Pertsona baten gorpua aurkitu dute Lapatxen

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko api. 18a, 17:54
Zabortegiko langileak eta ertzainak Lapatxen, ateak itxira, gaur arratsaldean.

Zabortegiko langileak izan dira topatu dutenak. Ertzaintza ikertzen ari da, heriotzaren arrazoiak argitzeko. Aurreneko datuen arabera, hildakoa gizonezkoa litzateke. Zabor artean aurkitu dute eta oraindik ez dute zehaztu nondik ekarritako zaborretan ailegatu den zabortegira.

Pertsona baten gorpua aurkitu dute gaur, asteazkena, Lapatxen, bazkalondoko ordubiak aldera. Ertzainek baieztatu dute zabortegiko langileak izan direla gorpua topatu dutenak. Pilatutako zaborrarekin lanean aritzen den makinista bat izan da, antza, hildakoa aurkitu duena; zabortegiko arduradunek alkateari abisua eman diote eta hark, berriz, Ertzaintzari.

Aurreneko datuen arabera, hildakoa gizonezkoa litzateke. Gorpuaren jatorria edota Lapatxen nondik nora agertu den ezin da jakin, ordea. Zabor artean aurkitu dute eta oraindik ez dute zehaztu nondik ekarritako zaborretan ailegatu den zabortegira; hala ere, ustez atzo (asteartea) ailegatutako zaborren artean zegoen hilotza. Gipuzkoako hainbat bailaratako hondakinak ekartzen dituzte Azpeitiko zabortegira; Urola Erdikoekin batera, Txingudikoak, San Markos Mankomunitateko udalerrietakoak eta Debabarrenekoak.

Ertzaintza ikertzen ari da, heriotzaren arrazoiak argitzeko. Zabortegia itxita dago bazkalondotik; hondakinekin bertaratu diren hainbat ibilgailuk bueltako bidea hartu behar izan dute. Ertzainekin eta Lapatxeko langile eta arduradunak egon dira han, eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak ere bai, Eneko Etxeberria alkatea eta Manuel Unanue zinegotzia. Epailea eta epaitegiko idazkaria bostak aldera iritsi dira, gorpua altxatzeko.