Iurgi Caminos: "'Mailaz gainditua' badaukagu, 'ongi' bat ere bai, orain 'oso ongi'-aren bila goaz eta, zergatik ez, 'bikain'-aren bila"

Uztarria.eus 2012ko api. 19a, 22:19
Iurgi Caminosek aurreneko denboraldia du Lan Mobel zuzentzen. Agazkian, ISB tabernaren atarian.

Lan Mobel Iraurgik Zilarrezko LEB Ligaren fase erregularreko azken neurketa jokatuko du bihar, ostirala, etxean eta A Coruñako taldearen kontra (21:00etan, kiroldegian). Irabaziz gero, sailkapeneko bosgarren postua eskuratuko dute eta, harekin batera, datorren asteartean abian jarriko den igoera faseko aurreneko kanporaketan kantxa abantaila alde izatea. Iurgi Caminos (Donostia, 1978) entrenatzaileak "ilusioz eta anbizioz beteta eta ordua iristeko gogoarekin" ikusten du taldea. Hala kontatu dio Uztarriari.

 

Zer moduz dago taldea biharko partidarako? Bajarik bai?

Ez, zorionez denak ondo daude. Ilusioz eta anbizioz beteta eta ordua iristeko gogoarekin. Azkenean, denboraldia amaierara iristen ari denean entrenatzeko baino jokatzeko askoz gogo handiagoa izaten da eta, batik bat, biharkoa bezalako neurketak tokatzen direnean.

Urrezko LEBerako igoera faseari ekingo diozue datorren astean. Bihar irabaziz gero, bosgarren tokian sailkatuko zinatekete eta horrek kantxa faktorea zuen alde jarriko luke lehen kanporaketan. Helburu garrantzitsua al da hori?

Bihar irabazten badugu bosgarren tokia segurtatu daukagu. Seigarrena Arabako Maquinaria Aurtenecherentzat izango dela ere segurua da. Bosgarren postua lortuz gero, Aurtenecherekin jokatu beharko genuke; bidaia erosoa litzateke eta, gainera, hirugarren partida jokatzea behar izanez gero, etxean jokatuko genuke.

Eta bihar galduz gero, zer?

Zazpigarren, zortzigarren edo bederatzigarren gera gintezke, ikusi egin behar. Kasurik txarrena bederatzigarren geratzea litzateke. Hartara, Ourenseren kontra jokatzea egokituko litzaiguke; bidaia luzea, kantxa faktorerik ez alde eta, gainera, nire ustez igotzeko faborito nagusia den taldearen kontra jokatu behar.

Orain dela gutxi Andorra liderraren kantxan irabazi zenuten eta joan den astean behekaldean dagoen Plasenciarenean galdu. Liga berdintasun handikoa izan da, ezta?

Bai, berdintasun handia dago. Play-off-etarako sailkatu garen hamar taldeen artean, Bartzelona da gainditu ezin izan dugun bakarra, eta bai han eta bai hemen markagailuak oso estuak izan ziren; gainontzeko guztiei irabazi diegu partidaren bat. Horrek esan nahi du parekotasuna handia dela, bihar irabaziz gero bosgarren eta galduz gero bederatzigarren geratu ahal izateak esan nahi duen bezalaxe. Era berean, eta datorren faseari begira, kanporaketak gainditzeko aukerak ere gure esku egongo dira, neurketa bakoitzean eman dezakegun mailaren arabera.

Ligaren fase erregularra bihar bukatuko duzue. Orain artekoaz zer balantze egiten duzu?

Behetik gorako bidea egin dugu. Hasiera nahiko txukuna izan zen, emaitza aldetik batik bat. Gero, abendua oso txarra izan zen; partida guztiak galdu genituen eta, batik bat, gabonetako geldialdiaren aurreko azkenengoa galdu genuenean, etxean eta Plasenciaren kontra, behea jo genuen. Oporrak ondo etorri zitzaizkigun eta, bueltan, taldea pilak kargatuta itzuli zen lehiara. A Coruñan irabazi genuen, konfidantza eman zigun horrek, eta gero beste bizpahiru garaipen kateatu genituen. Kanpoan partidaren bat galdu dugu, baina etxean abenduko Plasenciaren kontrako hura izan zen azken porrota. Ea bihar ere joera horri eusten diogun.

Galizian jokatu zenutenean irabazle atera zineten, baina A Coruña talde ona da.

Dituen jokalariak ikusita, niretzat, ligako hiru talde onenen artean dago. Egia da denboraldi gorabeheratsua egin dutela eta lesioekin-eta arazoak ere izan dituzte. Baina denboraldi amaiera honetan jokalari denak berreskuratu dituztela ematen du eta, gainera, beraiek ere guk dugun gauza bera dute jokoan, bosgarren tokian bukatzea eta lehen kanporaketarako kantxa alde izatea.

Aurreko deboraldian Lan Mobel jaitsi egin zen -gero beste batzuen tokia hartuz maila berreskuratu arren- eta aurten, berriz, igoera faserako sailkatu zarete.

Balorazioa oso positiboa da. Klubak iaz goranzko jauzia eman eta maila berri bat ezagutzeko aukera izan zuen. Gero, zoritxarrez, jaitsiera postuetan bukatu zuen, besteak beste, zortzi partida bost puntuko tartearekin galdu ondoren. Aurten maila berean jarraitzeko aukera izan dugu eta uste dut klubak erakutsi ahal izan duela Zilarrezko LEB liga honetan lehiatzeko gaitasuna baduela. Iaz momentu jakinetan taldeari zorteak bizkarra eman zion bezala, uste dut aurten zorte punttu hori alde ere izan dugula, besteak beste, iazkoa bizi izan zuten jokalarien esperientziak lagunduta. Bi amerikarrekin ere -Alfredo Ott eta Ola Atoyebi- asmatu egin dugu eta, gero, Ibon Guridi azpeitiarra edota Mikel Motos eta Jon Olaizola bezalako gazteek hobetzen joateko eskaini diguten aukera ere hor dago. Guzti horrekin, klubak aurrerapausoa eman eta hazten jarraitzeko modua izan duela esango nuke.

Aurreneko denboraldia duzu Lan Mobel entrenatzen, baita Zilarrezko LEB mailan ere. Pertsonalki, nola baloratzen duzu esperientzia?

Liga ezagutzen nuen, orain dela zortzi urte Bruesa GBC-n bigarren entrenatzaile izan nintzelako. Entrenatzaile nagusia izateak, noski, maila profesionalean aurrerapausoa ematea esan nahi du eta, nola ez, pertsonalki oso positiboa da hori niretzat. Hasiera ez zen erraza izan. 2004an etorri nintzen aurreneko aldiz Azpeitira, orduan jokalari bezala, urteak egin ditut hemen gerora, eta bertakoek adoptatu izan banindute bezala da ia. Niretzat oso erronka polita izan da, klubean jende asko ezagutzen dudalako, taldearen gidaritza hartzeko nigan konfidantza osoa jarri duen jendea. Horrek gauzak ondo egin nahi izateko plus bat ematen dit, taldea gutxienez hartu dudan maila berean uzteko eta, ahal bada, ahal den gorena. Momentuz balantzea ona da, baina bukatzea falta zaigu, benetan zenbaterainoko ona izan den jakin ahal izateko. Mailaz gainditua badaukagu, seguruenez ongi bat ere bai, orain oso ongi-aren bila goaz eta, zergatik ez, bikain-aren bila.

Zer esango zenieke zaletuei, biharkoari begira?

Azpeitian saskibaloirako zaletasuna handia da, eta ez bakarrik gure taldeak jokatzen duenean; Lizuanen partidetan, edota jubenilek eta kadeteek zerbait jokoan izan dutenean, jendea beti dago hor, ez daukagu kexatzerik. Gu gara, jokoarekin eta jarrerarekin, zaletuei animatzen jarraitzeko arrazoiak eman behar dizkiegunak. Ni ez naiz inor inori ezer eskatzeko; nik eta taldeak eman egin behar diogu zalegoari, bueltan haren babesa jasotzeko.