Udalak hamar urterako akordioa sinatu du Ur Partzuergoarekin

Urola Kostako Hitza | Ekonomia | Artikulua
2012-04-20 17:54

Uraren kudeaketaz Ur Partzuergoa arduratuko denez, hil honetatik aurrera uraren ordainagiriak ere berak bideratuko ditu. Zaborraren ordainagiria ere bidaliko du erakunde honek. Beraz, bi zerbitzuen erreziboa batera jasoko da Azpeitiko etxeetan. Hiru hilean behin bidaliko dute ordainagiria. Orainarte zaborrarena sei hilean behin kobratzen zuten eta urarena hiru hilean behin. Bulegoa Erdikalean irekiko dute, lehen Bertan Merkatari Elkartearen bulegoa zegoen tokian bertan (orain Sindikatu Zaharrean dute).

Ur Partzuergoaren bulegoa egokitzen, Erdikalean. (NEREA URANGA)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Hil honetatik aurrera Azpeitiko ur zerbitzuaren kudeaketa Gipuzkoako Ur Partzuergoaren esku egongo da. Azpeitiko Udalak uraren enpresa publikoarekin hamar urterako hitzarmena egin baitu. Akordio horren arabera, Ur Partzuergoak inbertsioak egingo ditu herriko sarean, diru kopuru bat ordainduko dio Azpeitiko Udalari, eta bulego bat jarriko du martxan alde zaharrean.

Gipuzkoako herri askok uraren zerbitzuaren kudeaketa Ur Partzuergoaren bidez eskaintzen dute. Azpeitiko Udalak ere gai honen inguruan erabaki bat hartu beharra zeukala azaldu dute Eneko Etxeberria alkateak (Bildu) eta Manuel Unanue ogasun zinegotziak, "uraren zerbitzuari lotutako sarrera-irteeretan Azpeitiko Udalak urtero 700.000 euro inguruko aldea izaten zuen, eta hori kontuan izanda erabaki beharra geneukan". Hala, udalak hitzarmena egin du Ur Partzuergoarekin.

Akordioa hamar urtekoa da, aurtengo apirilaren 1etik hasita. Epe horren barruan partzuergoak Azpeitiko Udalari 755.000 euro ordaindu beharko dizkio dirutan, eta udalerriko ur sarea mantentzeko, konpontzeko eta berritzeko gutxienez 2.200.000 euro inbertitu beharko ditu. Orain arte, lan guzti horiek Azpeitiko Udalaren esku zeuden, eta ur galerak ere udalak bere gain hartu behar izaten zituen. Udal arduradunen esanetan, "ur sarea oso zaharkituta dago eta berritzeko lan handiak egin behar dira". Udalak hainbat langile zuen ur zerbitzuan lanean, eta orain lan horien ardura Ur Partzuergoaren gain egongo da. Beraz, aurrerantzean langile horiek udalak eskaintzen dituen beste zerbitzu batzuetan jardungo dute.

Ordainagiriak hiru hilero

Uraren kudeaketaz Ur Partzuergoa arduratuko denez, hil honetatik aurrera uraren ordainagiriak ere berak bideratuko ditu. Zaborraren ordainagiria ere bidaliko du erakunde honek. Beraz, bi zerbitzuen erreziboa batera jasoko da Azpeitiko etxeetan. Hiru hilean behin bidaliko dute ordainagiria. Orainarte zaborrarena sei hilean behin kobratzen zuten eta urarena hiru hilean behin.

Ur Partzuergoak herrian bulego bat jarriko du martxan, eta ur zerbitzuarekin lotutako kontu denak bertatik kudeatuko dituzte. Bulegoa Erdikalean irekiko dute, lehen Bertan Merkatari Elkartearen bulegoa zegoen tokian bertan (orain Sindikatu Zaharrean dute). "Alde zaharrean bulegoa jartzea udalak proposatu dio Ur Partzuergoari. Alde zaharra biziberritzeko ahalegin horren baitan kokatu dugu hori", diote udaleko arduradun politikoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa