Maitane Ostolaza: "Museoaren eta Azpeitiaren harremana estutu nahi dugu"

Urola Kostako Hitza 2012ko api. 19a, 18:43

Berriki hartu du Maitane Ostolaza (Zumaia, 1963) historialari eta doktoreak Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioko zuzendari kargua. Buru-belarri murgildu da proiektu berrian, eta datozen hilabeteetarako dituen asmoak eta helburuak azaldu, eta lanpostuari heldu zionetik izan dituen bizipenak eta sentipenak gogoratu dizkio Urola Kostako Hitza-ri.

Atzerrian urte askoan ikasitakoak Euskal Herriaren mesedetan erabiltzeko desiatzen dago zumaiarra, eta tren museoaren ibilbide berriak ikerketa oinarri izango duela ziurtatu du, baita herriarekiko lotura ere.

Orain arte irakaslea eta ikertzailea izan zara. Gogoz hasi al duzu ibilbide berria?

Ilusioz eta gogoz hartu dut lanpostu berria. Urte asko pasatu dut atzerrian ikasten, eta, ondoren, hainbat herrialdetan lanean. Banuen gogoa han-hemenka ikusi eta ikasitakoak nire herriaren mesedetan erabiltzeko. Lanpostu honek horretarako aukera eman dit, eta nahiz eta zailtasun askorekin hasi dudan lana —"batzuek ahalegin guztiak egin dituztelako hori horrela izan dadin"—, indarrez eta ilusioz beteta jarraitzen dut. Ilusioz eta indarrez, fundazioaren proiektu berrian sinesten dudalako. Fundazioa den museoak aldaketa sakona behar zuen eta, abiatu dugun proiektuarekin aldatuko da. Ibilbide berri eta oparoari hasiera emango dio museoak.

Zein izan da orain arte zure ibilbide profesionala?

Historia ikasketak Donostian hasi nituen, eta Madrilen amaitu. Madrila joan nintzenetik batera eta bestera ibili naiz, hainbat herrialdetan osatu dut nire formazioa. Amsterdamen (Herbehereak) egon nintzen beka bati esker, eta Florentzian (Italia) defendatu nuen doktore tesia. Azkenik, irakasle lanpostua lortu nuen Parisko Sorbonne unibertsitatean, eta bertan ikertzen eta irakasten aritu naiz urte askoan. Ikerketari dagokionean, hezkuntza arloa historiaren ikuspuntutik jorratu dut, batik bat, Euskal Herria testuinguru hartuta. Ikerketa lerro hori ardatz hartuz, hainbat gai jorratu dut; besteak beste, erlijioaren eragina, naziogintzaren bilakaera, kultur eta ideologia anitzen sorrera eta historia, edota industrializazioak Euskal Herrian izan duen eragina.

Etorkizunari begira proiektu berririk abiatzeko asmorik ba al duzue Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioan?

Museoa gizarteari zabaltzea da planteamendu orokorra. Hori nabarmendu nahi dut lehenik eta behin. Daukagunetik abiatuta, erakunde zabala, irekia, dinamikoa eta modernoa egin nahi dugu. Gainera, museo honek inguruan duen eragin kulturala, soziala eta ekonomikoa handitu nahiko genuke, horretarako potentziala baduelako. Gaitasun hori azken muturretaraino eramatea da gure nahia, eta hori lortzeko ezinbestekoa da talde osoaren lana. Kudeaketa pertsonalistetan baino gehiago, talde lanean oinarrituta dagoen kudeaketan sinesten dut. Halaber, iruditzen zait proiektu hau aurrera eraman ahal izateko pertsona bakar bat ez dela nahikoa; talde bat behar da, eta kide guztien arteko elkarlan koordinatua eta esku-hartzea dira gakoa.

Helburu horiek lortzeko lehen pausoa museoa bere inguru hurbilean ondo errotzea da. Norbaitek galdegin dezake: Ez al dago, bada, errotuta? Denbora gutxi daramat karguan, baina izan dudan esperientziaren arabera, ez zait horrela denik iruditu. Ez dakit zein diren arrazoiak, baina uste dut Azpeitiak ez duela parte-hartzerik izan museo honetan. Nik neuk joera hori aldatu egin behar dela uste dut, eta museoa eta herriaren arteko harremana estutu eta parte-hartzea sustatu egin behar direla.

Hilabete hasieran Azpeitiko Argazki Elkartearekin argazki rallya antolatu zenuten museoan. Herriko eragileekin elkarlanean ekimen gehiago antolatuko al dituzue?

Bai,hori da gure asmoa. Hasteko, maiatzerako Urolako trenaren inguruko erakusketa bat antolatu dugu Azpeitiko Argazki Elkartearen laguntzarekin. Horren bitartez Urolako trenari omenaldia egin nahi diogu. Museoaren aurretik zegoen hemen. Urolako trenak bailara honen nortasun kolektiboa sortzen eta garatzen lagundu du, eta Azpeitian eta inguruko herrietan oraindik oso presente dago trenaren oroimena; asko maite dute herritarrek. Berehala ohartu gara horretaz, herritarrei erakusketa antolatzeko laguntza eskatu diegunean oso prest agertu baitira horretarako. Oso erakusketa polita eta sentibera aterako zaigula uste dut. Nolanahi ere, erakusketa hau museoak inguruarekin harreman estuagoa lortzeko egingo duen ibilbide berriaren hasiera izatea nahi genuke.

Beste lan ildo batzuk ere jorratu nahi dituzue, ezta?

Nik lan ildo berriak bi multzo nagusitan bereiztuko nituzte. Bata ikerketa ibilbide berria da, eta bestea museoari dagokion bildumaren birrantolaketa.

Alde batetik, garrantzitsua iruditzen zaigu ikerketa arloa sustatzea. Ikerketari dagokionean, historialaria naizenez, munduko historiografiari dagokionean indarrean dauden joerak eta metodologiak trenaren ikerketari aplikatzea gustatuko litzaidake. Esate baterako, orain arte Euskal Herrian trenaren inguruan egin diren ikerketak ekonomiaren historiaren ikuspuntutik egin dira nagusiki.Trenak Euskal Herrian eragin ekonomiko handia izan zuen. Egun ere hala du, baina horretaz gain, trenak eragin soziokultural nabarmena ere izan zuen XIX. mendetik aurrera, martxan jarri zutenean. Burdinbideen eraikuntzak, esaterako, langile asko mugiarazi zuen, eta haiek izan zuten eragina langile mugimenduen sorreran eta bilakaeran. Trenak gure herrian izan zuen eragin soziala eta kulturala aztertzeke dago oraindik, eta arlo guztiz berriak dira; uste dut hortik jo behar dugula ikerketa berriak bideratzerakoan.

Arlo horretan ekimen jakinak abiatuko al dituzue?

Bai, ikerketa ibilbide berriaren hasiera gisa, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen udako ikastaroen testuinguruan antolatu dugu Trena, sostengarritasuna eta lurralde antolaketa Euskal Herrian gaia lantzeko ikastaroa. Bultzatuko den ikerketa bereziki historikoa izango den arren, trenaren inguruko gaur egungo ikerketa ere sustatu nahi dugula adierazi nahi da horrekin. Udako ikastaroa, gainera, ez da Donostian izango, Azpeitian baizik. Horrela ikastaroak inguruan bestelako eragina izatea espero dugu.

Bildumari dagokionean, berrikuntzak izango al dira?

Museo honen bilduma eta ondarea oso baliotsuak dira, oso garrantzitsua kalitatez eta kantitatez. Horrek ez du esan nahi, ordea, modu egoki batean antolatuta dagoenik. Museora etortzen diren herritarrek trenak Euskal Herrian izan duen eragina ezagutzeko aukera izatea gustatuko litzaidake niri. Horretarako birrantolatu egin behar da bilduma, eta piezak beste era batean artikulatu behar dira. Pieza horiek gaur egun antolatuta dauden moduan burdinbidearen inguruko adituentzat baino ez dira esanguratsuak. Eta guk publiko orokorrarentzat esanguratsuak eta adierazgarriak izatea nahi dugu. Bildumako pieza bakoitzari hitz egin arazi behar zaio, bere testuinguruan kokatuz; makina gizakiarekin lotu behar da, eta gizakia garai jakin batean kokatu behar da. Hori egiteko, lehenik eta behin museoari buruzko hausnarketa estrategiko bati ekin diogu, honako galderei erantzun ahal izateko: museoa zer izatea nahi dugu? Zer zerbitzu eskaini behar ditu? Noraino iristea nahi dugu? Galdera horien erantzunak argi ditugunean, ondorioak museoan bertan hizkuntza museografiko berri batean adieraziko dira, eta bilduma modu egokian gizarteratuko da.

Azken hilabetetan komunikabideetan oihartzun handia izan du lurrinezko trenaren gaiak. Aurrerago trena martxan jartzea aurreikusten al duzue?

Batzuen ustez museoa trenean agortzen da; hau da, museoa trena da, eta trena museoa. Nik ez dut esango lurrinezko trenak garrantzirik ez duenik, ziur aski trena berebizikoa baita museoaren bizitzarako. Horregatik, gure asmoa tren hori ahalik eta azkarren martxan jartzea da. Batzuek lurrinezko trena Aste Santuan martxan jarri ez izatea porrot gisa ulertu dute. Nik honako galdera egingo nieke: norena da errua aurtengo denboraldiaren hasieran lurrinezko trena martxan jartzea ezinezkoa gertatu bada? Gurea edo beste batzurena? Guk ahalegin guztiak egin ditugu tren hori martxan jar zedin. Beste batzuk, aldiz, oso gustura azaldu dira azkenean trenik atera ez delako. Haien blogak eta sare sozialak ditugu horren lekuko. Jarrera hauek, ordea, museoari egiten diote kalte handiena, baita Azpeitiari ere. Dena den, batzuen asmo txarrei eta jarrera oztopotzaileei aurre eginez, lurrinezko trena berriro martxan jarriko dugu. Eta ez trena soilik, honekin batera museo osoa jarriko dugu mugimenduan.

"Denok gara beharrezkoak, inor ez da ezinbestekoa"

Eusko Jaurlaritzak Euskal Burdinbidearen Museoa Fundazio bihurtu, bertako zuzendaria aukeratzeko lehiaketa publikoa antolatu, eta ordura arte museoko arduraduna izan zena, Juanjo Olaizola, kargugabetu zuenetik gaiaren inguruan eztabaida eta gatazka gizartera zabaldu da. Donostiako Lan Arloko Lehen Auzitegiko epaile Maria Pilar Moratak baliogabetu egin berri du Olaizola kaleratu izana, eta EuskoTrenen edo museoan lanpostua itzultzeko agindu du.

Zaila izan al da eztabaida giro horretan lan egitea?

Nahiago dut oraina eta etorkizunaren inguruan hitz egin pasa diren hilabeteez baino, denboraldi gogorra izan delako. Dena dela, lehenik eta behin esan nahi dut polemika horrek guztiak kalte handiena museoari egin diola. Horretaz gain, nire lanari dagokionean ez da erraza izan polemika giro honetan proiektu berria abiatzea. Lehenengo egunetik jarri dute zalantzan nire ibilbide profesionala eta nire pertsona, eta horrek aurreiritzi asko sorrarazi ditu. Badirudi etengabe nire balioa eta abiatu dudan proiektuaren bidegarritasuna frogatu behar dudala. Nolanahi ere, giroa hain agresiboa eta itogarria bilakatzen denean, azkenean ez duzu kontuan hartzen eta zure ibilbidea jarraitzen duzu. Urte asko pasatu ditut atzerrian, eta Euskal Herrira itzultzeko eta nire ezagupenak eta bizipenak jaioterriaren mesedetarako erabiltzeko gogo handia nuen. Itzultzeko hainbat ahalegin egin dut, eta hau izan da horietako bat. Burdinbidearen fundazioaren zuzendaria aukeratzeko lehiaketa publikoa egin zuten, eta ezarri zituzten irizpideen arabera emaitza onena lortu nuenez, nik irabazi nuela jakinarazi zidaten. Zenbaiti irizpide horiek edo emaitza horiek egokienak iruditzen ez bazaizkie, protesta egiteko eskubide osoa dute. Ez, ordea, pertsonak irainduz eta erakundeak zalantzan jarriz.

Eztabaidak berak proiektuari itzala egin diola uste al duzu?

Uste dut orain arte zenbaitek zarata asko atera duela, eta horrek estali ditu abiatu ditugun ekintza positiboak, eta pixkanaka ematen ari garen urratsak. Bestalde, batzuk gatazka hau politizatzen saiatu direla iruditzen zait, eta horrek ere ez dio batere mesederik egin proiektu berriari. Horregatik, iritsi da garaia gauzak diren moduan azaltzeko, eta proiektu berriaren balioa argitan jartzeko, herritarrek bestelako informazioa izan dezaten, eta proiektu berria museoaren mesedetarako abiatu dugula kontura daitezen.

Olaizolak tokirik ba al du zure lantaldean?

Juanjo Olaizolari museoan geratzeko aukera eskaini zitzaion, nik neuk buruan nuen lantaldean leku bat baitzuen. Baina dirudienez denok ez dugu talde lanean sinesten. Jarrera irekia izatea eta elkarrenganako errespetua erakustea eskatzen diet nire taldekideei. Baina zoritxarrez ez zeuden baldintza horiek. Ordutik aurrera egoera okertu egin zen, eta horren ondorioz bera museotik at geratu zen. Astelehenean epaileak bere aldeko sententzia eman zuen, eta horren arabera Olaizolak aukera izango du Eusko Trenera edo fundaziora itzultzeko. Dena den, epaiak ez du inolaz ere fundazioaren egungo zuzendaritza zalantzan jartzen. Egia esan, ez dakit zer gertatuko den berarekin. Edozein modutan, zera nabarmendu nahi nuke: hemen denok gara garrantzitsuak, baina inor ez da ezinbestekoa.