Igeriketako asteburua Azpeitian

Uztarria.eus 2012ko mai. 16a, 12:57
Ezkerretik eskubira, Maialen Aizpuru, Eva Astigarraga eta Aiora Beristain. (Nerea Illarramendi)

Joan den zapatuan eta igandean alebin mailako Igerilari Osoa Saria eta Gipuzkoako XXIX. Eskolarteko Txapelketa jokatu ziren, hurrenez hurren, Azpeitiko igerilekuan. Igandeko proban lortutako emaitzei esker, Eva Astigarraga, Maialen Aizpuru eta Aiora Beristain Zarautzen izango dira maiatzaren 26an Gipuzkoako Selekzioarekin, Euskadiko Eskolarteko Alebinen Txapelketan.

Joan den zapatuan eta igandean alebin mailako Igerilari Osoa Saria eta Gipuzkoako XXIX. Eskolarteko Txapelketa jokatu ziren, hurrenez hurren, Azpeitiko igerilekuan.

Zapatuko sariketan Gipuzkoa osoko 2001ean jaiotako neska-mutilak eta 2000ean jaiotako mutilak izan ziren bertan. Tartean ziren, Izarraitz Igeri Elkarteko sei igerilari. Bakoitzak lau probatan hartu zuen parte: 50 metro tximeletan, 100 metro bularrez, 100 metro bizkarrez eta 100 metro estilo librean. Proba guztietako denborak batuta egiten da Igerilari Osoa Sariketako sailkapena. Azpeitiarren honako emaitzak lortu zituzten: Joanes Astigarraga (9. postua), Iñaki Etxeberria (11. postua), Jakes Arteaga (15. postua), Eneritz Aramendi (18. postua), Jone Goenaga (21. postua) eta Julen Uranga (23. postua).

Igandean, berriz, Gipuzkoan 2000. urtean jaiotako nesken eta 1999an jaiotako mutilen txanda izan zen, Gipuzkoako XXIX. Eskolarteko Txapelketan. Izarraitz Igeri Elkarteko hiru igerilarik hartu zuten parte, eta Izarraitzekoek esan dutenez, "oso emaitza onak" lortu zituzten. Igerilari bakoitzak bi probatan hartu zuen parte. Azpeitiarrek bost domina lortu zituzten; urrezko bat, bi zilarrezko eta bi brontzezko. Urrezkoa Eva Astigarragak lortu zuen 200 metro bularrez proban; zilarrezko dominak Maialen Aizpuruk (200 metro estiloetan) eta Aiora Beristainek (100 metro librean) eskuratu zituzten; eta, brontzezko dominak, Maialen Aizpuruk 100 metro bizkarrez proban eta Eva Astigarragak 100 metro bularrez proban lortu zituzten.

Igandean lortutako emaitzei esker Eva Astigarraga, Maialen Aizpuru eta Aiora Beristain Zarautzen izango dira maiatzaren 26an Gipuzkoako Selekzioarekin, Euskadiko Eskolarteko Alebinen Txapelketan.