Udala herriko bide guztiak jabari publikoko ondasun gisa inbentariatzen hasi da

Uztarria.eus 2012ko api. 24a, 12:15
Udalaren helburua da herri-bide horiek zeintzuk diren behin betiko erabakitzea. (Azpeitia.net)

Udalaren helburua da herri-bide horiek zeintzuk diren behin betiko erabakitzea, lege nahiz administrazio aldetik nolako balioa duten finkatzea eta behar bezala inbentariatzea. Horrela, Udal tresna erabilgarria eta erabakigarria izateko.

Azpeitiko Udala herriko bide guztiak jabari publikoko ondasun gisa inbentariatzen hasi da. Udalaren helburua da herri-bide horiek zeintzuk diren behin betiko erabakitzea, lege nahiz administrazio aldetik nolako balioa duten finkatzea eta behar bezala inbentariatzea. Horrela, Udal tresna erabilgarria eta erabakigarria izateko.

Udalekoek esan dutenez, "agoeneko hasi dira dokumentuek, kartografiek, katastroek eta beste iturri batzuek eskaintzen dituzten bilketa lanak egiten, eta SENDO S.M. ingeniaritza enpresako teknikariek eta udaletxeko arduradunek lehen harremanak izan dituzte, lan-dinamika eta azterketaren lehentasunak zehazteko".

Ingeniaritza enpresako teknikariek azaldu dutenez, "lan metodo hori erabat bermatzailea da; batetik, ikerketa historiko-geografikoan oinarritzen delako eta, bestetik, egitasmoa onartu aurretik, Jabari Publikoko Ondasunen Inbentariorako proposatzen den bide baten izaera publikoaren gainean aldeko edo kontrako iritzia agertzeko aukera ematen diolako horretan interesa duen edonori".

Dokumentuetako informazioa kontrastatu ahal izateko, enpresako teknikariak biztanleen testigantzak jasotzen ari dira baserrietan eta auzoetan, "horrela metodologia osatuagoa ziurtatzeko", esan dute. Udaleko ordezkarien aburuz,  "herri-bide sarea ondare oso garrantzitsua eta aberatsa da, izandako erabilerari nahiz kultura-alderdiari begiratuz gero".