Hondakinak nola kudeatu erabakitzeko prozesua ireki du Udalak

Uztarria.eus 2012ko mai. 9a, 13:54

Hainbat gai landu zituzten atzo, asteartea, ohiko udalbatzarrean, baina alde desberdinen arteko eztabaida hondakinen inguruko mozioek eragin zuten (EAJk, Bilduk eta Hamaikabatek mozio bana aurkeztu zuten). Mozioen bozketan, Bilduk aurkeztutakoa soilik onartu zen.

Hondakinen inguruko mozioen eztabaidan Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziak hartu zuen aurrena hitza. Arangurenek esan zuen "pena" hartu zuela udalbatzarrera gai hori ekartzearekin, "batzordean eztabaida eskas bat besterik" ez dutelako izan. Arangurenen ustez, "hondakinen gaiarekin lasai hasi behar da, luzerako ematen du eta lasai aztertu behar da". Duela zazpi hilabete hartutako erabakiari heldu behar zaiola eta ordutik hona "ezer ez" dela egin kritikatu zuen. Azpeitian atez atekoa jartzeko erabakia "inposizioa" da, eta orain erabakia "makillatu egin nahi da auzoetan batzarrak eginez eta parte-hartze prozesuekin", Arangurenen esanetan. Hamaikabaten mozioan jasota dagoenez, erabaki politiko hori herrian "artifizialki sortu" den eztabaidaren atzean dago. Bestalde, Hamaikabatekoaren ustez, "atez atekoa ezartzeko erabakia ez da serioa", ez duelako "ez azterketa teknikorik eta ezta ekonomikorik ere". Dena dela, Arangurenek esan zuenez, "ez da atez atekoa ez dela eraginkorra, baizik nola aplikatu jakin behar dela".

EAJk onartu egin zuen Arangurenek esandakoa. Baina, bi aportazio egin nahi izan zituen Jesus Larrañagak. Haren ustez, atez atekoak arazo bat dauka: "Inposatzea nahi da". Larrañagaren ustez, atez atekoa ez dator batzordetik, "azkar eta zakar dator". "Erabakia hartuta dago, eta gu ez gaude horren alde", gaineratu zuen: "Helburua murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea da". EAJkoak esan zuen "jendearen kolaborazioa bilatu" behar dela eta Bilduk "azpeitiarrak 'arotik pasatu' nahi" dituela. Larrañagak esan zuen Bilduren mozioa ez zutela onartzen, "ez hitz egitea da-eta zuen nahia".

Bildukoek hartu zuten gero hitza. Eneko Etxeberria alkateak esan zuen Bilduren mozioaren zentzua "Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioan sei hilabetean erabakia hartzeko ituna" dagoela dela. "Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatu egin behar dira", gaineratu zuen. Etxeberriaren ustez, "gaia politizatuta dago, baina hemen ari gara eztabaidatzen. Azpeitiarrek erabaki dute gu hemen egotea, eta patxadaz gaikako bilketak aztertu behar ditugu". Horrela "herrian gehiago birziklatuko da", gaineratu zuen, "birziklapen maila altuena lortzea ahalbidetuko duen hondakinen bilketa sistema diseinatu eta ezarri beharra" dagoela adieraziz.

Bilduko Aritz Epelde zinegotziaren ustez, berriz, "errauskailua eta birziklatzea ez dira bateragarriak". Epeldek jakinarazi zuenez, "parte-hartzea sustatu nahi da, eta gaur egungo sistema aldatu nahi dugu". "Aldaketa zein izango den denon artean aztertuko dugu", esan zuen..

Hori guztia dela-eta, "Azpeitiko Udalaren eta herritarren arteko elkarlana izango da helburua lortzera eramango gaituen giltza", esan du Bilduk. Horregatik, Azpeitiko Udalak "parte hartzeko bitarteko desberdinak eskainiko ditu", eta bilketa sistemaren diseinuan nahiz ezarpenean ekarpenak egin eta erabakiak hartzeko aukera eskainiko zaie herritarrei.