Hasi da Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketa

Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 12a, 11:53

Amaia Azkueren ustezko hiltzailearen kontrako epaiketa hasi da gaur. Goizeko saioan, defentsaren eta akusazioaren txanden ostean, auzipetutako gazteak deklaratu du. Iluntzean jakin denez, Amaia Azkueren hilketagatik epaitzen ari diren gazte azpeitiarrak errugabea dela adierazi du. Arratsaldekoan, berriz, kasua aztertu zuten bi ertzainen txanda izan da.

Bihar, asteartea, jarraituko du epaiketak eta Amaia Azkueren senarra eta haren gorpua Ibai Eder urtegian aurkitu zutenak dira deklaratzekoak.

Atzerapen pixkatekin hasi da Amaia Azkue oriotarraren hilketaren inguruko epaiketa, Donostiako Adingabeen Auzitegian. Senideak 08:55ean heldu dira epaitegira. Baita auzipetutako gaztea ere, baina aparkalekutik zuzenean igo da deklaratuko duen aretora, auzitegiaren ate nagusitik igaro gabe. Defentsa abokatu Ioanes Labayenek ez du deklaraziorik egin nahi izan epaitegira heltzean. Familiaren abokatuak, berriz, Miguel Castellsek, zera adierazi du: "Amaia Azkueren familiaren samina errespetatzea baino ez dut eskatzen, hilketaren urteurrenean".

Ikusmina izugarria da. Kazetariak eta kamerak daude atean, baita kartelak eskuan protestan diren hainbat lagun ere. Justizia Amaiarentzat, diote, besteak beste, kartelek.

Defentsaren eta akusazioaren txanden ostean, auzipetutako gazteak deklaratuko du. Goiz eta arratsaldez izango dira saioak, eta itxura guztien arabera, aste osoa iraungo du prozesuak. Eta epaileak beharrezkotzat joz gero, datorren astelehenean jarrai lezake. Atea itxita egingo dute epaiketa.

Astean zehar 50 lekuko igaroko dira epailearen aurretik, eta 30 peritu inguru. Gaur arratsaldean kasua ikertu duten bi ertzainak dira deklaratzekoak, eta bihar, berriz, oriotarraren gorpua Azpeitiko Nuarbe auzoko Ibai Eder urtegian topatu zutenak, senideak eta lagunak.

Kasua salatzeko, Urola Kostako Koordinadora feminista elkarretaratzea egiten ari da, epaitegiaren aurrean, 11:00etan hasita. Bestalde, Arratsaldean prentsaurrekoa eskainiko dute Azpeitiko Emakumeen Txokoan, 19:30ean.

Iazko abuztuaren 17an Azkue berak hil zuela aitortu zuen auzipetutako gazteak, hemezortzi urte bete bezperan, Gipuzkoako Fiskaltzara jota. Duela hilabete batzuk, ordea, bertan behera utzi zuen aitorpena, eta beste pertsona batek hil zuela jakinarazi zuen. Baina ez zuen haren nortasuna argitu; ez zuela ezagutzen adierazi zuen. Gaztearen deklarazioaren arabera, autoestop egiten ari zela jaso zuten autoan Azkuek eta beste pertsona horrek.

Goizeko saioa bukatuta

Goizeko saioaren ondoren akusatuaren abokatuak ez du adierazpenik egin, baina bai Azkueren familiarenak. Miguel Castellsek adierazi du epaiketa ateak irekita egiteko eskatu zuela, "kasuak sortutako interesagatik eta herritarren artean dagoen kezkagatik". Epaileak ateak itxita egitea erabaki duenez, "erabakia errespetatu" eta daturik eta informaziorik ez duela emango gaineratu du.

Goizeko saioa "normaltasun osoz" egin dutela baino ez du azaldu, eta akusatuak deklaratu duela baieztatu du. Azkenik, Amaia Azkueren familiak oraindik "sufrimendua eta mina" sentitzen dituela gogorarazi du.

Hala ere, iluntzean jakin denez, Amaia Azkueren hilketagatik epaitzen ari diren gazte azpeitiarrak errugabea dela adierazi du gaur, EFEk jakinarazi duenez. "Auziko iturriei" egin die erreferentzia berri agentziak. Horrela, akusatuak berretsi egin du bere bigarren deklarazioa. Lehenengoa abuztuaren 17an egin zuen, Gipuzkoako Fiskaltzara jo eta bere burua erruduntzat jo zuenean. Hilabete batzuk geroago, ordea, atzera bota zuen esandakoa, eta beste pertsona bati egotzi zion hilketa

Asteartean, senarraren eta  gorpua aurkitu zutenak

Arratsaldeko saioan, goizekoan bezala, bi aldeetako abokatuek ez dute deklaraziorik egin. Kasua aztertu zuten bi ertzainek deklaratu dute bertan. Bihar jarraituko du epaiketak eta Amaia Azkueren senarra eta haren gorpua Azpeitiko Nuarbe auzoan dagoen Ibai Eder urtegian aurkitu zutenak dira deklaratzekoak, besteak beste.

Ostiralean elkarretaratzea

Datorren ostiralean, hilak 16, Indarkeria sexistarik ez! Amaia Azkue gogoan! lelopean elkarretaratzea egingo dute Urola Kostako hainbat herritan eta Azpeitian, Urola Kostako Koordinadora Feministak deituta. Azpeitian 19:30ean izango da kontzentrazioa, 19:30ean hasita.