Gernikako bonbardaketa azpeitiarren hitzetan

Uztarria.eus 2012ko api. 26a, 11:30

Gaur, apirilak 26, 75 urte dira Alemaniako hegazkinek Gernika-Lumo bonbardatu zutela, eta egun hura gogoratzen ari dira gaur. Uztarriak Lurdes Alberdik (1917) eta Antonio Loinazek (1916) Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburu-ko elkarrizketetan bonbardaketa hartaz kontatutakoak dakarzki gogora gaur.

Lurdes Alberdi azkoitiarra da (1917), eta 1936ko irailaren 20an egin zuen alde herritik, tropa karlistak han sartu ziren egunean berdinean. Orduan hasi zen haren urteetako erbestealdia: Bizkaian lehenengo, Kantabrian (Espainia) gero, eta Frantzian segidan.

Alberdi 1946tik Azpeitian bizi izan da, eta Uztarria Kultur Koordinakundeak 2006ko irailean aurkeztutako Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuan parte hartu zuen (Amaia Mendizabal kazetariak idatzi zuen liburua). Alberdik gertutik bizi izan zuen-eta gerra; Gernika-Lumoko (Bizkaia) bonbardaketa, esaterako.

Liburu berdinean Gernikako bonbardaketa bizitzetik "justu-justu libratu" zen Antonio Loinazen (Azpeitia, 1916) pasarteak ere badira. Gasteizen bizi izan zen Loinaz, baina azpeitiarra zen izatez, eta gudari bezala Errepublikaren alde borrokan ibilitakoa. 2010ean zendu zen.

Hain zuzen, gaur, apirilak 26, 75 urte dira Alemaniako hegazkinek Gernika-Lumo bonbardatu zutela, eta egun hura gogoratzen ari dira gaur. Uztarriak Alberdik eta Loinazek Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuko elkarrizketan bonbardaketa hartaz kontatutakoak dakarzki gogora gaur.

Lurdes Alberdi:

(…)Sukarrietan zeundeten garai hartan Gernikako bonbardaketa bizitzea tokatu zitzaizun.

Astelehenetan Gernikan azoka egoten zen eta arratsaldez hara joaten ginen, trena hartuta. Azkoitiar lagun bat nuen, Bermeon errefuxiatuta, eta harekin elkartzen nintzen Gernikako azokan.

Gernika bonbardatu zuten egun hartan ere joan ginen; 1937ko apirilaren 26a zen, astelehena. Buelta txiki bat eman genuen, eta nire aitarekin eta bere lagunekin egin genuen topo Sukarrietan zeuden beste azkoitiar batzuk ziren tartean. Haiek oinez joaten ziren Gernikara. Ikusi ninduenean, hala esan zidan aitak: "Hor dabilen abioi horrek ez dit batere graziarik egiten. Joan zaitezte etxera. Oraintxe daukazu hurrengo trena, 16:30ean". Horregatik dakit 16:30ak baino lehenxeago hasi zela Gernikako bonbardaketa, tren geltokitik ehun metrora geundela erori zelako lehenengo bonba. "Zer egin behar dugu?". Ingurura begira gelditu ginen. Geltoki alboan fabrika zahar bat ikusi genuen eta han sartu ginen, babestera. Ordura arte sekula ohartu gabe nengoen fabrika hura han zegoenik, baina orduan bai ikusi nuela... Zementuzkoa zen eta luzea, oso luzea.

Fabrikaren barruan pasatu genuen bonbardaketak iraun zuen denbora guztia. Han barruan topatu genuen, gure alboan, Balentxi azkoitiar sastrea. Geurekin batera egon zen.

Eta zuen aita?

Haiek bidean bueltan zeuden bonbardaketa hasi zenean. Metrailatzen hasi zitzaizkien eta pinu artean sartu ziren.

Gu, berriz, fabrika haren barruan. Lurrean zuloa izan bagenu, hantxe sartuko genukeen burua. Dum, dum, dum... Raka, raka, raka... Bonba eta metrailadoreen etengabeko soinua entzuten zen. Une batez geldi-geldi eta isil-isilik egoten ziren, baina berriro hasten ziren.

Denbora luzez isildu zirenean, geure artean esaten genuen: "Akabatu ote da honezkero?". Irten genuen eta dena erretzen ari zen. Non geunden arrastorik ez genuen. Izan ere, bagenekien non sartu ginen, baina gero ezin tankerarik hartu non irten ginen. Gainera, laguna galdu egin nuen. Bakar-bakarrik ni han, beraz. Banekien Sukarrietara joateko zubi bat gurutzatu behar zela eta hara abiatu nintzen. Zubira iristean izkinako etxea erretzen ari zela ikusi nuen, baita pareko etxea ere. Hala, ez zuten uzten zubi hartatik pasatzen. Jendea txalupa txiki batzuetan ari zen ibaia gurutzatzen. "Orain ni hor uretan?", nioen neure artean. Ez nuen nahi, urak beti eman izan dit-eta errespetu handia. Ez dakit nola baina ni, behintzat, zubitik pasatu nintzen.

"Orain zer egin behar dut?". Bakar-bakarrik eta Sukarrietatik bederatzi kilometrora. Kuadrila batekoei Busturiara zihoazela entzun nien. "Horiekin neu", pentsatu nuen. Arrastorik ez neukan zein ziren baina... "Busturiara iristen baldin banaiz, ez da gutxi", pentsatu nuen eta haiekin joan nintzen. Baina behin Busturian, ez ziren hurbildu Sukarrietarekin muga egiten zuen parteraino, askoz lehenago gelditu ziren. Handik aurrera bidean bakar-bakarrik segitu behar izan nuen, gaueko hamabietan, ni nintzen beldurtiarekin...

Zeure kabuz lortu al zenuen etxera itzultzea? Bakarrik?

Bidean nintzela han non ikusi nuen nire aita. Hura poza! "Nolatan irten zara zu nire bila?", galdetu nion. Sukarrietako gure etxearen aurretik errepidea pasatzen zen eta, atarian zeudela, kamioneta bat gelditu omen zitzaien. "Aizu, zure alaba ikusi dut, bonbardaketa pasatu eta gero", abisatu zieten. Alegia, bizirik nengoela jakin zutela. Orduan nire bila irten eta errepidean topatu ninduten. Eta etxera, etxera itzuli ginen biok.

Neure onetik irtenda nengoen, ordea. Edozein soinu txiki entzunda ere salto egiten nuen, sustatuta. Garai hartan niri ikaragarri gustatzen zitzaidan zinema, afizio handia nuen. Horrela, promesa bat egin nuen: zin egin nuen ez nintzela gehiago joango zinemara, baldin eta horren truke amesgaizto hura berehala bukatzen bazen, ordainetan gerra hartatik onik ateratzea lortzen bagenuen. Denbora askoan egon nintzen zinemara joan ere egin gabe, agindutakoa betetzeko.

Gernikako bonbardaketa gertatu eta berehala, han azaldu zen Sukarrietan gure aitaren anaia Antonio. Ezkongabea zen eta beti gurekin bizi izan zen. Gerran hura intendentzian egon zen lanean. Hau da, tropentzako gauzak inguratzen: jatekoa, arropa... behar zena. Kamioneta txiki batekin ibiltzen zen eta zerbait gertatzen zitzaigun bakoitzean, han azaltzen zen beti, laguntzera. Adi egoten zen, non zer gertatuko.

Sukarrietatik alde egitea erabaki genuen orduan, bonbardaketarekin jota gelditu ginelako. Muskizera joatea erabaki genuen. Bizkaia aldean oraindik, beraz. Osaba Antoniok eraman gintuen bere kamionetan. Gero eta gauza gutxiago generamatzan. Egoten ginen leku bakoitzean gauzak utzi behar izaten genituen, eta ez zitzaigun batere inporta, gainera. Halaxe joan ginen Muskizera.

Muskizko herriko abadea arrebarekin bizi zen eta haren etxean ipini gintuzten. Gurasoak, osaba abadea eta lau anai-arreba: ahizpa gaztea, anaia txikia, orduan oraindik gurekin zegoen beste anaia nire hurrengoa, 2 urte gazteagoa eta neu. Nik 19 urte nituen. Anaia gazteagoa, 17 urtekoa, harrapatu egin zuten gero. (…)

Antonio Loinaz:

() Mutrikun zeundeten, oraindik batailoiak osatu gabe.

Gernikan formatu gintuzten batailoietan eta ordena berrien zain gelditu ginen. Gureak Loiola batailoia izena hartu zuen. Eusko Gudarostean osatutako lehen batailoia izan zen. Lino Lazkano bergararra eta Jon Beristegi eibartarra izan ziren gure komandanteak. Loiola batailoiko bigarren konpainiak, gureak, Lartaun izena zuen; honek antzinako artzain baten izena izan behar du. Aldi berean, konpainia bakoitzean hiru sekzio egoten ziren. Gurean donostiarrak, azpeitiarrak eta eibartarrak geunden. Nirekin ibilitako asko hilda daude dagoeneko. Nik orduan 20 urte nituen eta orain 90; alegia, orduan 25 edo 30 urte zeuzkatenak, horiek gaur egun ez dira bizi; 30 urte zeuzkatenek 100 urte izango zituzketen orain.

Behin batailoiak osatuta, gu Otxandiora eta Legutianora destinatu gintuzten; hori zen guri tokatu zitzaigun frontea. Hamabost egun frontean eta astebeteko baimena izaten genuen. Bizkaiko frontean izan genuen lehenengo enfrentamendua azaroaren 30ean izan zen, 1936an, eta benetan tragikoa gertatu zen:

“Gure asmoa Legutianon sartzea zen, baina hasieratik dena gaizki atera zitzaigun. Elizako kanpandorrean metrailadore bat jarri zuten eta handik baja asko egin zizkiguten. Erasoaren hasieran bertan gure kapitaina hil zuten: Ixidro Andonegi. Baita haren laguntzailea ere: Sistiaga abizeneko bat.

Egun osoa eta gau osoa pasatu genituen borrokan, ibai ertzean. Iluntzean, tiroka ari ginela, Joxe Urbieta ‘Mandiolatza’ neukan ondoan. Balak gure ondotik nola pasatzen ziren entzuten genuen eta halako batean hala esan zidan Joxek:

—‘Loinaz, atzetik eman zidatek’.

—‘Atzetik tiroa nola emango zitean ba!’, erantzun nion nik. Joxek bizkarrean sentitu zuena balaren irteera zen, bala aurretik sartu zen arren. Lehertzen ziren bala horietako bat zen, sarreran zulo txikia eragiten zutenak eta irteeran handia.

Azkar-azkar biluztu eta gerrian zauri handia zuela ikusi genuen. Ohatila-eramaileek eraman zuten, baina handik ordu gutxira hil egin zen. Hainbeste baja izan eta gero, ezin izan genuen Legutianon sartu”.

Legutianokoa eta gero, negua iristearekin batera, fronteko posizioak egonkorragoak egin ziren. Gure hurrengo destinoa Albertia mendia izan zen, abenduaren hasieran. Hori Landa eta Legutiano artean dago. Han batailoi komunista bati hartu behar genion txanda, 'Larrañaga' batailoiari.

Negu gogorra izan zen eta, 'Larrañaga'-koek kontatu zigutenez, haietako bi hotzez hil ziren. Ez ginen asko harritu, ez zeukatelako lotarako txabolarik ere eginda. Gu iritsi ginen bezain pronto, egon behar ginen lekua antolatu genuen. Gure sekzioan baziren bi gudari aizkora erabiltzen zekitenak: haien lana izan zen txabola egitea eta bero mantentzea; Martxel Aranburu Keixeta eta Roman Gesalaga 'Agiñetxe' ziren.

Albertia mendian pasatu genituen 1936ko gabonak, eta afari berezia egin genuen.

Legutianoko frontean nengoen bitartean, katarrodun gripea harrapatu nuen. Otxandion medikuak ikusi ninduenean, baja eman eta Gernikako behin-behineko ospitalera bidali ninduen. 1937ko apirilaren 18a zen.

Hortaz, Gernikako bonbardaketa ospetsua bizi izan al zenuen? Apirilaren 26an izan zelako.

Justu-justu libratu nintzen bertatik bertara bizitzetik. Ikusi dokumentu honetan kontatzen dudana:

“Gernikako ospitalean egun batzuk pasatu eta gero, neuk eskatu nion alta medikua emateko ospitaleko zuzendariari. Hala, apirilaren 25ean, igandean, eman zidaten joateko baimena. Horrela, apirilaren 26an, bonbardaketaren egunean, eguerdian irten nuen ospitaletik. Gernikako gure kuartelera joan nintzen eta, bazkari azkar baten ondoren, Intendentziako banaketa furgoneta batean Otxandio aldera abiatu ginen.(...)

Aparteko ezer gertatu gabe utzi genuen Gernika. Jende asko zegoen kalean, astelehenetan asteko azoka izaten baitzen, eta zonalde osoko saltzaileek eta erosleek hartzen zuten parte. Otxandiorako bidean, ordea, abioien zarata entzun genuen. Hasieran abioi bakar batzuk ziren, baina segituan jarraian hasi ziren abioi gehiago eta gehiago iristen eta, horien atzetik, jaurtitzen zituzten bonben zarata. Gasteiztik etortzen ziren hegazkinak, besteek euren esku zeukatelako Gasteizko aireportua. Hasierako une horretan ez genuen pentsatu Gernika bonbardatzen ari zirenik. Gainera, guretzat Gernika gure bigarren etxea zen. Izan ere, azpeitiar asko hartu zituen Gernikako herriak irailaren 20n, gureek Azpeitia utzi ondoren.

Otxandiora iristean jakin genuen Gernika sutan zegoela. Albistea-gatik triste, nire kideak topatzen saiatu nintzen. Gure postua zegoen mendira igo nintzenean, ordea, Espainiako bandera ikusi nuen postuko txabolaren gainean, guk edukitzen genuen ikurrinaren ordez. Inor ez nuen ikusi eta inork ez ninduen ikusi. Beraz, buelta hartu eta lasterka batean jaitsi nintzen gure lerroak zeuden lekuraino.

Azkenean, topatu nituen nire batailoiko kideak. Bazekiten Gernikan gertatutakoa, gure komandante Juanito Beistegi Gernika inguruetara hurbildu zelako gertatutakoa ikustera. Kontatu zigun nola utzi zuten abioi alemanek herria sutan eta jende asko hil zela, horien artean haurrak eta emakumeak.

Gernikako bonbardatzeak sortu zigun sufrimendu handiaz gain, pertsonalki nire aberastasun material guztien galera ere izan zen. Gainean neraman arropa eta ehun pezeta besterik ez nituen salbatu. Berdin gertatu zitzaien nire kideei, euren jabetza guztiak Gernikako kuartelen zituztelako. Nire kasuan, kuartelean neukanaz gain, nire amaren lehengusu baten etxean logela bat izaten nuen, eta arropa eta hiru mila pezeta inguru nituen han. Hori dena ere galdu egin zen Gernikako bonbardaketan.

Dena den, ziurrenik bizitza salbatu nuen, bonbardaketa hasi baino ordubete eskas lehenago irten nuelako Gernikatik. Horrela bizi izan nuen 1937ko apirilaren 26 hura; zalantzarik gabe, egun gogoangarri eta tristea euskal herritarrentzat. Ez nuke kontakizun hau bukatu nahi azpeitiar gudariok Gernikari eta bertako jendeari genion maiatasuna nabarmendu gabe; gure bigarren etxea izan zen, eta beti hartu izan gintuzten errespetu eta maitasun handiarekin”.()