Hondakinak gutxitzeari buruzko hitzaldia izango da gaur

Uztarria.com | Gizartea | Artikulua
2012-05-10 10:28

Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Sindikatu Zaharrean. Ekoshopper nola egin erosketa, zaborra ez erosteko izenburupean emango dute hitzaldia Sanmarko Mankomunitateko kideek.

Atzo hasita, Hondakinen Prebentzio Programaren baitako jardunaldiak egiten ari dira Urola Erdiko Zerbitzuen Udal Elkarteko udalerrietan: Aizarnazabalen, Azpeitian, Beizaman, Bidegoianen, Errezilen, Zestoan eta Azkoitian. Hondakin edota zabor gutxiago sortzearekin lotutako gaiak landuko dituzte herriz herri antolatutako hitzaldietan. Atzo egin zuten aurreneko solasaldia Aizarnazabalgo Lauburun, 19:00etan hasita. Atzokoan elikagaien bankuari buruz aritu ziren. 

Gaur, Azpeitian izango da hitzaldia eta 19:00etan hasiko da, Sindikatu Zaharrean. Ekoshopper nola egin erosketa, zaborra ez erosteko izenburupean emango dute hitzaldia Sanmarko Mankomunitateko kideek.

Urola Erdiko Zerbitzuen Udal Elkarteak azaldu duenez, jardunaldi hauek Hondakinen Prebentzio Programako ekimena dira, eta aurrerako beste kanpaina batzuk egiteko asmoa du. "Urte osoan hainbat ekimen egiteko asmoa dugu, hondakinen inguruan gizartean dagoen kezka, larritasuna eta informazio falta asetze aldera". Aurrena lantzeko aukeratu duten gaia hondakinen prebentzioa da, "hondakinen kudeaketan lehentasun osoa duen lana delako kontzientzia zabaldu eta informazioa banatzea".

Hondakinen kudeaketa egokiena "ahalik eta hondakin gutxien sortzea" dela azaldu du udal
elkarteak. Horren harira antolatu dute atzo hasi zen hitzaldi sorta.

Jardunaldien baitan inguruan martxan dauden hainbat esperientziaren berri emango zaie herritarrei. Besteak beste landuko dituzten gaiak dira: elikagaien soberakina ekiditea; hondakin organikoaren kudeaketa saretua; erosketetan hondakin gutxiago sortzeko aholku praktikoak; industriaguneetako hondakinak murriztea; arropa berrerabiltzea; edota, birziklatzeko ardura.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa