giro ederra sortu zen".