Herritarren parte-hartzerako ordenantza sarean jarri du Udalak

Uztarria.eus 2012ko mar. 26a, 20:10

Denon Artean kanpainaren azken batzarrean aurreratu zuten bezala, Udalak sarean jarri du udal erabakietan herritarren parte-hartzea arautuko duen ordenantzaren hasierako zirriborroa. Udalaren Azpeitia.net webgunean jarri dute eta albiste honetan ere irakur daiteke. Herritarrek ekarpenak egiteko aukera badute oraindik.

Izan ere, eta Sanagustinen martxoaren 14an eginiko batzarrean esan zuten bezala, udal gobernuaren asmoa da prestatu duten testua apirileko udalbatzarrean aurkeztea, hasierako onarpena emateko. Hala eginez gero, hilabeteko epea irekiko litzateke jarraian, alegazioak aurkezteko.

Ordenantza, osorik

HERRITARREN PARTAIDETZARAKO ARAUDIA

ATARIKOA

Azpeitiko Udalak, araudi honen bidez, herriko gai publikoetan parte-hartze demokratikoa eta gardentasuna sustatzeko duen konpromiso argi eta irmoa adierazi nahi du herritarren aurrean.
Alde horretatik, Azpeitiko Udalak sustatu egingo du Araudi honetan arautzen diren parte-hartze eskubideak benetan erabiltzen direla, horiek osotasunean gauzatzeko oztopoak kenduta. Halaber, pertsonak elkarteetan elkartu eta aritzea ere bultzatuko du, herriko gizarte-sarea indartu eta interes orokorreko ekimenak garatzeko; eta aldi berean, gizarte-elkarrizketarako egoerarik okerrenean dauden taldeen artean ere elkartegintza eta etorkinen parte-hartzea ere sustatuko ditu. Horiek horrela, Azpeitiko Udalak sustatu egingo du herritarren interes orokorrak edota arlokoak babesteko elkarteen garapena ere, beren jardueren gaineko ahalik informazio zabalena emanez eta, bere aukeren barruan, baliabide publikoak erabiltzeko eta dirulaguntzak eskuratzeko, elkarte horiek jarduerak egin ditzaten, eta Udalbatzaren kudeaketan horien partaidetza bultzatu, herri-onurakotzat ere aitortuz, beharrezko izango balitz.

Partaidetzazko deliberazio prozesuak arautu eta bultzatuko dira, hau da, jokabide publiko zehatz bat zehaztu edo erabakitzeko prozedura bat osatzen duten egintzen multzoa, zeintzuen edukia den hartu beharreko erabakiaren eta haren ezaugarrien gaineko, bai eta,
legokiokeenean, arlo horretan leudekeen aukeren gaineko eztabaida publikoa, eta zeinetan zuzenean parte hartzen duten hartu behar den erabaki edo jokabideari dagokion eremuan bizi diren pertsonek edo aritzen diren herritarren erakundeek.

Partaidetzazko deliberazio prozesuak udal-barrutian garrantzi edo eragin berezia duten jokabide edo jarduera publikoen zehaztapenari dagozkion prozeduretan egin ahal izango dira.

Horrez gain, partaidetzazko deliberazio prozesuak prozeduraren hainbat fasetan ere egin ahal izango dira, onartu behar den proiektu edo jardunbide publikoak, tramitazio-aldian, hasera batean pentsaezina zen traszendentzia hartu duenean, edota haren ezaugarrietan funtsezko aldaketak gertatu direnean.

Partaidetzazko deliberazioak, kasuan bakoitzean, gaiaren izaera edo berezitasunen arabera egokienak izango diren forma eta ezaugarriak hartuko ditu.

Udalaren konpromiso hau oso atal garrantzitsua da, toki demokraziari egokitutako partaidetza sistema bat sortu eta finkatzeko asmo sendoan txertatzen dena, gizarte orok lortu nahi dituen bide eta portaera demokratikoak hedatzeko ekarpen moduan.

Teknologia berriak hartzen ari diren gero eta garrantzia handiagoaren, eta horiek informazioa eskuratzeko eta partaidetzarako prozesuak indarrean jartzeko lanean eskaintzen duten ekarpen ikaragarriaren jakitun izanik, baliabide horiez baliatzeko aukerak bultzatuko ditu, dituen aukeren neurrian eta beste administrazio eta eragileekin lankidetza tekniko eta ekonomikoaren baitan, etxebizitzetara konexioa bultzatzeko eta irisbidea izateko gune publikoak eskaintzeko, udal ekipamendu eta bulegoen bidez. Herritarrek herriko bizitza publikoko gaietan benetan esku hartzeko egokiak diren izaera organikoko arau, prozedura eta organoak sustatzen jarraitu behar dugu, informazio eta komunikazio teknologien erabilera elkarreraginekoa bultzatuz herritarren partaidetza eta harremanerako, agiriak aurkezteko eta
tramitazio administratiboak, inkestak, eta legokiokeenean, herri-galdeketak egiteko.

Herriko gobernuaren eskumenen baitan, Araudi honetan aitortutako eskubideei babes berezia emango die Azpeitiko Udalak, eta dagozkion erantzukizunak eskatuko dizkie eskubide horiek errespetatuko ez dituzten edota haiek gauzatzea oztopatzen duten udal agintari eta langileei.

I. Kapitulua. Herritarren partaidetza eskubideak

1. artikulua. Azpeitiko herritarrak.

  1. Azpeitiko herritar dira biztanleen udal errolda osatzen duten pertsona guztiak, edozein herritartasun izanik ere.
  2. Horrez gain, Araudi honen ondorioetarako, eta organo eskudunak berariaz hala erabakitzen duenean, aurrez egoki arrazoituta, bertan araututako zenbait eskubide eta betebehar 16 urte baino gehiago dituzten pertsona guztiei ere emango zaizkie.

2. artikulua. Partaidetzarako eskubidea.

Pertsona guztiek dute herriko gai publikoen kudeaketan esku hartzeko eskubidea, hala zuzenean, nola herrielkarteen bidez, esku hartzeko organoak eta bitartekoak erabiliz horretarako, indarrean den legerian eta Araudi honetan zehaztutakoari jarraiki.

3. artikulua.

  1. Pertsona guztiek, hala pertsona fisikoek nola juridikoek, bakarka edo taldean, udal jarduera eta zerbitzuen informazio zabal eta zehatza izateko eskubidea dute, bai eta indarrean den legerian araututakoaren arabera udal agiritegi publikoetara sartzeko aukera izateko eta Udalak ezarritako informazio orokorreko bitarteko guztiak erabiltzeko ere.
  2. Udalak eskubide hori erabiltzeko bide emango du, eta edonork egin ditzakeen informazio eskaerei erantzuteko informazio orokorreko bideak sortuko ditu. Eskaerak egiteko muga bakarrak legeek ezarritakoak izango dira, bereziki haurrak eta gazteak babesteko eskubideei, pertsonek intimitaterako duten eskubideari edo herri segurtasunari dagozkienak.
  3. Herri-intereseko egoeren ondorioz hala komeni denean, eta aurrez udal organo eskudunak adostasuna eman badu, udalerrian bizi diren herritar guztiei bidaliko zaizkie udal erabaki eta xedapenak, Aldizkari Ofizialetan nahitaez argitaratu beharraren kalterik gabe. Hedapen hori, era berean, ohizko erabilera duten leku publiko eta pribatuetan argitaratuta ere egin ahal izango da.
  4. Herritarrei ahalik eta informazio zabalena emateko helburuarekin, bere kide anitzeko organoek hartutako erabakien laburpenak argitaratuko ditu Udalak iragarki taulan eta Udalaren web orrian. Halaber, buletin bat ere argitaratuko da udal informazio garrantzitsuenarekin.
  5. Azpeitiko Udalak baliabide teknologikoak eta gizarte-sareak erabili ahal izango ditu baliabide horiek erabiltzen dituzten herritarrei atal honetan adierazitako informazioa igortzeko. Herritarrek posta elektronikoen zerrenda horretan sartzeko eskaera egiteko eskubidea izango dute, bide horretatik jasotzeko osoko bilkuraren eta gobernu batzarraren aktak, Udalaren bandoak, udal plangintzarako behin betiko onartutako erabakiak eta herritarren partaidetza prozesuei buruzko dokumentazioa jasotzeko.
  6. Beste edozein informazio idatziz eskatu beharko da. Eskaera horretan zehaztu egin beharko dira eskatzailearen datuak (izena, abizenak eta identifikazio fede-emailea), bere izenean edo norbaiten ordezkaritzan egiten duen, eta zer nolako informazioa kontsultatu nahi duen zehatz azalduko du. Informazio eskaera hori izapidetze-fasean den espediente baten gainekoa izango balitz, informazio hori eskuratu ahal izateko, eskatzaileak interesdun-izaera izan behar du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, herritar guztiek hirigintzako edo ingurumeneko gaien gaineko espedienteetan eta, oro har, ekintza publikoaren printzipioa nagusi den gai guztietan sartzeko eta agertzeko eskubidea bermatu beharko da. Dokumentu idatzi, grafiko edo euskarri informatikoetan jasoa dagoen informazioa bada, haren kopia eskatu ahal izango da. Halaber, pertsona fisiko edo juridiko guztiek dute udal organo erabakitzaileek hartutako erabaki guztien ziurtagiriak eskuratzeko eskubidea.
  7. Edonola ere, informazioa jasotzeko eskubidea erabiltze hori bateratu egin beharko da izaera pertsonaleko datuei buruzko legeria betetzearekin eta pertsonen intimitatea errespetatzearekin. Halaber, eskubide hori ezin izango da erabili Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 30. artikuluaren 5. atalean aipatutako espedienteen gaineko informazioa eskatzeko.
  8. Herritarrek eskubidea dute Azpeitiko Udalaren osoko bilkuretara joateko. Bilera horien aztergai zerrenda www.azpeitia.netweb orrian argitaratuko da, jakinaren gainean izateko.
  9. Herritar guztiek dute eskubidea toki gorporazioek hartutako erabakien eta horien aurrekarien kopiak eta egiaztagiriak eskuratzeko, bai eta agiritegiak eta erregistroak ikusteko ere.

4. artikulua. Entzuna izateko eskubidea.

  1. Prozeduren tramitazioetan edo udal jarduketak egiten direnean, entzunak izateko eskubidea dute pertsona guztiek, baldin eta bidezko interesa baldin badute prozedura eta jarduketa horietan.
  2. Administrazio-espedienteen tramitaziora sarbide izateko aukeraren kalterik gabe, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Prozedura Erkidearen gaineko azaroaren 26ko 30/1992 Legean zehaztutakoaren arabera, eskubide hori herritarren intereseko gaiak jorratzeko Udalaren ekimenez deituta edo herritarrek beraiek egindako proposamenaren bidez ere erabili ahal izango da.
  3. Alkateak, urtean behin gutxienez, udal arduradunen eta herritarren arteko topaketa baterako deia egingo du. Elkartze horrek, 21. artikuluaren bidez araututako Herri-kontseiluaren bidez zenbait ekimenen edo jarduera programaren berri emateko, eta herritarren proposamenak jasotzeko balioko du.

5. artikulua. Eskaerak egiteko eskubidea.

  1. Pertsona guztiek dute, bai bakarka, bai talde moduan, udal gobernuari eskaerak egiteko edo/eta udal jarduerei buruzko azalpenak eskatzeko eskubidea, betiere Udalaren eskuduntza diren gaien gainean. Eskubide hori gauzatzeko, legeak zehaztutako edozein bide erabili ahal izango da, eskatzailearen nortasunaren eta eskaeraren helburua behar den eran egiaztatzeko era ematen badu.
  2. Eskaera horietan kexak, iradokizunak edo proposamenak aurkez daitezke, eta Herritarren Arretarako Zebitzuan, Udal Erregistroan edota iradokizunen ontzian aurkeztu ahal izango dira. Udalak jarritako bitarteko elektronikoak edo telematikoak ere erabili ahal izango dira horretarako. Talde moduan egindako eskariek eskatzaileen nortasuna egiaztatzeko aukera eman beharko dute.
  3. Udalera jotzeko aurreikusiak dauden bideez gain, iradokizunentzako ontzi bat jarriko da udaletxean, eta atal bat jarriko Udalaren web orrian (www.azpeitia.net).

6. artikulua. Herri ekimenerako eskubidea.

  1. Herri ekimenak aukera ematen dio edozein pertsonari udal ekintzak edo jarduerak sustatzeko, hala nola:
    a) Bere eskuduntzako esparruetan proiektuak edo erregelamenduak onartzea proposatzeko eskubidea;
    b) Udalbatzaren aztergai-zerrendan gaiak sar daitezela proposatzeko eskubidea;
    c) Udal interes publikoko jarduera zehatz bat egin dezala eskatzeko Udalari, eskatzaileek beraiek diru-baliabideak, ondasunak, eskubideak edota norberaren lana jartzeko hitza emanaz.
  2. Udal hauteskundeetan bozketa aktiborako eskubidea duten herritarrek erabili ahal izango dute herri-ekimena, Udalaren eskumeneko diren gaietan erabaki edo jarduera proposamenak, edota erregelamendu proiektuak aurkeztuz. Ekimen horiek gutxienez %15ak izenpetu beharko ditu, eta, edonola ere, aurrez Udal idazkariaren legezkotasun-txostena beharko da, bai eta Kontu-hartzailearen txostena ere, ekimen horrek Udalaren diruzko eskubide eta betebeharrei ukitzen dienean. Ekimen horiek ezingo dira proposatu, inolaz ere, indarrean den legerian debekatuak dauden gaiez.

7. artikulua. Udalaren batzarraldi irekietan esku hartzeko eskubidea.

  1. Edozein pertsonak du Udalbatzaren ohiko batzarraldietan parte hartzeko eskubidea, hala eskatzen badu.
  2. Eskubide hau gauzatzerakoan honako baldintzak bete beharko dira:
    a) Eztabaidatu nahi den gaiak batzarraldiko aztergai-zerrendan sartutako beste batekin/batzuekin zerikusi zuzena izan beharko du; edota herritarren ekimen edo proposamen eskubideak, edota haien babesak, babestua egon beharko du.
    b) Eskatzailea elkartea bada, hura benetan badagoenaren eta lanean diharduenaren berri izatea.
    c) Partaidetza Alkatetzari eskatu beharko zaio, idatziz, batzarraldia egin baino lanegun bat lehenago, gutxienez.
    d) Alkateak ezezkoa eman ahal izango dio partaidetza horri, batik bat Udalak ez badu eskumenik dagokion gaian, aztergaizerrendan ez badago sartua, edota beste batzarraldi batean jadanik aurkeztu izan bada aurreko sei hilabeteetan.
    e) Ez da partaidetzarik onartuko ohiz kanpoko batzarraldietan, edota presazko izaeraz deitu direnetan.
  3. Batzarraldia gidatzen duenari dagokio hitz-txanda irekin hau gidatu eta arautzea.
  4. Eskatzaileak hamar minutu izango ditu bere azalpenak emateko. Horren ondoren udal-taldeen partaidetzak egingo dira, eta Alkateak edota dagokion zinegotziak erantzun ahal izango du. Ondoren, erantzuteko eskubidea izango du eskatzaileak, eta jarraian udal-taldeen partaidetzak berriro, eta Alkateak itxiko du partaidetzen txanda.
  5. Udalbatzaren osoko bilkurak Araudi honen 6. artikuluan aurreikusitako ekimen edo proposamenen bat lantzen duenean, automatikoki osoko bilkura horretan partaidetzarako eskubidea ekarriko du, edozein delarik ere duen izaera, eta artikulu honen 4. puntuan zehaztu den denbora-mugapenik gabe.
  6. Partaidetza eskariei ezezkoa emateak beti arrazoitua izan beharko du, eskatutakoari baiezkoa ematea eragozten duten arrazoiak berariaz azalduta.
  7. Osoko bilkura amaitutakoan, Alkateak galdera eta eskarien txanda bat irekiko du bertaratutako jendearentzat, udal intereseko gai zehatzen gainekoa. Alkateari dagokio txanda hori gidatzea eta ixtea.

8. artikulua. Herri-kontsulta.

  1. Herri-kontsultak izango dira Azpeitiko udalerrian herritarrek partaidetzarako moduetako bat.
  2. Azpeitiko Udalak, indarrean den legeriaren baitan eta udal eskumenen esparruan, herri-kontsultak egin ahal izango ditu herritarren iritzia jakitea komenigarri dela iritzitako egoeretan, bai herritar guztiei, bai herriaren zati bati, hartu behar den erabaki edo jokabideren gainean.
  3. Azpeitiko udalerrian egingo diren herrikontsulten motak:

a) Herri-kontsulta edo erreferenduma:

Herritar guztiek dute beraien interesentzako garrantzia berezia duten Udalaren eskumeneko diren arloetan zuzenean galdetuak izateko eskubidea, Toki Ogasuneko gaietan izan ezik, bai eta herri kontsulta edo ereferenduma bultzatzeko ere, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 71. artikuluaren arabera. Kontsulta beraren baitan galdera bat baino gehiago egin ahal izango da.

Kontsulta hori egitea erabakitzeko aurrez Udalbatzaren gehiengo absolutuaren erabakia beharko da, eta dagokion baimen-eskaria tramitatzea Estatuaren organo eskudunean.

Kontsulta mota hau tramitatzea nahi luketen herritarrek udalerrian bizi diren adin nagusiko eta erroldatutako biztanleen %20aren adostasuna lortu beharko dute.

b) Udal mailako herri-galdeketa.

Herritar guztiek dute beraien interesentzako garrantzi berezia duten udal eskumeneko diren toki izaerako arloetan zuzenean galdetuak izateko eskubidea. Kontsulta beraren baitangaldera bat baino gehiago egin ahal izango dira. Udalak erabaki ahal izango du kontsulta egitea, aurrez Udalbatzaren gehiengo absolutuaren erabakia beharko da.

Kontsulta mota hau tramitatzea nahi luketen herritarrek udalerrian bizi diren 16 urtetik gorako 2.000 biztanle erroldaturen adostasuna lortu beharko dute, eta Udalak galdeketa hori egitea erabakiko du, adostasun horiek benetakoak diren egiaztatu ondoren.

Galdeketaren deitzaileek planteatu egin beharko dute herritarren iritzira jarriko duten gai zehatza.

Bozketan Azpeitiko biztanleek esku-hartu ahal izango dute, beti ere 16 urtetik gorakoak badira, eta erroldatuta badaude.

Galdeketaren lurralde-eremua auzo edo eremu geografiko zehatz batera murriztu ahal izango da. Hala izango balitz, galdeketa egiteko herritarren adostasuna auzo edo eremu zehatz horretara mugatuko da.

Urtean ezingo dira egin artikulu honetan adierazitako motako bi galdeketa baino gehiago, eta galdeketa bera ezingo da errepikatu agintaldi bat berean.

c) Proiektuak aukeratzeko udalerri mailako galdeketak: Herri-aukeraketa.

Herritar guztiek dute beraien interesentzako garrantzi berezia duten udal eskumeneko diren arloetako proiektuak aukeratzearen gainean zuzenean galdetuak izateko eskubidea. Kontsulta beraren baitan galdera bat baino gehiago egin ahal izango da. Udalak erabaki ahal izango du kontsulta egitea, aurrez Udalbatzaren gehiengo absolutuaren erabakia beharko da.

Kontsulta mota hau tramitatzea nahi luketen herritarrek udalerrian bizi diren 16 urtetik gorako 1.200 biztanle erroldaturen adostasuna lortu beharko dute, eta Udalak galdeketa hori egitea erabakiko du, adostasun horiek benetakoak diren egiaztatu ondoren.

Ikertu dituen proiektuak aurkeztu beharko ditu Udalak, eta deitzaileek proiektu zehatz bat planteatu ahal izango dute, proiektu zehatz horrentzat ezarritako muga ekonomiko eta teknikoen barruan.

Bozketa horretan Azpeitiko herritarrek hartu ahal izango dute parte, beti ere enpadronatuta badaude eta 16 urtetik gora izan.

Galdeketaren lurralde-eremua auzo edo eremu geografiko zehatz batera murriztu ahal izango da. Hala izango balitz, galdeketa egiteko herritarren adostasuna auzo edo eremu zehatz horretara mugatuko da.

Galdeketaren deitzaileek planteatu egin beharko dute herritarren iritzira jarriko duten gai zehatza.

- d) Inkestak:

Herri-inkestak gai zehatz bakoitzaren izaera edo ezaugarrietarako une bakoitzean egokienak diren prozedura demoskopikoak erabiliz egin ahal izango dira, herrian bizi diren pertsonen
partaidetza ahalik eta modurik garbienean gauzatzeko, dagokion gaiaren gainean duten iritzia emanaz.

9. artikulua. Herri-kontsultak egiteko ekimena.

Aurreko artikuluan zehaztu diren herrikontsultei hasera emateko aukera honako hauei dagokie:

a) Herriko biztanleei, erroldaren %20aren adostasunarekin egiten badute proposamena, proiektuen aukeraketa egiteari dagokion udalerri mailako herrikontsultetan izan ezik, horrelakoetan erroldako herritarren %10en adostasuna eskatuko baita.

Sinadurek eskatzailearen identifikazio osoarekin etorri beharko dute: izendeiturak, eta nortasun txartelaren zenbakia.

Alkateak Udalbatzari aurkeztu beharko dio ekimena, organo hori izan dadin herri-kontsulta izapidetuko duena. Kontsultarako erabakiak hura egingo den termino zehatzak ekarri beharko ditu zehaztuta.

b) Proposamena auzo edo lurralde-eremu zehatz batekoa bada, a) atalean zehaztu diren herritarren adostasuna eskatuko da, baina auzo edo lurralde-eremu zehatz horretara mugatuta.

c) Alkateari, Udalbatza Osoak aurrez Korporazioaren gehiengo osoz hartutako erabakiarekin.

Alkateak herri-kontsultara jarri ahal izango ditu komenigarri iruditzen zaizkion garrantzi bereziko udal eskumeneko gaiak, Udalbatza Osoak aurrez gehiengo osoz hartutako erabakia izanda.

10. artikulua. Herri-kontsultak egiteko ekimenen gaineko erabakia.

  1. Edonola ere, herri-kontsulta egitea onartzen duen Udalbatza Osoaren erabakiak jaso egin beharko ditu kontsultaren gaia, erabiliko den prozedura teknikoa, hartuko duen lurralde-eremua, hura egiteko epea, bai eta beste ezaugarri tekniko edo beste eraren batekoak ere, egin nahi den kontsultarako garrantzitsu direnak.
  2. Udalak hartu beharreko erabaki edo jokabide baten gaineko herri-kontsulta bat egitea onartzeko hartuko den erabakiak, azken erabakia baldintzatuko duen beste edozein tramite aurrera eramatea bertan behera utziko du, harik eta herrikontsultaren prozesua amaitzen den arte.

11. artikulua. Herri-kontsultak argitaratzea.

Herri-kontsulta bat egiten denean, Udalak atera diren emaitzak argitaratu egin beharko ditu, hura identifikatuko duten datu tekniko guztiak zehaztuz.

12. artikulua.- Herri-kontsulten ondorioak.

Herri-kontsulta baten emaitzak zehaztutakoan, Azpeitiko Udalak, hiru hilabeteko epean, eta aurretik gai horretan eskumena duen departamentuak emandako txostenarekin, erabakia
hartuko du atera diren emaitza horiek hartu beharreko erabaki edo politikari zernola eragiten dioten zehaztuz. Zehazki, Udalak zehaztu egin beharko du herrikontsultaren bidez lortu diren emaitzek proiektuarekin jarraitzea edota bertan behera uztea, edota ordezko proiektu bat aurkeztea edo aldatzea dakarten esanaz. Eta hori guztia, Araudi honen eranskinean
sinatutako lotze-konpromiso politikoaren arabera.

13. artikulua. Hirigintza arloko informazioa.

  1. Azpeitiko Udalak hala eskatzen duten herritarren eskura izan beharko ditu bere lurralde-eremuan indarrean diren hirigintza eta lurralde antolaketarako tresnen, kudeaketarako dokumentuen eta hirigintza-hitzarmenen kopia osoak.
  2. Azpeitiko Udalak baliabide telematikoen bidez argitaratuko du indarrean diren hirigintza eta lurralde antolamendurako tresnen eduki eguneratua, bai eta horiek jendaurreko informazio aldian jartzearen iragarkiak eta haiek onartzeko edo aldatzeko garrantzitsu diren izapidetze-egintza guztiak.
  3. Antolamendu-ahala bere osotasunean gauzatzearen ondorioz egiten ez den hirigintzako antolamenduaren aldaketa batek handitu egiten badu eraikigarritasuna edota dentsitatea, edota lurraren erabilerak aldatzen baditu, espedientean jaso beharko da hari hasera eman aurreko bost urteetan eragina jasandako finken gainean beste eskubide batzuek dituzten titularren eta jabeen nortasuna, Erregistroan edota arlo horretan indarrean den legeriaren arabera interesdunei jakinarazpenak egiteko erabilitako tresnan agertzen direnaren arabera.

14. artikulua. Kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko eskubidea.

  1. Pertsona guztiek eta herri-elkarte guztiek dute udal jardueraren eta herriko zerbitzu publikoen gaineko kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko eskubidea, dagozkion adminsitrazio- edota jurisdikzioerrekurtsoak aurkeztearen kalterik gabe. Kexa, erreklamazio eta iradokizunak aurkezteko bideak Araudi honen 5. artikuluan zehaztuak datozenak izango dira.
  2. Halaber, aurkeztutako kexa, erreklamazio eta iradokizunak izapidetzeko prozedura bat eratu beharko du Udalak, erreklamazioa aurkeztu duten pertsonek erantzuna jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, edonola ere.

15. artikulua. Elkartzeko eskubidea.

  1. Azpeitiko pertsona eta elkarte guztiek dute Udalaren lokal, ekipamendu eta espazio publikoak erabiltzeko eskubidea, elkartzeko duten eskubidea gauzatzeko; baldintza bakarrak espazioaren ezaugarriek eta udal ordenantzek jarritakoak izango dira.
  2. Espezifikoki, erabilera horietarako ekipamenduak jarriko ditu Udalak, behar bezala prestatuta. Ekipamendu horien erabilera zehaztu egin beharko da, elkarteek eta herritarrek erabiltzeko eta horietara iristeko aukerarik zabalena emateko eran.

16. artikulua.- Partaidetza eskubidearen sustapen eraginkorra.

  1. Udalak kapitulu honetan arautzen diren partaidetza eskubideak modu eraginkorrean gauzatzea sustatuko du, hori bere osotasunean gauzatzeko oztopo guztiak kenduz.
  2. Legeek zehaztutako esparruaren baitan, Udalak bultzatu egingo du gizarte-interlokuziorako egoerarik okerrenean dauden pertsona eta taldeen elkartegintza, eta etorkinen partaidetza sustatuko du.

II. Kapitulua. Udal antolamendua

Lehenengo sekzioa. - Informazio, Arreta eta Komunikazio sistemak.

17. artikulua. Herri-mailako komunikazioa.

  1. Herritarrentzako intereseko proiektu eta jarduerak, jendaurreko informazio epeak eta jardueren agenda jakinaraziko ditu Udalak, argitalpen idatzi, internet eta gizarte-sareen bidez.
  2. Udalak herrian karteldegi, iragarki-ohol, banderatxo eta antzekoak jartzeko guneen sorrera bultzatuko du, jarduera hori arautzen duten udal agintarauen arabera aukera eman dezaten udalerriko gizarte-eragileek egingo dituzten herri-intereseko jarduerak iragartzeko.

18. artikulua. Udalaren web gunea.

  1. Udal web gunea (www.azpeitia.net) bultzatuko du Udalak eta han eman ahal izango da interes orokorreko jardueren berri, bai gobernu organoen eta Udalaren Osoko bilkurena, bai eta herriko elkarte-sarearen berri eta herriarentzat garrantzitsuenak diren jardueren agenda ere.
  2. Webgune horrek ahalik eta zehaztasun handienarekin emango du udalerriarentzat garrantzizkoak diren proiektuen berri. Halaber, kontsultak eta administrazioizapideketak egin ahal izango dira, bere garaian erabakiko diren prozeduren bidez. Webgune horretan herri-intereseko gaiez eta antzekoez eztabaidatzeko foroak eta ideiak, iritziak eta iradokizunak aurkezteko gune bat bultzatuko da.
  3. Baliabide teknologikoen erabilera orokortzen den neurrian, Udalak bere presentzia garatuko du, modu progresiboan, gizarte-sareetan.
  4. Udalak, halaber, sinadura elektronikoaren erabilera bultzatuko du, hura garatuko duten lege eta erregelamenduen arabera, Herri Administrazioen gaurkotzeko eta herritarrengana progresiboki eta etengabe hurbiltzeko prozesuaren baitan.

19. artikulua. Administrazioprozeduretan epeak luzatzea.

Administrazio-espedienteetara iristea errazteko, eta informazio eta proposamen eskubidea modu eraginkorrean erabili ahal izateko, administrazio-prozedurak arautzen dituzten arauetan ezarritako epeak luzatu ahal izango dira, garrantzi handiko egoeretan, prozedura horretan
eskumena duen organoak hartutako erabakiaren bidez.

Bigarren sekzioa. - Elkarte eta herritarren taldeen partaidetza.

20. artikulua. Elkarteen eskubidea informazioa jasotzeko.

Araudi honen 3. artikuluan aitortzen den udal informazioa jasotzeko eskubide orokorraren kalterik gabe, udalerriko elkarte eta taldeek, gainera, honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Udalari jakinarazitako posta elektronikoko helbidean Azpeitiko Udalaren osoko bilkuren deialdiak jasotzekoa.

b) Udalak azaldu eta zabalduko dituen udal argitalpen eta informazio guztiak jasotzekoa bere elkartearen helbidean, beti ere elkartearentzat interesgarriak badira hark duen helburuaren arabera.

c) Bere jarduera eremuan sar daitezkeen udal ekimen eta proiektuen gaineko informazioa jasotzekoa.

III. Kapitulua. Parte-hartzeko organoak.

Lehenengo sekzioa. Herri-kontseilua.

21. artikulua. Herri-kontseilua.

  1. Azpeitia osoari eragiten dioten jarduerak aztertu eta koordinatzeko parte-hartze organoa da.
  2. Horren funtzio nagusiak dira jardueraplan orokorrak eztabaidatzea, kexa eta iradokizunak bideratzea, txostenak egitea, ikerketak sustatzea eta garapen ekonomiko, lokal, herriaren planifikazio estrategiko eta herri-proiektu handien garapenerako proposamenak egitea. Jakinean izateko, besteren artean honako funtzioak adierazi nahi dira espezifikoki:
    a) Alkateak, Udalbatza Osoak edota parte-hartzeko edozein udal kontseiluk eskatutako gaien gaineko txostena egin.
    b) Udal jarduerarako planaren, ordenantzen eta izaera orokorreko beste zenbait xedapenen berri izan eta eztabaidatu.
    c) 6. artikuluan zehaztutako tramitazioa beteko dituzten izaera orokorreko xedapenak onartzea proposatu.
    d) Udal gobernuari aholku emankatu udalkudeaketa eta politikako gidalerro handien gainean.
    e) Udal aurrekontuaren eta haren exekuzioaren emaitzen berri izan.
    f) Herri-mailako edo maila txikiagoko entzute-aldi publikoak egitea proposatu.
    g) Partaidetza prozesuak egitea bultzatu, gai zehatzetan.
    h) Herri-kontsulta edo erreferendumak egitea proposatu, edota herritarren kontseiluak deitu.
    i) Herriarentzat interesekoak diren gaien gaineko ikerketak egitea proposatu, eta haien emaitzen gaineko eztabaida bultzatu.
    j) Auzoetako batzarrak koordinatu.

22. artikulua. Osaketa.

  1. Alkatea, edota horrek eskuordetza emango dion pertsona, izango da buru.
  2. Herri-kontseiluaren kide dira: Askatasun osoz bileretara agertu nahi duten 16 urtetik gorako Azpeitiko herritar guztiak. Eta, batik bat, herriko erakunde sozial, sindikal, profesional eta enpresarialen ordezkari diren pertsonak.

23. artikulua.- Funtzionatzeko modua.

  1. Herri-kontseilua gutxienez urtean behin elkartuko da, eta Alkateak edota udalbatza osoak horretarako deia egiten duen guztian.
  2. Kontseiluak berak aurreikusi ahal izango du Batzorde iraunkor bat sortzea, eta haren osaketa eta zereginak zehaztuko ditu, bai eta herriko zerbitzu publikoetako arduradunak elkartuko dituzten lan-talde eta batzorde teknikoak sortzea ere, bai horiek udal eskumenekoak izan, bai beste administrazio batzuen eskumenekoak.

24. artikulua. Sektore kontseiluak (Arloetako foroak).

  1. Sektore kontseiluak edo Arloetako foroak informazio, kontsulta, kontrol eta proposamenak egiteko organoak dira, eta Udalaren jarduera-sektore edo eremu bakoitzaren kudeaketan parte hartzeko aukera ematen diete herritarrei. Beraz, partaidetzarako gaikako organoak dira.
  2. Udalaren jarduera sektore edo eremu bakoitzerako sektore kontseilu bat eratu ahal izango da, Udalak osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, alkateak, edota elkarteen udal erregistroan inskribatuta dauden eta jarduera nagusia sektore horretan burutzen duten elkarteen % 10ak proposatuta, edota legezko obligazioz.
  3. Sektore kontseiluen eskumenekoak izango dira honako hauek:
    a) Udalaren jarduera eremu bakoitzaren kudeaketak eragindako pertsona edo elkarteek, edo interesdunek partaidetza zuzena izan dezaten sustatzea; horretarako informaziorako, sustapenerako eta jarraipenerako beharrezko diren bitartekoak ezarriko dituzte Udalaren jardueren inguruan.
    b) Kontseiluaren xede den esparruan jarduten diren elkarteen arteko elkartegintza, lankidetza eta koordinazioa sustatzea, publikoak nahiz pribatuak izan erakunde horiek.
    c) Kontseiluaren jarduera esparruan burutzen dituen jarduerei gaineko aholkuak ematea Udalari:
    c.1) Udalak aurkeztutako gaiakeztabaidatuz eta baloratuz, bereziki urteko programen informazio, jarraipen eta ebaluazioa; eta
    c.2) proposamenak eginez.
    d) Kontseiluarentzat interesgarriak diren gaien gaineko informazioa jasotzea Udalarengandik, eskaera arrazoitua egin ondoren.
    e) Sektorearekin zerikusia duten azterlan, txosten eta jarduerak egin daitezen sustatzea.
    f) Pertsonen eskubideak defendatzea xede duten udal politika eta jarduera integralak ezar daitezen sustatzea.

25. artikulua. Osaketa eta funtzionatzeko modua.

  1. Sektore kontseiluek, gutxienez, honako kide hauek izango dituzte:
    a) Presidentea: Arlo edo sektore bakoitzaren ardura duen zinegotzia.
    b) Kontseiluaren kide izango dira:
    - Talde politiko bakoitzaren ordezkari bat.
    - Sektorearekin zerikusia edo dagokion gaietan interes berezia duten herritarren elkarte, talde eta erakundeen ordezkariak.
    - Bere kasa, Kontseiluaren gaiaz interesa agertu duten herritarrak.
    c) Beste erakunde publiko batzuetako ordezkariak, egoki denean.
    d) Idazkaritza: Udal langile bat, hitzik eta botorik gabe.
  2. Edonola ere, Sektoreko kontseiluek honako funtzionamendu-arau orokorrak beteko dituzte:
    a) Sektoreko kontseiluak gutxienez hiru hilabetez behin elkartuko dira, eta kontseilu buruak edota kideen herenak (1/3) eskatzen duten guztian.
    b) Sektoreko Kontseilu bakoitzean sektore horretarako urteko jarduera-plana aurkeztu beharko du Udalak.c) Sektoreko Kontseikuen balorazio eta proposamenak dagokion Batzorde Informatiboari jakinaraziko zaizkio.
  3. Udalak Sektoreko Kontseiluen eskura jarriko du udal webgunea, haien bileradeiei ahalik eta zabalpenik handiena emateko.

26. artikulua. Auzo batzarrak//Lurralde kontseiluak.

  1. Auzo batzarrak informazio, kontsulta, kontrol eta proposamenak egiteko organoak dira eta udalerria osatzen duten auzoen kudeaketan parte hartzeko aukera ematen diete herritarrei. Beraz, lurralde izaerako partaidetza organoak dira.
  2. Auzo batzarrak eratu ahal izango dituzte Azpeitiko herri-gunetik aparte dauden entitate eta izaera propioak dituzten auzoerrealitate edo populazio-guneek.
  3. Alkateak edota dagokion lurraldeeremuaren udal-erroldan erroldatuta dauden hamasei urtetik gorako bizilagunen %3k eskatuta eratuko dira organo hauek, beharrezko direnean.
  4. Auzo-batzarren eskumenekoak izango dira gai hauek:
    a) Udalak auzo bakoitzean burutzen duen kudeaketan auzo horretan bizi direnek eta lurralde esparru horretan jarduten diren elkarteek partaidetza zuzena izan dezaten sustatzea; horretarako udal-jardueren informazio, sustapen eta jarraipenerako beharrezko bitartekoak ezarriko dituzte. 
    b) Auzoko erakundeen arteko eta erakunde horien eta bizilagunen arteko lankidetza sustatzea.
    c) Udalak Batzarraren lurralde esparruan burutuko dituen jarduera eta inbertsioei gaineko erabakiak hartzeko prozesuan partaidetza, honako jarduera hauen bidez:
    c.1) Udalak burutzen dituen jarduera eta inbertsio planetako elementuak eztabaidatu eta baloratuz, Batzarraren lurralde esparruari eragiten diotenean;
    c.2) Gutxienez urtean behin, udal zerbitzuen funtzionamenduaren eta lurraldearen beharren berri emanez Udalari, lehentasunak ezarri eta adierazita, Udalaren jarduera planetan sartzeko, ahal izango balira; eta
    c.3) proposamenak eginez.
    d) Batzarrarentzat interesgarriak diren gaien gaineko informazioa jasotzea Udalarengandik, eskaera arrazoitua egin ondoren.

27. artikulua. Osaketa eta funtzionatzeko modua.

  1. Alkatea edo honek eskuordetuko duen zinegotzia eta auzo-alkatea izango dira buru. Auzo-alkatea hurrengo artikuluan arautuko den herritarren artean demokratikoki aukeratutako pertsona da.
  2. Auzo batzarretako kide izango dira, norbanako izaeraz, bere gogoa agertzen duten 16 urtetik gorako herritar guztiak, Auzo batzarraren lurralde-eremuan bizi direnak.
  3. Urtero, Lurralde kontseiluak epealdi horretan egin diren jardueren gaineko txostena eztabaidatu eta onartuko du, eta hobetzeko ekimenak proposatuko ditu. Txosten hori Herriko Batzarrean aurkeztuko da.
  4. Udalak Auzo batzarren esku jarriko ditu bere komunikazio-baliabideak, eta batik bat webgunea.
  5. Auzo batzarrek honako arau orokorrak beteko dituzte funtzionatzerakoan:
    a) Batzarraren elkartze-egunak iragarriko dira, auzotarrek eskabideak eta proposamenak aurkeztu ahal izan ditzaten.
    b) Bilera guztien aktak bidaliko zaizkie haietan esku hartu duten pertsona guztiei, eta Batzarraren lurralde-eremuan diharduten erakunde guztiei.
    c) Udalak Auzo batzarrei haien lurraldeeremuan egin nahi dituen jarduera garrantzitsuenen berri eman beharko die.
    d) Auzo batzarren proposamen eta balorazioak dagokien Batzorde Informatiboari jakinarazkio zaizkie.

28. artikulua. Auzo alkatea.

  1. Azpeitiko herri-gunetik aparte dauden entitate eta nortasun propioko auzo-errealitate edota populazio-guneek auzo-alkatea aukeratu ahal izango dute hango biztanleen artean.
  2. Figura hori udalaren kudeaketa deszentralizaturako organo bat da.
  3. Auzo-alkatea aukeratzeko prozedura honako hau izango da:
    a) Hautagaitzak Auzo Batzarrean aurkeztuko dira. Auzoko biztanlea eta 16 urtetik gorakoa izan beharko du.
    b) Isilpeko bozketa egingo da, aurkeztutako hautagaien artean aukeratzeko.
    c) Karguaren iraupena hiru urtekoa izango da.
    d) Auzo Batzarrak edozein unetan bota ahal izango du atzera egindako hautaketa, bozka kopuru handiagoa lortuko duen beste hautagai bat aukeratuta.
  4. Auzo-alkatearen eskumen izango dira:
    a) Auzotarrekin bitartekaritza egitea, Udalari aurkezteko auzotarren eskariak aurkezteko, eta auzotarrei jakinaraztea Udalak zabaldu nahi dituen jardueren gaineko informazioa, Auzoari eragiten diona.
    b) Ordezkariak ezagutza zuzenez eta ez hirugarren batzuen bidez ezagutzen dituen inguruabarrei bakarrik dagozkien txostenak egitea. Txosten horiek doanekoak izango dira, Udal Agintarauetan besterik esaten ez bada.
    c) Alkatearen ordezkari pertsonal izanik auzoan, Alkate-Udalburuak edota eskumena duen zinegotziak hari emateko egoki jotako beste edozein jarduera edo zeregin espezifiko edo zehatz. Hori ez da izango, ordea, eskuduntza edo eskumenak eskuordetzea.

IV. Kapitulua. Partaidetza metodologien sustapena

29. artikulua. Partaidetza prozesua zehaztea.

  1. Araudi honen ondorioetarako, partaidetza prozesutzat joko da honako faseak modu integralean aurreikusten dituen hura:
    a) Informazio fasea: fase honetan, eragina jasoko duten herritar guztiei helaraziko zaie esku-hartzeko proposatu nahi den gaia edo proiektua, dagozkion teknika metodologikoak erabiliz.
    b) Herritarren arteko eztabaida-fasea: fase honetan herritarren diagnosi, eztabaida eta proposamenak bultzatzen dira, metodologia egokiak erabiliz.
    c) Itzultze fasea: fase honetan parte-hartzaileei eta herritar guztiei helaraziko zaie erabakiak hartzeko partaidetza prozesuaren emaitza.
    d) Exekuzio-fasea: fase honen bidez herritarrek erabakitakoa betetzeko beharrezko diren erabakiak hartuko dira.
    e) Prozesua bere horretan berraztertzeko fasea.
    f) Ebaluazio-fasea: fase honen bidez ebaluatzen da herritarrek erabakitakoaren betetze maila, azkenean egin denarekin parekatuz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

AURRENA. Udalak partaidetza plan bat egitea sustatuko du, udal antolamendua hobetzeko eta herritarren ekimenekiko irekiagoa egiteko, eta elkartegintza-sarea egituratu eta finkatzeko, bai eta bere herria hobetzeko zereginean esku hartzeko herritarrek duten interesa ere hobetzeko.

BIGARRENA. Partaidetza horretan lagunduko duten eredu, esperientzia edo sistema berriak azaltzen badira, Herri Batzordearen proposamenez, alkateak txertatu ahal izango ditu, ez badute araudi honen aldaketa sortzen. Araudia aldatzea eragiten badute, Udalbatzaren osoko
bilkurak onartu beharko ditu.